GAUR8 - mila leiho zabalik
«EZIN DUT GEHIAGO»

Indarkeria matxista are jasanezinago bihurtu du itxialdiak etxe askotan

Indarkeria matxistaren aurreko alarma guztiak piztu ditu konfinamenduak, baina nork daki zer gertatzen ari den? Barakaldon Argitan aholku etxeko telefonoak piztuta daude eta %140 igo dira deiak. Urte luzez jasandako indarkeria psikologikoa ikaragarri gogortu da. Argi diote: «ezin dut gehiago» dioenak harrera etxea behar du.


Bistakoa zen inorentzat erraza ez den konfinamendu egoera honetan, aurretik ezagututako arrisku egoerak areagotu egingo zirela, eta, horien artean, nola ez, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek bizi dituztenak. Hala ere, horren inguruko ia daturik ez dago. Egoerok egon badaudela jakinik, nork artatzen ditu etxeko hormen artean gordeta dauden kasuok? Nor dute emakumeok? Telefonoa aktibatuta, entzun, lagundu eta aholkatzeko prest daudenak.

Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxearen kasua da hori. Ez dira berriak zeregin horretan, hamarkadak eman baitituzte telefonoaren beste aldean eta zuzeneko harremanetan jo eta su lanean, Barakaldoko hirigunean duten bulego txikia aterpe. Eremu txiki horretatik izugarrizko laguntza humano eta kolektiboa eskaintzen diete emakumeei. Hormok hitz egingo balute, milaka emakumeren istorioak kontatuko zituzten. Eta tamalez, konfinamendu egoera honetan, testigantzek bulegora heltzen jarraitzen dute.

Azken hamarkadotan askotariko egoerak ezagutu dituzte. Indarkeria matxistari tinko erantzun diote, Administrazioak bermatzen ez dituen eskubideen alde etengabe borrokatuz Euskal Herriko hiri populatuenetako batean, non eta industriako lanpostu galerak eta prekaritateak kolpatutako Ezkerraldearen bihotzean. Orain bizitzen ari garen konfinamendu egoera bestelakoa da oso, baina hor jarraitzen dute Argitan aholku etxean tinko lanean, indarkeria matxistaren eta prekaritatearen aurpegiak azalarazten.

Urte luzez jasandako egoerak

Mundu mailako pandemia honen erdian, Argitanek telefono bidezko zerbitzua martxan mantentzen du, eta deiek ez dute etenik izan. Are gehiago, %140 igo dira indarkeria sexistak eta prekaritateak eragindako deiak, bi arazo kroniko horien sintoma argiak agertuz eta ia beste inork azalarazten ez duen errealitate gordina ikusaraziz.

Apiril bukaerako astelehen batean bulegora deitu eta Karmele Andresek hartu zuen GAUR8ren deia. Argitaneko ahots beteranoetako bat da, eta honela laburbildu zuen egoera: «Urte luzez jasandako indarkeria egoerak okertu edo bistakoagoak, zorrotzagoak bilatu direla ikusten ari gara. Oro har indarkeria psikologikoko kasuak dira».

Egun horretan bertan, sei dei jaso zituzten. Artatutako egoerak ez dira konfinamenduan hasi, «baina orain agerikoagoak egin dira, batzuk 36 urtez eman dira, beste batzuk 20 urtez, 15 urtez... Gazteenaren kasuan, duela 4 urte hasi ziren tratu txarrak». Gaineratu zuenez, «tratu txarrak lehenagotik ematen baziren ere, egoera jasanezina bilakatu da konfinamenduaren eraginez. Ikaragarrizko tratu txar psikologikoak azaleratu dira».

Bizitzen ari garen egoeran emakumeok ikusten ari dira irtenbiderik ez dutela. Hori kontatzen diote Argitani, eta aske izateko nahia ere helarazten diote. «Normaltasun egoera batean irteteko aukera duzu, seme-alabak hartzera joan, lan egin, lagunekin, amarekin... geratu, beste era batera eramaten da», nabarmendu zuen Andresek.

«Jasotako sei deietan kontatu digute etxeko lanen %100 egiten dituztela, arazo ekonomikoei aurre egiteko ez dutela bikotekide gizonezkoen aukera bera, ez dutela familiako dirua administratzen... Gizarte patriarkal tradizional bateko egoerak ikusten ari gara berriz, diru-sarrerarik ez dutenez, egoera oso zaila da haientzat eta seme-alabentzat», zehaztu zuen.

