04 JUL. 2020 analisia Intentsitate txikiko kanpaina Hauteskunde kanpaina sedukzio jolas bat da. Alderdien mezuek ertz guztiak dituzte neurtuak, kolorez eta formaz esan nahi dutenera ahalik gehien hurreratzeko. Lehendik xarmatuak dituztenei eustea eta berriak limurtzea, horixe helburua Amagoia Mujika Telleria Kanpaina ageri zaigu buzoietan, albistegietan, sare sozialetan, paretetan. Inoiz baino apalago akaso? Intentsitate txikiko kanpaina dirudi, herrietan propio hauteskundeetarako jarritako iragarki panelak ez dira guztiz betetzen, mitinetan neurtuak daude distantziak eta kopuruak, orokorrean alderdi gehienek –salbuespenak badira– ez dute zalapartarako aldarterik agertu. Pandemia latz baten itzala sumatzen da. Baina horrek ez du esan nahi mezuak, koloreak eta formak neurtuak ez daudenik. Botoa eskatzea arte bat den neurrian eta intentzio bat duenez, ertz guztiak daude pentsatuak. Borja Goitia pasaitarrak ibilbide luzea marraztu du diseinuaren munduan. “Egin” egunkarian hasi zen. Gerora, Elkar argitaletxeko arte zuzendaria izan da, eta egun Elkar Sareko diseinu arduraduna da. Diseinu grafikoko irakasle lanetan ere aritu da, hamaika tokitan argitaratu ditu bere lanak eta sari garrantzitsuak lortu ditu. Hauteskunde kanpainako mezuak, argazkiak, tipografiak, argazkiak, koloreak, formak... lupaz begiratzen dituzten horietakoa da. Begira diezaiogun kanpainari bere begietatik. «Lehen begiratu orokorrean, intentsitate txikiko kanpaina dela esango nuke. Kanpaina atipikoa da. Kalean ez dauka presentzia handirik eta sareetan ere, neurtua. Pentsa, niri kostatu egin zait Alderdi Popularraren kartelak topatzea. Irudipena daukat kanpaina sordinarekin ematen ari dela. Mitinak ere baldintzatuta daude eta horrek eragina dauka, noski». Kaleetan kanpainak ez dauka presentzia handirik. Akaso, beste joko-zelai batzuetan jokatzen ari delako? Goitiaren iritziz, «kalean kanpainak duen presentzia txikia ez dut uste estrategia aldaketa baten ondorio denik. Ez dut uste medio digitaletan askoz presentzia handiagoa duenik. Orokorrean intentsitate txikiko kanpaina izaten ari da, seguruen, egoerak hala eskatuta». Diseinatzailearen iritziz, kanpaina ez da euskarrietan pentsatzen; «sormena sormena da, ideia on bat ona da edozein euskarritarako. Gero, noski, ideia horrek garapen propioa izango du euskarriaren arabera. Parte teknikoa da hori». Baina ideia hori non eta nola saldu garrantzitsua da; are gehiago, paretak baino pantailak ikusten dituzten belaunaldi berrietara iritsi nahi izanez gero. «Belaunaldi gazteek akaso ez dituzte paretak ikusten, baina uste dut telebista paretak baino gutxiago ikusten dutela oraindik. Aldiz, telefonoko pantailari lotuta bizi dira etengabe, sare sozialetan bizi dira. Hori oso presente daukate hauteskundeetan estrategiak diseinatzen dituzten komunikazio buru guztiek. Kanpainak 360 gradutan pentsatu behar dira, euskarri desberdin askotan, batetik ez bada bestetik iristeko jendarteko estratu guztietara. Kanpaina leiho guztietatik sartzea da helburu nagusia, ahalik eta jende gehienarengana iristeko. Egunean zehar hainbat input jasotzen ditugu, hainbat mezu iristen zaizkigu toki batetik edo bestetik. Gure estratu sozialaren arabera, gehiago toki batetik eta gutxiago, bestetik. Horregatik kanpainak 360 gradu izan behar ditu, leiho guztiak kontrolatu, batak bestearen oihartzunik gabe ez duelako balio. Giro bat sortu behar da. Sare sozialek kalerik gabe ez dute balio eta alderantziz. Baina, berriz diot, oinarrian ideia on bat izatea da gakoa». Alderdiak behartuta daude toki guztietan egotera eta bakoitzeko arauen eta hizkuntzaren arabera