Mikel Zubimendi Berastegi

Pandemia eta pandemoniuma

Pandemonium. John Miltonen “Paradise Lost” poema ospetsuan aingeru eroriek Satanentzat eraiki fikziozko jauregi eta hiriburua da, literalki, “demonio guztien lekua”. Gerora kaosa nagusi den lekua eta egoera adierazteko erabili da. Hainbat aditu eta guruek diote pandemia berriak pandemoniumera garamatzala, zuzen, erremediorik gabe. Txarrak okerragoa dakarrela eta, beraz, esperantza oro galtzeko. Mundu berri baten printzak badatozela, bai, baina ez gaixoak, pobreak, adinduak eta ezberdinak zein ongi tratatuko dituen arabera neurtuko den mundua.

Pandemoniumaren apostoluok poliziak, salatariak eta inkisidoreak ugalduko direla ohartarazten digute. Nonahiko kontrola, salaketa unibertsala, mugimendu murriztua, diskurtso itoa, dogma behartua ate joka ditugula. Edozein unetan, edozein aitzakiarekin, indarrean jarriko diren isolamendu agindu berriak. Eta, gainera, ordurako ongi entrenatuta egongo garela, aski simulakro praktikatuta.

Trazu potolotan marrazten diguten munduan, kontaktu errealik gabeko interakzio gehiago izango da, big data eta adimen artifizialak gertutik kontrolatuko gaituzte, telemedikuntzak eta telelanak gora egingo dute, gehiago erosiko dugu online, robotekiko gure konfiantza handitu egingo da, ekitaldi digitalak ugarituko egingo dira eta kirol elektronikoen praktika orokortu.

Eta hipokritak ez izateko esaten digute aurpegira. Ez izateko tranpatiak, etxean geratzeko agindu baino lehen ere praktikatzen genuela isolamendua, elkarri begietara begiratzea eta arretaz entzutea ekidinez. Gobernuek urruntze soziala agindu baino lehen ere, nahiko antisozialak bihurtzen ari ginela, urrunketan aditu. Tabernan eserita zeuden amoranteek testu-mezuak trukatzen zituztela, egongela ilunean pantaila aurrean zeuden senar-emazteek elkarri hitzik esan gabe orduak ematen zituztela eta, mahaian lagun giroan eseritakoan, telefonoekin klik maniatiko betean bizi ginela. Eta orain ez egiteko espantuzko plantak, aurretik ere bagenekielako inkonpetente hutsek gobernatzen gintuztela. Eta ez sinesteko superheroietan, hasieran galduta egon ostean azkenean erabaki zuzenak hartu eta Covid zitala garaituko duten agintarietan. Lehenagoko egoerara bueltatzearen promesa faltsua dela, eta, hala balitz, lehenagoko berdinera bueltatzea, garaipen pirrikoa litzatekeela. Gomendioa ere egiten digute. Pentsatzeko poxi bat eta, pentsatzen jarrita, agintariak koronabirusaren aurrean nola moldatu diren ikusita, eman duten neurria ikusita, onartzeko beste hondamendi klimatiko geldo baino erraldoiago hori etortzean kondenatuta egongo garela.

Pandemoniumaren apostoluen hitzek zer pentsatu eman didate, bai. Inoiz pentsatu baino hauskorragoak garela konturatuko garela uste dut. Eta ideia horrek, nahitaez, forma emango diola egoera honetatik aterako den gure ikuspegiari. Bizitza arruntean, denbora batez behintzat, aldatuko direla elkarren arteko harremanak, nora bidaiatzen dugun, dirua nola gastatzen dugun, nola kudeatzen dugun osasuna edo gureak nola zaintzen ditugun.

Isolamenduak, isolatuta idazteak, imajinatzeko, amesteko, utopiaren mugan bizitzeko, historia berri bat kontatzeko aukera ematen du. Aterako gara honetatik ere eta baloratuko ditugu orduan eroriak, krisia gainditzerik izan ez zuten ideia eroriak. Eta erabaki beharko dugu zein historia nahi dugun idatzi. Pentsatzen jarrita, zein izango da pandemia honetan bizitakoaren, bizirik atera direnek gordeko duten ondarea? Agian pertsona eta herri lez mundu honetan gehien maite eta baloratzen dutenaren aitorpena. •