GAUR8 - mila leiho zabalik

Kartzelak


XVIII. mendean preso guztiak batera behatu eta kontrolatzeko sortutako espetxe ereduari “panoptikoa” deitu zion Jeremy Benthan filosofo ingelesak. Begi bakar batek puntu jakin batetik preso guztiak batera begira zitzakeen. Gerora, metafora modura, Michel Foucaultek XX. mendean ideia bera erabili zuen gure gizarteari jokaera jakin batzuk nola inposatzen zaizkion irudikatzeko.

Gauden itxialdiaren talaiatik begira jarrita, eskura datorkigu ikuspegi panoptikoa: etxea, auzoa, kalea, mundua, kartzela handi baten modura nola eraiki diguten begiratzeko.

Estatu espainiar guztiahaldunak gizabanakook eta gizartea larrugorritan, biluzik utzi gaitu; geure-geureak ditugun eskubide guzti-guztiak eten dizkigu eta botere polizialaren begi handiaren begirada eta zaintzapean gure ezintasunak inoiz ez bezala agerrarazi ditu.

Kartzela horretan preso sumatu ditugu gure gertuko agintariak ere. Haien esanetan, burujabetza, agintea, autonomia, erabaki gaitasuna, politika, herri eskubideak... ustez sendoak ziruditenak, erdi ustel gertatu dira.

Eguna joan eta eguna etorri erreguka ikusi ditugu, arren aintzat har ditzaten eskean, gure burujabetzak buztinezko hankak dituen egia herritarren aurrean lotsagarri gera ez dadin. Ahaleginak ahalegin, begi bistan utzi du espainiar Estatuak herri gisa dugun ahalmen politikoaren muga. Alarma egoerak eraiki duen kartzela politikoa ezin izan dute mozorrotu.

Etxeetako kartzelak balkoietan ikusgai egin ditugu, ezkontzak, zorion agurrak, pintxo-poteak, festak, musika emanaldiak, txaloak... guztiontzat ikusgai.

Itxialdiak, gutako bakoitzaren barne kartzelak ere estalgabetu ditu. Gure gaitasunak eta miseriak, ahuleziak eta indarguneak azaleratu dizkigu, beldurrak, ezintasunak, emozioak, pozak eta tristurak... Gardenagoak egin gaitu.

Bitarte honetan irakurgai izan dudan horietako batean zioen moduan, milaka “panoptiko” asmatzen ditugun arren, inguruko azpisistema ugari ezkutuan geratzen zaizkigu.

Eta bururatu zait, gure etxeetako ate atzeak balira moduan, inoren begietatik kanpo geratzen direla, besteak beste, etxe horietan tratu txarrez menperatuak dauden emakumeen kartzelak edota espetxe errealetan preso dirauten euskal herritarren eskubide ukatuak. •