GAUR8 - mila leiho zabalik
EMAKUME AITZINDARIAK

«Emakumeak teknologiaren historian», ahanzturaren aurkako urrats txiki bat

Hutsune bat sumatu zuen Gontzal Avilak teknologiaren historia kontatzean. Leonardo da Vinci, Arkimedes... eta emakumerik bat bera ere ez. Teknologian ez ezik beste arlo askotan ere ekarpen asko eta garrantzitsuak egin dituzte emakume askok, ordea. Horiek ahanzturatik ateratzeko «urrats txiki bat» egin du bere liburuarekin.


Funtzio garrantzitsua betetzen duen tresna baten aurrean gaudela, haren asmatzailea ezezagun badugu, seguruenik gizon bat etorriko zaigu burura berehala. Hala ere, teknologiaren arloan ez ezik beste guztietan ere, emakume askok ekarpen nabarmenak egin dizkiote gizateriaren aurrerabideari. Eurak, ordea, ez dira nabarmendu. Ezezagunak dira kasu gehienetan. Gaur egun emakume horietako askoren gainean gero eta gehiago dakigu; esate baterako, Gontzal Avilak Erein argitaletxearen eskutik argitaratu berri duen lanari esker, besteak beste. Joan den astean aurkeztu zuen “Emakumeak teknologiaren historian” liburua, teknologiaren esparruan ekarpenak egin dituzten emakume asmatzaileen eta aitzindarien istorioen berri ematen duena.

Honela dio egileak hitzaurrean: «Gutxik lortu dute aitortza, beren asmakizunetatik eta lanetatik bizitzea eta gizartearen esker ona jasotzea. Gehienak, tamalez, ez dira aintzat hartuak izan, eta, horien artean, asko dira gutxietsirik eta zangopilaturik bizi izan direnak. Makina bat hil dira pobrezia gorrian ere, haien sormenaz baliatu den gizarteak baztertuta eta ahaztuta, askotan».

Hutsune nabarmena hezkuntzan

Gontzal Avilak irakaskuntzan dihardu, azken urteetan teknologiaren arloan, eta bere jardun horretatik sumatu du horrelako lanen beharra. Iosune Avilak, berriz, liburuaren ilustrazioak egin ditu. Aurkezpenean, bere lana egiteko lehen aldiz tableta bat erabili duela esan zuen eta, 150 emakume horien bizitzari dagokionez, irakurle gisa liluragarriak iruditzen zaizkiola haien atzean dauden istorioak, oraingo eta aurreko belaunaldietako emakumeek aurrera egiteko gainditu behar izan dituzten oztopoak ikusita. Halaber, objektuen ikuskera aldatu egin zaiola esan zuen ilustratzaileak: «Hozkailua ikusten dudanean, ez da lehengo objektua, baizik eta zerbait sakratua, haren atzeko istorioa, asmatu zuen emakumea eta beste emakume asmatzaileen bidea ikusten ditudalako».

Egileak ohartarazi zuenez, liburu hau irakurtzen duenak ez du historia liburu bat aurkituko, istorioen liburu bat baizik: «Izandako arazoen eta aurrera ateratzeko egindako ahaleginen liburua». Lanaren hazia emakume batek, Hedy Lamarrek, jarri zuela gogoratu zuen. Emakume haren bizitzak harritu egin zuen. Zinema munduan oso ezaguna zela, handik kanpo oso garai zailetan bere kabuz teknologia garatzeko gai izan zen, Ingeniaritza ikasi eta torpedoak gidatzeko sistema bat asmatu zuen. Hori izan zen arreta eman zion lehen biografia. Ondoren, beste batzuk irakurri zituen, hala nola Ada Lovelacerena, liburuko lehen biografia, haien hurrenkera alfabetikoa baita. Eta ikertzen hasi zen. Ikusi zuenez, Interneten bazegoen «mundu bat» teknologiarekin lotutako emakumeez hitz egiten zuena: blogak, Wikipedia… eta informazioa biltzen hasi zen, hezkuntza mundutik hutsune nabarmen bat sumatzen zuelako: «Leonardo da Vinci, Arkimedes eta beste asmatzaile batzuez hitz egiten da beti, baina badaude emakume oso interesgarri batzuk ere asmakuntzen munduari lotuak».

