GAUR8 - mila leiho zabalik

Gazteak


Hemen dira berriz ere. Ustez desagertu zirenak; pandemia batek eta derrigortutako etxealdi batek bezatu behar zituenak. Ohi baino gordeago, ohi baino herabeago. Plaza ertzetako bankuetan sumatzen ditugu; petriletan eta espaloi gainetan eserita, susmagarri, mehatxagarri. Gazteak dira. Egiazko gazteak. Ez tarteka mezu progre pare bat botatzen ditugun gazte-ustekook; ez sorbaldan telazko zakutxoren bat edo gerrian utzi itxurako poltsa zarpail bat lotuta daramagun gazte bernizeko heldu kamuflatuok. Benetako gazteak dira. Haurtzaroaren eta helduaroaren arteko amildegia sokarik, arnesik eta kaskorik gabe eskalatzen ari direnak, esku eta belaunak arroka-ertz zorrotzetan urratuta, hormonak abuztuko trumoien gisan lehertzen zaizkien bitartean.

Madrilgo eta Parisko bulego banatan unibertsitatetik pasatako soldata ohoragarridun gizon meadle age kuadrilla bana elkartu zen behinola “normaltasun berria” deituko ziotena diseinatzeko. Badakizue: lehendabiziko fasean tabernetako terrazak eta supermerkatuak bigarrenean; kalera bai baina kontsumitzeko edo gure gorputz maskalduetako giharrei herdoila kentzeko bakarrik. Beren beharren arabera erabaki zuten besteonak zein izango ziren. Eta hala pilatu gara eguzki galdatan, garagardo markaren baten izena daraman aulki batean esertzeko “Tronuen Dema” epikoetan sartuta. Uztailean turistei harrera egiteko prest. Eta orduan ikusi ditugu. Oraindik lehendabiziko soldatarik kobratu ez eta hogeita hamar urteak bete arte behintzat bekadun izatera kondenatutakoak; institutuak itxita dauzkatenak, udan festarik izango ez dutenak. Hortxe, guri begira. Eta ikaratu egin gaituzte; guk hain zintzo betetako aginduak ez obeditzea leporatu diegu. Arduragabeak direla, berekoiak, gaizki heziak. Elkarrengana itsatsitako gure terrazetako tronuetatik. Hondartzak bete dituztenak gure adinetik haienetik baino gertuago dauden arren.

Susmagarriak baitira gazteak. «Ezaren gudaz baietza sortuz, ukazioa legetzat hartuz» aldarrikatzea ondo dago, seme-alabak kantu-lerroak eguneroko praktika bilakatzen hasten diren arte. Beren ereduak, beren inguruak eta beren iritziak eraikitzen hasten diren arte. Mehatxagarri zaigu bere balio eskala sortzen ari denaren desobedientzia sistematikoa. Are mehatxagarriago lagun sarea zabaltzeko premia biologikoz dabilenaren besterengana hurbiltzeko joera. Gu ere umetzat hartu gaitu “Aita Estatu” agindu-emaileak, eta hatzaz seinalatzeko moduko errudun bila ari gara. Eta bi hilabetez beren gorputzetan kabitu ezin eta etxean sartuta eduki ditugunak baino biktima hoberik ez dago. Galdetu poliziari bestela. Gaztetxeetan zaintza sareak osatu dituzten arren, telelanean bataiatu gabeko gurasoei ikastaro trinkoak eman dizkieten arren. Denok gazte izan nahi dugun mundu honetan, nork izan nahi du, benetan, gazte? •