GAUR8 - mila leiho zabalik

Bigarren eskuma


Ondo moldatu behar ginela saldu ziguten, garaia zela elkar ezagutzeko eta harreman berriak eraikitzeko. Krisietan konplizitateak sortu daitezkeela. Aprobetxatu behar genuela apur bat hurbiltzeko, kortesiazkoak ziren “egun on” eta “agur” horiek desegiteko, begiradak gurutzatzeko. Konfinamenduak panazea zirudien. Ezjakintasuna, beldurrak eta hasierako “subidoia” sartu ziren kokteleran eta sareak bete ziren bizilagunen arteko istorio idilikoz, maitagarriz, ederrez. Gimnasia, yoga, eskulanak, bizkotxoak eta break dance gehiago egin behar genuela azpimarratzeaz gainera, 2. eskumako bizilagunarekin ondo moldatzeko eskatu zitzaigulako behin eta berriro.

Ez zitzaigun hitz egin aurretik dagoeneko izorratuta zeuden bizilagunen arteko harremanez. Nola kudea zitezkeen itxialdiaren aurretik ere gure onetik ateratzen gintuzten jarrerak, jokabideak, ohitura txarrak (nire garaian etxean saltoka eta korrika aritzea debekatuta zegoen). Hori guztia 24 orduz, zenbat astez izango zen jakin gabe gainera… Goiko zakur zaharraren zaunkak, ume mimatuaren negar tentelak eta gauerdiaren muga pasata jartzen diren garbigailuak. Light, oso light esatearren. Oheko kontuak izan ezik, denetatik entzuten da gaineko pisu horretan.

Ez dut gimnasiarik egin, ez yogarik, ez eta bizkotxorik ere. Harremanik ere ez dut saneatu. Praktikatu dudana pazientzia izan da, eta sexua, ea gutxienez haiek ni entzuten nauten. •