Indarkeria ekonomikoa

Gaineratu zuenez, ikusten dutena «indarkeria psikologikoa da, baina baita ekonomikoa ere. Bikotekideen agindupean daude eta bi aukera dituzte: banatzea edo egoera berean mantentzea. Emakume batzuek konfinamenduan ikusi dute argi bizi duten egoeraren gogortasuna, eta, beraz, itxarotekoa da konfinamenduaren bukaeran banaketa eta dibortzio zaparrada izatea».

GAUR8rekin hitz egin aurretik dei bat jaso zuen Andresek. Deitu zuen emakumeak «aske izateko gogoa» zuela esan zion. Horrek hemendik gutxira aurkituko dugun beste errealitate bat azalarazten du: «prestazio eskaeren zaparrada egongo da». Datorren errealitateari aurrea hartzeko beharra nabarmentzen dute Argitanetik, badakitelako deitzen duten emakume gehienak langabezian daudela, edo oso soldata prekarioak dituztela, gehienek seme-alaba txikiak dituztela... «Prestazioak irtenbide bakarra izango dira hipoteka edo alokairua ordaintzeko edo biziraupen hutserako», adierazi zuen Andresek.

Noiz da etxetik irteteko unea?

Telefono bidezko harremanen bidez egoeraren larritasunaren norainokoa ezagutzeak ez dirudi erraza. Argitanen argi dute. «Gu saiatzen gara deitzen dutenei argi esaten: ‘arrisku txikiena sentitzen baduzu 112 telefonora deitu behar duzu, hori baita harrera etxe batera heltzeko bide bakarra’». Emakumeek «kategoriazko arreta psikologikoa» behar dutela ere nabarmendu zuen Andresek, «autoestimua berreskuratu eta bizi duten egoera zailetik atera ahal izateko urratsak emateko».

Etxetik seme-alabekin irteteko unea heltzen bada harrera etxea dago, eta 112 telefonora edo Udaltzaingora jotzea dira bertara heltzeko bideak, baina indarkeria psikologikoa ez da sarri fisikoa bezain ikusgarria. «Guretzat, marra gorria etxetik alde egin behar izate horretan dago. Muturreko egoera bat muturreko egoera da, indarkeria fisikoa edo psikologikoa izan. Ezin dugu esan jotzen bazaitu 112 telefonora deitu eta jotzen ez bazaitu ez. ‘Ezin dut gehiago’ hori entzuten dugunean, matxake hori urrunago heltzeko arriskua dago eta, beraz, etxetik irteteko unea da», azaldu zuen.

Deitzen duten emakumeentzako mezu argia dute Argitanen: norberaren burua zaintzearen beharra, norbera lehen planoan jartzearena. «Mezua da zaindu zaitez zu, zure burua lehen planoan jarri, zaindu fisikoki eta emozionalki. Gure burua zaintzen ez badugu autoestimua hainbeste jaitsi daiteke edozer gerta daitekeela. Adin txikikoen edo menpeko pertsonen ardura dutenen kasuan, lehentasunak zehaztea ez da erraza, baina argi izan behar da gure zaintza pertsonala ezin dugula galdu, hori oso inportantea da».

Gomendioak gomendio, indarkeria fisiko bortitza ez dagoen kasuetan zailagoa da biktimarentzat etxetik alde egiteko unea zein den erabakitzea. «Guretzat ‘aguantatzen ari naiz’ hori oso adierazgarria da, horretan ipintzen dugu arreta. Hori esaten hasten zarenean ondo ez doan zerbait dago. Zer, noraino, noiz arte aguantatu behar duzu?», planteatu zuen Andresek.

«Honako mezuak entzuten ari gara: ‘tratu txarra da, baina psikologikoa bakarrik’. Eta jarraian oso egoera bortitzak deskribatzen dituzte, estres egoera horiek pentsarazten dute edozein unetan eraso psikologikoaren marra gainditu eta eraso fisikora hel daitekeela egoera», ohartarazi zuen Andresek. Argi adierazi zigun biktimaren azalean jarri behar dela egoera ulertzen saiatzeko. «Esaten dizuten hori sentitu, enpatizatu, egoera horiek bizi behar dira, ohartarazi ahal izateko heldu dela unea harrera etxe batera jotzeko».