Euskaldunak ere bai

Liburuaren azalean hegazkingintzan jardun zuten lau emakume ageri dira. Haietako bat, Bessie Coleman, Texasko emakume beltza, umetan eskolara joateko egunero sei kilometro egin behar zituena. Abiazio lizentzia lortu zuen lehenengo emakume afroamerikarra izan zen. Beste batek, Beatrice Tilly Shillingek, Bigarren Mundu Gerrako hegazkinek zuten arazo bat konpondu zuen: ginbalet eran jaisten zirenean, erregairik gabe gelditzen ziren bat-batean, eta emakume hark aurkitu zuen konponbidea. Horiek eta beste laurogeita lau emakumek osatzen dute lehen kapitulua.

Azken 200 urteetakoak eta atzerritarrak dira gehienak, zenbait kontinentetakoak eta askotariko hainbat arloetakoak: traktore enpresa bat daukan Indiako emakume bat zein Afrikako beste bat, trafikoa zuzentzeko robot bat asmatu zuena.

Edonola ere, euskaldunek edo euskal jatorrikoek ere badute tarte bat, bigarren kapituluan, hain zuzen. Sei emakumeren istorioa kontatzen du, eta gehien harritu zuten biak aipatu zituen Avilak. Cesarea Garbuno errenteriarrak Estatu espainoleko lehenengo petrolio-findegia abian jarri zuen, baita Ameriketako Estatu Batuetatik Euskal Herrira petrolioa ekartzeko lehen ontzia ere, oraindik kaleak argiztatzeko bale-gantza erabiltzen zenean. Bigarrena, Mercedes Diaz arabarra, Vasco-Navarro trena igarotzen zen Laminoriako geltokiko burua izan zen joan den mendeko 20ko hamarkadan. Akats bat zela-eta, tren bati bide eman zion eta istripu bat izango zela konturatu zen berehala. Elektrizitatea mozteko agindua eman eta istripua saihestea lortu zuen. Horren ondorioz, baina, agindu hura zuzena ez omen zenez, «eta segur aski emakumea zelako», erbesteratu egin zuten Madrilera.

Euskal Herriko emakumeen gainekoa da hirugarren atala ere, bertako zenbait emakume-kolektibo baitira protagonistak: batelariak, liho-ehuleak eta zigarrogileak, «beren familien, herrien edo hirien bilakaeran nolabaiteko protagonismoa izan dutenak».

Laugarren kapituluak beste 58 emakumeren gaineko informazio laburra ematen du. Haietako askori buruzko informazioa aurkitzea ez dela erraza izan dio Avilak, bai aurkitu ez duelako, bai atera nahi izan dituen ahanztura horren adibide direlako: «Horien inguruan badago zer ikertua».

«Urrats txiki bat baino ez»

Hezkuntza arloan erabilgarria da liburua, zalantzarik gabe, baina egileak uste du edozeinek irakurtzeko moduko istorioak kontatzen dituela. Gehienak ezezagunak eta hunkigarriak, denak ere jakingarriak.

Egileak GAUR8ri diotsanez, liburu honekin jendeak gozatzea nahi du lehenik eta behin: «Istorioak nahikoa erraz irakurri eta ulertzeko modukoak dira, irakurketa atsegina». Dioenez, zailtasun bakarra kontu teknikoren bat izan daiteke; horregatik, azken atala zenbait kontzeptu argitzeko glosario bat da. Hori bai, egileak gustura jasoko luke irakurleen iritzia, eta akatsen bat topatuko balute hura jakinaraztea ere eskertuko luke.