aritzera. «Kalean, telebistan edo sare sozialetan mugitzeko arauak desberdinak dira eta garrantzitsua da horiek denak ondo kontrolatzen dituzten kanpaina aholkulariak izatea». Goitiak garbi dauka, hauteskundeak «sedukzio jolas» bat dira eta horretara begira prestatzen dira kanpainak, «herritarrak erakartzea, seduzitzea, da beti helburu nagusia». Sedukzio jolas horretan, alderdi bakoitzak bere hautagaia ahalik ondoen saldu nahi du. «Atentzioa ematen du bi alderdi nagusiek, EAJk eta EH Bilduk, beren hautagaiaren logo bat sortu dutela; Urkulluren U hizkiarekin eta Maddalenen M hizkiarekin. Egia da, hala ere, desberdinak direla. Urkullurenak sendotasuna iradokitzen du, zurrunagoa da, eta Maddalenena askoz dinamikoagoa da, malguagoa. Baina Maddalenena azpimarratuta dago eta horrek nortasuna adierazten du», esan du Goitiak. EAJren kanpainari begira, lehen begiratuan «Urkullu marka sortu eta hori saldu nahi dute», dio Goitiak. «Hizkuntza grafikoari erreparatuta, oso ondo landuta dago. Aurreko kanpainekin konparatuta, oraingoa askoz zuriagoa da, arinagoa. Betiko kolore korporatiboak erabiltzen ditu, baina modu apalagoan. Deigarria da. Edozein enpresak egingo lukeen ariketa bera egin dute: logo batetik abiatu eta irudi korporatiboa sortu dute. Kanpaina erakargarria egitea lortu dute». Karteletan Urkullu mugimenduan ageri da. «Bistakoa da Urkullu dinamiko bat saltzen saiatzen direla. Argazkilariaren lana goraipatu behar da, Urkullu mugimenduan jasotzea lortu duelako. Hala ere, ez gaudenez ohituta, karikaturara gerturatzeko arriskua ere hor dago». EAJren hautagaiaren atzeko partean jende gaztea ageri da karteletan. «Fondorik gabeko argazkia silueta eginda eta, atzean, gazteak, lidergoaren ideia nabarmentzeko. Ez da adinekorik agertzen. Pentsatzekoa da EAJk hautesle helduagoen talde hori irabazitzat jotzen duela». «Zutik», euskaraz, «Saldremos», gazteleraz. Euskaratik gaztelerara ez dira pareko itzulpenak agertzen normalean, asimetria bilatzen da. PSEren kasuan ere, «Soluciones» gazteleraz, «Erantzunak», euskaraz. «Gizarte elebidun batean erabateko itzulpen literalek ez dute tokirik. Nik uste dut gaztelerazko eta euskarazko leloek osagarriak izan behar dutela, elkar aberastu behar dutela. Gustatuko litzaidake lelo nagusiak euskaraz pentsatuak izatea, baina beti ez da horrela gertatzen. Hala ere, segituan igartzen da ideia nagusia zein hizkuntzatan pentsatua izan den. Esaterako, EH Bilduren kanpaina euskaratik egina dago. Baina hauteskundeetan mezuak zuzenak eta garbiak diren neurrian, erraz ulertzeko modukoak izaten dira, herritar elebidunak izan edo ez». Iriarteren lehen planoa EH Bilduren kanpainan, Maddalen Iriarteren aldeko apustu garbia. «Kanpainaren irudi nagusia den Iriarteren lehen plano hori sekulakoa da. Ez dakit zein den argazkilaria, baina argazki ona da, edozein modako aldizkariren portada izateko modukoa. Zerumugara begira bezala dago, aurrera begira, etorkizunera. Mezua garbia da. Esanguratsua da, alderdi nagusietako hautagaiak horrela ageri dira kanpainako karteletan. Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategi da kamerari zuzenean begiratzen dion bakarra», azaldu du Goitiak. EH Bilduren kanpainarekin segituz, «tipografiaren erabilera dotorea, dena oso garbia, zuria, pausatua, karrankarik gabea eta irudi korporatibo indartsua. Kanpaina ausarta eta oso ondo landua dela esango nuke. Mezuak aparte utzita, EAJren eta EH Bilduren kanpainen artean badaude paralelismoak hizkuntza grafikoari dagokionez», gaineratu du. EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren leloek «prest» hitza partekatzen