GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

ARGAZKILARIAK, ARGAZKIAN


Eskuarki eurek egiten dituzte argazkiak. Horixe da euren lana. Batzuetan, ordea, eurak agertzen dira argazkian. Oraingo honetan, nahiago lukete agertuko ez balira. Joan den osteguneko argazkia da, Realaren Zubietako kirol instalazioen parean, Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteak deituta, futbol zelaietara beren lana egitera sartzeko debekua salatu zutenekoa. «Informazio eskubidea dugu jokoan», diote. Informazio eskubidea eta lana. Ekainaren 11n hasiko da futbol liga, baina informatzaile grafikoek ezingo dute ez entrenamenduen ez partiden irudirik hartu. Futbol klubek eta Futbol Liga Profesionalak zabalduko dituzte irudi horiek. Diotenez, kazetaritza funtsezko jarduera da, baina, nonbait, futbol zelaietan ez. Futbol Liga Profesionalak kontratatu duen agentziako argazkilarientzat izan ezik.

Nahiago lukete agertuko ez balira. Nahiago lukete, nahiago genuke, informazio eskubidea horren sakratua izan gabe ere, errespetatuagoa balitz. Xabier Izaga Gonzalez