Harrera etxeak, ez aguantatzeko

Aldi berean, isolamendua apurtu eta inguruan babesa dutela sentiaraztearen beharra nabarmendu zigun Argitan etxeko kideak. «Babesa adieraztea beti da garrantzitsua, baina egoera honetan oso inportantea da telefonoa hartu eta inguruko norbaitekin, gurekin... hitz egitea, jakin dezaten bakarrik ez daudela, senitartekoak edo lagunak hor daudela. Jende hori hor dagoela sentitzea inportantea da».

«Konfinamendu egoera honetan ezin da seme-alabak hartu eta amaren etxera noa esan, baina harrera etxea erabiltzea aukera egokia izan daiteke. Instituzioak eta baliabideak horretarako dira, eta horregatik aldarrikatzen ditugu baliabide gehiago. Normaltasun egoera batean eskatzen baditugu, bada, orain, are gehiago, ez daudelako ezta hitz egiteko telefono bidezko baliabideak ere», nabarmendu zigun Andresek.

«016 telefono zenbakitik bideratutako deiak jasotzen ari gara gu. Beraz, zeintzuk dira instituzioen baliabideak? 40, 50 eta 60 minutuko deiak izaten ari gara, eta kasuren batean bi ordu eta erdiko deiak ere egin izan ditugu. Egoera honetan oso inportantea da instituzioen baliabideak benetakoak izatea eta ez hitz hutsak», nabarmendu zuen. Are, «harrera etxeen kasuan, ematen du beharrezkoa dela eraso fisiko bat egotea Ertzaintzari deitu eta etxe batera eraman zaitzaten. Bada ez, baliabideok horretarako daude hain zuzen ere, egoerok saihesteko, ez aguantatzeko».

Entzuten dituzten istorioetan arreta jarrita, Andresek deitzaileek ohiz kanpoko egoerak deskribatzen dituztenean arrisku egoera bat dagoela pentsatu behar dutela nabarmendu zuen. «Gerta liteke une batean zure burua leihotik behera bota nahi izatea. Zer gertatu zitzaion benetan Valladolideko emakumeari?».

Bitartean, instituzioen zerbitzuak oso motz geratzen dira. Adibide bat jarri zuen Argitaneko kideak: «Barakaldoko Udalak arreta juridikoa du, baina ostiraletan soilik eta 09.00etatik 13.00etara. Erabat eskasa da, instituzio baten arreta telefonoak 24 ordukoa izan behar du bizitzen ari garena bezalako egoera batean».

Laguntza juridikoaren arloan antzera gertatzen da. «Banaketen inguruko informazioa eskatzen ari dira deitzaileak, beraien egoera normalizatzeko zein urrats eman jakiteko. Gainera, arreta psikologikoa oinarrizko arretari lotuta egon beharko litzateke».

Zailtasunak zailtasun, Argitanen beti dira entzuteko prest. Aholkua, laguntza, babesa, arreta psikologiko sendoa eskaintzeko prest.

 

Premiazko laguntzak, azkar

Arlo ekonomikoan Argitan aholku etxeak deskribatzen duen egoera larria da. Izan ere, prekaritatea da jasotzen dituzten dei kopurua igo izanaren beste arrazoietako bat. «Datuak hor daude, lanpostuak desagertzen ari dira, eta emakumeak dira seme-alabak zaintzeko lanaldia murrizten dutenak; lanpostu prekarioagoak eta feminizatuagoak dituzte, eta soldata baxuagoak, beraz, diru sarrerak bermatzeko errenta izango da askoren irtenbidea», azaldu zion GAUR8ri Karmele Andresek. Arartekoak berak gomendatu bezala, Lanbidek hausnarketa propioa egin behar duela uste du, «ahalik eta oztopo gutxien» jartzeko eta diru sarrerak bermatzeko «burokraziaren zain» ez egoteko. «Gosea duten familiak daude, diru sarrerak bukatu zaizkielako. Gure ustez, Lanbide aurrez aurreko lana egiten egon beharko litzateke, hitzorduak ematen eta urgentziaz tramitatzen».