Itziar Elizondo
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Galderak

Sistema ekonomiko suntsitzaile honek ekarritako egoera pandemiko berri honetan, etorkizuna irudikatzeko baieztapen erabatekoak baino, galderak ditugu. Asko eta askotarikoak. Ustez txikiak diren kontuetatik hasi eta ustez handiak diren gaietaraino. Zeren eta, kasurako, pandemiarekin ikusi dugunez bizitzak bizirauteko beharrezkoa du mikroaren eta makroaren arteko hartu-eman orekatua. Beraz, ez dago ez txikirik ez handirik den konturik, dena baita erreala eta esanguratsua. Eta, pandemiak jarri gaituen ataka sistemiko honetan, nondik hasi galderak egiten? Mikroa eta makroa gorpuzten den errealitate gertukoenetik hastea pentsatu dut: pertsonetatik. Baina pertsonak eta haien egoerak askotarikoak direnez, sexuari, generoari, arrazari, klaseari, hizkuntzari erreparatuz, denon bizi-unea baldintzatzen duen kondizio batetik egingo ditut galderak: adinetik.

Haurrak eta nerabeak: Nola haziko gara besteon gorputza kutsadura-iturri gisa ikusten badugu? Nola jolastuko gara? Nola ikasiko dugu besteekin aritzen? Pantailarekin bakarrik izango gara seguru? Pandemiak gero eta ohikoagoak izango dira gure bizitzetan? Eta dena pikutara botatzen baldin badugu eta lagunak elkartzen bagara ezkutuan edo, are hobeto, irekian, hemendik aurrera morbo gehiago izango duelako? Nola ligatuko dugu?

Helduak: Aro pandemikoan sartu berriak al gara edo covid-19arena unean uneko krisialdi bat baino ez da izango? Lehenengoa balitz gutxiago arituko ginateke irekian eta gehiago etxean. Horrek nola baldintzatuko luke gure bizitza soziala eta familiarra? Nola egingo dugu aurrera segurtasun materialik gabe? Nolakoak izango dira sexu-harremanak bikoterik ez badugu? Seme-alabak munduratzea arrisku handiko praktika bat izango al da? Jarraituko dugu onartzen gure burua ustiatzea lau sosen truke? Nola antolatuko dugu borroka politikoa benetan eraginkorra izan dadin munduaren dibertsitatea eta justizia soziala sistemaren epizentroan txertatzeko? Nola bateratuko ditugu lana, familia eta seme-alaben hezkuntza horien guztiaren antolamendua bera hankaz gora dagoenean? Nola bidaiatuko dugu? Zer-nolako aukerak izango ditugu beste errealitate batzuk ezagutzeko? Nola elikatuko gara? Nola kontsumituko ote dugu? Asmatuko al dugu lurrarekiko harremana orekatzen? Eta zahartzen garenean babestuta egongo al gara?

Nagusiak: Lasai egoteko aukera izango al dugu ahultzen eta gaixotzen garenean? Izango al dugu aukerarik, ezer gutxi bada ere, haurrekin eta gazteekin iritziak eta esperientziak trukatzeko? Zer gertatuko da gure bilobekin, asmatuko al dute aurrera egiten? Denbora pasa ahala gero eta gehiago garen arren, munduaren alde honetan entzungo al da gure ahotsa agenda publikoetan? •