GAUR8 - mila leiho zabalik

Oheko korapiloak


Gure desirek eta praktikek beti jasan izan dute kanpoko begiraden iritzia. Kanpotik ezarri zaizkigu arau eta moralak, gure nahiak baldintzatzen dituzten epaiak. Zer egin daitekeen, norekin, non, nola, noiz... Normatibitate horren aurka borrokatzen garenak asko gara, badakigu pertsona asko geratzen garela bazterretan eta, horrek, tratu txarrak dakartza. Bazterketa oro, indarkeria baita. Edo ez?

Oso zaila da inor baztertzen ez duen pentsamendu, ideia, ideologia, erlijio, politika... aurkitzea. Ona eta txarra, onargarria eta onargarria ez dena sailkatzen ditugulako. Beharrezkoa da, noski, baina jakin behar dugu gureak ere badituela bazterrak, eta horiekin zer egin ez da hain erraza. Edo bai?

Gure ideia propioak sortzeko bidaia horretan fase askotatik murgiltzen gara; batzuetan zeren aurka gauden argi daukagu, gauzak nola ez ditugun egin nahi. Besteetan gure nahiak asetzeko eta modu horretan bizitzeko bideak bilatzen gabiltza, gure izateko modu bakar honetan maite eta zaintzen gaituzten pertsonak aurkitu nahian ibiltzen gara beste batzuk... Baina zer gertatzen da pentsatzen eta nahi dugunaren artean kontraesanak ditugunean? Zer gertatzen zaigu gure ohea ez denean gure ideologian sartzen? Monogamian ez sinetsi eta betirako harreman bat nahi dugunean, genitaletatik haratagoko erotikan sinetsi eta enpotratuak izatea gustatzen zaigunean, edertasun ereduak zalantzan jartzen ditugunean eta gustuko ditugunak bertan sartzen direnean... Hemen dator drama. Betebeharrak eta desirak ez baitira oso ondo eramaten, desirek beren bide propioa baitute, beren esentzia eta, askotan, pentsamenduak ez daki horiek nola ulertu, ezta nola kudeatu ere.

Kanpokoarekiko ditugun ideia eta iritziak, gure ohean ere sar daitezkeela kontuan izan behar dugu. Askotan erraza egiten zaigu kanpokoa epaitu eta horren aurka borrokatzea (meriturik kendu gabe), eta, beste askotan, gure azalean, gorputzetan, gure erotikan gertatzen zaizkigunean, zer egin ez dakigula aurkitzen gara. Asko dira gugana hurbiltzen direnak horrelako buruko minekin. Azken finean, nork ez ditu kontraesanak?

Kontraesanak izateak ez gaitu okerragoak egiten, hazten jarraitzeko bide bakarra dela uste dut. Gure desiren aurka borrokatzeak ez digu onurarik ekarriko, desirak askeak dira, beren esentzia propioa dute, aldakorrak dira... Desirekin zer egin erabaki dezakegu, hori da dugun aukera. Ez dezagun ahaztu denak garela desberdinak, gure modu bakar eta errepikaezinean. Ausartu gaitezen gu geu izaten, ohean eta kanpoan, hori baita daukagun erronkarik handiena. Gure buruarekiko geroz eta epai gutxiago izan, geroz eta errazagoa izango baita gure bizitzaren ardura hartzea. Epaiek ez digutelako hazten uzten eta dagoeneko baditugu nahiko (eta gehiegi) kanpotik ezarritakoak. Ez dezagun gure burua geuk gehiago estutu. •