Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Gaur da eguna

Egun luzeena. 2020 bisurte luzeko egun luzeena. Gaur, ekainak 20, gaueko 23:43an izango da udako solstizioa. Orduantxe egongo da, izenak berak dioen bezala, “Eguzkia geldirik”, ortzimugarekiko bere goranzko ibilia eten eta beheranzkoa hasiko duen unean, alegia. Horregatik hauspotzen dugu, antza, Eguzkia, gaurko egunez, su handi bat piztuz. Bere indarrak udan iraun dezan, uzta oparoa izaten lagundu dezan, edota, zergatik ez, oporretan morenito jar gaitezen. Hori dena, baina eta batez ere, suaren bidez purifika gaitezen, erretzen gaituena sutan errez, eta suaren gainean jauzi eginez, gure gorputzeko espiritu txarrak garbituz. Hori bai, koronabirusak garbitzeko ez du balio antza, eta are, birusa zabaltzeko bide izango delakoan, debekua ezarri eta solstizioko surik gabe geldituko da aurten herritar andana.

Txirrindulariok aspaldidanik dakizkigu gidariek metro eta erdia kalkulatzeko dituzten zailtasunak... ezin da herritarrekin fio. Horregatik dira lantoki, ikastetxe eta tabernak espazio seguru bakarrak, segurtasun eta osasun neurrien adibide paradigmatikoak direlako. Horietakoren bati sua eman ezean, ez da beraz segurua izango gaurko egunez surik piztea. Dena dela, konfinamenduaren eraginez naturak kutsadurari buelta eman dionetik, ikasleek paperezko apunterik ez dutenetik... ez dago jada ezer sutan erretzekorik. Eta gelditzen den apur hori ere laster desagerrarazi eta balioan jarriko du Repsolek Bilboko Portuan eraikiko duen energia berriztagarrien plantak. Pasa den urtean 2.300 milioi euroko irabazi netoa izan zuen enpresak, 80 jarriko ditu lau urteren buruan martxan izango den planta eraikitzeko. Gorbata berdea jantzita eman du apustu handi horren berri J.J. Imazek, munduko ehun enpresari kutsatzaileen artean egoterik merezi ez duela aldarrikatzeko edo. Buelta eman nahi diote egoerari eta planta pionero horren bidez karbonoan neutroak izango diren erregai sintetikoak ekoiztu nahi dituzte; eguneko 50 barril! Ekarpen itzela, determinantea, Petronorrek egunero ekoizten dituen 220.000 erregai barrilak deskarbonizatzeko bidean.

Konbustioak nola funtzionatzen duen dakien inork behar bada galdetuko du zer demontre ote den karbonoan neutroa den erregai bat. Ba begira, Muskizko findegiak airera botatzen duen karbono dioxidoaren zati bat bildu, energia eolikoa erabiliz uraren elektrolisitik ateratako hidrogenoarekin presio eta tenperatura handietan nahastu eta produktu gisa lortzen diren erregaiei deritze karbonoan neutroak. Erregai horiek auto, hegazkin edota kamioiek erretzen dituztenean, karbono dioxido bilakatuko dira berriro, baina aurrez Muskizen botatakotik aurreztu direnez, balantzea netoa da. Ez hori bakarrik, pirolisi instalazio bat ere egingo dute, aurrez aipaturiko hiriko hondakinak errez, karbono dioxido gehiagoz elikatzeko erregai sintetikook. Ez al da ideia biribila?

Gaur da eguna, solstizioko suak ekidinez herritarren osasuna zaintzeaz gain, planetaren osasuna ere zaintzen ari garena.... •