dute. «Egiteko prest» dago EH Bildu, eta «Gobernatzeko prest», Elkarrekin Podemos-IU. «Kanpainetan arauak nahiko garbiak dira; mezu zuzenak, garbiak, bi hizkuntzetan ulertzeko samurrak... finean, produktu bat saltzeaz ari gara, ezin zara lokatz handietan sartu, eta muga horiekin guztiekin geratzen zaizun lursaila ez da hain zabala. Ez naiz harritu kointzidentzia horrekin eta ez zait drama bat iruditzen. Hala ere, iruditzen zait EH Bilduk euskaratik euskarara pentsatu duela leloa eta Elkarrekin Podemosek, seguruen, gaztelaniatik euskarara, ‘Podemos gobernar’ horrek hitz-jokoa duelako. Baina, tira, kointzidentzia horiek gertatzea ez da hain arraroa». PSEren argiak eta itzalak PSEren kanpainari begira, ezustekoa hartu du Borja Goitiak. «Orain arte kanpainetan oso kontuan hartzeko diseinua eta grafika erabili izan ditu, oso ondo menderatu duen alorra izan da. Aurtengo kanpainak baditu bere argiak, baina baita itzalak ere. Orokorrean maila jaitsi duela esango nuke». PSEren kolore korporatiboa, gorria, da nagusi eta lehenago egin izan duen bezala, ikonoak erabili ditu. «Aurrera azkar egiteko aukera iradokitzen duten gezi bikoitzak ondo erabili ditu. Sare sozialei erreferentzia egiten dieten ikonoak ere ondo. Horretan txukun. Oso ikonozaleak dira eta ondo menderatzen dute alor hori. Baina Idoia Mendiaren argazki kontrapikatuarekin –azpitik hartutakoa–, uste dut ez dutela asmatu. Kontrapikatuak oso heroikoak dira eta gaur egun ez dut uste heroiak behar ditugunik. Kasu honetan ere infinitura begira dago Mendia eta zerua dauka atzealdean. Klasiko samarra da. Urkulluren antzera, gazteak ditu atzean. Lidergoa adierazi nahi du. Baina nabarmenegia da, kasik nagusikeria iradokitzen du. Ez dut uste asmatu dutenik. Ikusi ditut PSEren kanpaina hobeak», esan digu Goitiak. Gogortasuna iradokitzen du Elkarrekin Podemos-IUren kasuan, Miren Gorrotxategi da hautagai guztien artean kamerari zuzenean begiratzen dion bakarra. «Bi argazki nagusi desberdin erabili dituzte; bata leunagoa eta, bestea, gogorragoa. Arreta ematen du hain grafika ezaguna eskaini dien morea utzi eta beltzaren alde egin dutela. Aipatu argazki gogor horretan, beltzaren gainean ageri da hautagaia. Beltza oso indartsua da, baina haserrea adierazten du. Argazkiak konnotazio gogorrak ditu: Miren Gorrotxategi zuzenean kamerari begira ageri da eta kopeta nahiko ilunarekin. Tipografiari dagokionez, nahiko lehorra eta hitz larriz bakarrik. Horrek garrasia adierazten du hizkuntza grafikoan. Elkarrekin Podemos-IUren kartel horiek haserrea iradokitzen dute. Akaso hori da helburua eta zilegi da. Egokia izan daiteke bere merkatu-hobiarentzat, baina hauteskundeak diren sedukzio jolas horretarako gogorregia gerta daiteke mezua», iritzi dio adituak. Elementuen ordenari erreparatuta ere bada zer nabarmendua. «Normalean mezu bat komunikatzerakoan lehen tokian leloa jartzen da, bigarren tokian nork esaten duen mezu hori eta, azkenik, etxea, alderdia. Elkarrekin Podemos-IUkoak etxetik hasi dira, gero leloa jarri dute eta, azkenik, hautagaia. Arraroa da ordena hori». Carlos Iturgaiz buru duen PP-Cs koalizioari dagokionez, presentzia oso urria dauka kanpainan. «Kostatu egin zait kartelak topatzea», esan du Goitiak. «Sormen aldetik eskasa da. Nola hala konpondu dute bi siglen arteko batura, ez baitzen lantegi erraza biak batu eta norbere nortasuna mantentzea. Tipografia zurruna eta berriro ere letra larria, garrasia. Hautagaiaren argazkia zelebre samarra da, ez dago kamerari begira, zeharka baizik. Eta eskuarekin ezkerrerantz seinalatzen du. Horrek, diseinuaren hizkuntzan, atzeraka egitea adierazi nahi du».