Liburu hau baino lehen, saiakera eta narratiba liburu eta artikulu ugari idatzi ditu Avilak. 2018an, azken lan honen beste bertsio bat argitaratu zuen hezkuntzari begira. Hala ere, bildutako biografia eta informazio asko bazter gelditu ziren eta iaz Ereinek argitaratutako bilduma osatzeari ekin zion. Edonola ere, oraindik asko falta dela dio, «teknologiarekin, asmakizunekin, enpresarekin eta beste hainbat arlorekin zerikusia izan duten emakumeak nabarmentzeko eta egokitu izan zaien egitekoa zalantzan jartzeko». Liburu hau, beraz, urrats txiki bat baino ez da. «Liburua bukatu ondoren, artxiboan beste istorio asko ditut oraindik, hemen sartzerik izan ez ditudanak. Horregatik, zeregin handia dago honi dagokionez. Interneten badaude blogak, wikiak eta abar, eta maiz pertsonaia berriak aurkitu daitezke; beraz, lan honek jarraipena izan dezake, jakina. Are gehiago, agian, emakume euskaldunen munduari dagokionez. Horiek benetako aurkikuntza izan dira. Hor ere badago zereginik».

Gizon baten izenean

Istorio horien guztien artean denetatik dago, bukaera tristeak eta zoriontsuak. «Bi aldeak ditu liburuak, istorio tristeak, eta oro har tristea da ezkutuan egon izana, eta alde pozgarria, orain azaleratu izana». Tristea da, edonola ere, lehenago ezagutu ez izana, egileak dioenez.

Aurkako testuinguru batean, aitorpenik jasoko ez zutela jakinda, are onarpenik ere ez zutela jakinda eta maiz gaizki ikusita ere, emakumezko haien meritua handiagoa dela uste du Avilak. Azaldu duenez, mendeetan egiten zituzten asmakuntzak eta sorkuntzak ezin izan dituzte beren izenean jarri ere egin, askotan senarraren, aitaren edo anaia baten izenean jarri behar zituzten.

Emakume haien asmakizun asko etxeko tresnak ziren: hozkailua, ontzi garbigailua… «Ezinbestean, emakume askok beren sormena etxeko bizitzaren inguruan garatu dute. Baina hortik ere atera behar ditugu, badaude-eta beste arlo batzuetan aritu diren emakume asko: informatikan, telekomunikazioetan, astronomian, astronauta gisa… Eta, gainera, emakumeok, horrekin batera, borrokatu behar izan dute enpresaburu askorekin, gizartearekin... Izan ere, askotan gizartea baliatu egin da emakumeok egindako asmakuntzez eta haietako askok gaizki bukatu dute, pobrezia gorrian, ahaztuta bizi izan ondoren. Izugarria da, herri baten alde egin duten esfortzua eta gero nola ibili behar izan duten, abandonatuta».

Denak ez dira asmatzaileak eta, esan bezala, badira teknologiako hainbat alorri lotutakoak. Adibidez, hegazkinlari asko daude, eraikuntzako egiturak egiten zituztenak, energia eta ingurumenari lotutakoak; ugari dira, halaber, autogintzan jardun zutenak ere. «Gaur egun autogintzan ditugun hainbat aurrerapenen aurrekariak emakumeotako batzuek sortuak dira», azaldu du egileak. «Badirudi emakumea eta autoa, edo emakumea eta teknologia beti bateraezinak izan direla, baina emakumeek egindako hainbat asmakuntzak gezurtatu egiten dute irudipen hori».

Gaur egun zientzia eta teknologia adarretako ikasketak hautatzen dituzten emakumezkoen ehunekoa gizonezkoena baino askoz apalagoa da, eta arlo horietan lanpostu kaskarragoak dituzte. Horri ere erreparatu dio Avilak, eta bere lanak hori nabarmentzeko balio izatea nahi luke: «Egunkarietan askotan irakurtzen dugu lanpostu asko teknologiaren arlotik etorriko direla, bada, arrakala hori txikiagotzen eta gauza horiek bideratzen badugu bai erantzukizuna». Oso garrantzitsua iruditzen zaio hezkuntzatik hori bultzatzea.

Bestelako lan askotan ere jardun izan dute emakumeek aspaldi luzetik. Baita gizonen lantzat jotako askotan ere. «Erdi Aroan katedralen eraikuntzan aritzen zirela badakigu, denetariko lanak egiten», azaldu du. «Askotan pentsatzen dugu lehengo egoerak txarrak zirela, baina pentsa dezakegu azken mendeetan zenbait alorretan okerrera egin dutela. Hori historialariek esan behar dute eta ez naiz horretan sartuko, baina atentzioa eman zidan Erdi Aroan emakumeak zer eta zenbat lanetan zebiltzan ikusteak».