18 JUL. 2020 Normalitate berria Jon URBE | FOKU Maitena Usabiaga Sarasua Sexologoa eta psikologoa Normalitate hitza denon ahotan dagoen honetan, buruari bueltaka nabil. Normalitate berria badago, moralitate berri bat egongo da? Azkenaldian irakurtzen aritu naizenaren arabera, horrela dirudi. Sexologiako aditu batzuek ez dute ez denbora ezta aukera ere galdu gure ohetan sartu eta zer egin eta zer ez esateko (agintzeko?). Ez da gauza berria, dakigunez, moralak beti nahi izan baitu gure intimitatean sartu eta zer egin, non, norekin, noiz...arautu. Sexuarekin zerikusia duen guztia halako kutsu ilun batez estalita egon da azken urte luzeetan. Dirudienez, sexua arriskutsua da, zikina, kontuz ibili beharreko zerbait. Etengabe jasotzen ditugun mezuek “kontuz” esaten digute. Kontuz haurdun geratzearekin, gaixotasunen transmisioarekin, indarkeriarekin, perbertsioekin... Patologizazioa izan da erabili duten erremintetako bat, ez bakarra, baina oraindik ere etiketak jartzeko tentazioa hor dagoela dirudi, eta aditu askok etiketon erabilpenean sinisten jarraitzen dute. Etiketok beren funtzioa izan dute, onaren eta txarraren arteko muga zehazten dute, normala eta anormala denaren arteko desberdintasuna zehaztuz. Horrela, normatik ateratzen den oro, gaixotasun bihurtzen da, patologia, desbideratzea, perbertsioa... Desberdina dena txarra da, eta puntu. Etiketak jarri dizkigute osasunaren izenean; pertsona duinak izateko, normalak, osasuntsuak, osoak izan behar dugu. Eta zerekin topatzen gara orain? Berdinarekin. Birus honen agerraldiak ate berriak ireki ditu osasunaren izenean muga eta arau berriak jartzeko, baita gure erotika bizitzeko moduan ere. Adituen hitza egia absolutua bihurtu den honetan, askok eskuliburu modukoak sortu dituzte oheko jolasek nolakoak izan behar duten esateko; maskara erabili, ez muxu eman, ez ligatu pertsona batekin baino gehiago, ez izan promiskuo, ez izan kontaktu fisikorik, pantailaren bidez izan harremanak, masturbatu, norbait ezagutzen duzunean gaixo egon den galdetu... Eginbehar gehiago. Ez dugu ezer ikasi? Eginbeharrak eta gure plazerak ez dira ondo konpontzen. Horrelakoak esatean gauza bat bakarrik lortzen dugu: jendea errudun sentitzea eta beldurtzea. Hori da nahi duguna? Zein prezio jartzen diogu gure askatasunari? Osasunaren izenean gure eskubideak eta askatasunak bortizki jipoitzen ari diren garaiotan, gure ohetara sartzen utziko diegu? Sexologoa naizen honetan zerbait ikasi badut, zera da: bakoitzak gure bide propioa dugu, erotikak bere esentzia propioa du eta arauok gure bizipenetan izugarrizko mina sortzen dute. Informazio eta nork bere burua ulertzeak garamatza jakintzara, gure buruak zaindu eta errespetatzera. Beldurrak eta kontrolak sortzen dute benetako patologizazioa. •