GAUR8 - mila leiho zabalik

Tragediaren aurreko ospakizuna


Etxeko albumetan altxor handiak ezkutatzen dira. Argazki hau 1928ko urriaren 13an Bilboko Indautxuko elizan egina dago, Pablo Zabalo eta Dora Agirreren ezkontzan. Senar-emazteak eta senideak daude, ospakizun unea da. Urte batzuk geroago, gerra amaitu ondoren, familia honetan tragediak zulo latzak egin zituen. Pablo Zabalo arkitektoa izan zen; bere lanik garrantzitsuenen artean, Donostiako Kolon pasealekuko, Lasala plazako eta Ramon Maria de Liliko eraikin batzuk daude, baita 1928 eta 1934 arteko San Bizente elizaren zaharberritzea ere. Gerra amaituta, frankismoaren errepresiotik ihesi, bere familiarekin batera Txilera erbesteratu zen eta 10 urte eman zituen bertan.

Bere anaia Felipe , Donostiak frankistei eutsi zien hilabeteetan, Fronte Popularrak Londres hotelean muntatutako ospitaleko medikuetako bat izan zen. Donostia frankisten eskuetan erortzean atxilotu eta "auzi-ihesean" epaitua izan zen. 40.000 pezetako isuna ordaintzera kondenatu zuten eta 10 urtez medikuntzan aritzeko debekua ezarri zioten. Felipe Manchesterrera erbesteratu zen. Jon Zabalo, “Txiki” , beste anaietako bat, agian ezagunena, ilustratzailea, karikaturagilea eta kartelgilea zen; besteak beste, “Xabiertxo”, “Txomin Ikasle” eta “Martin Txilibitu” liburuen irudiak eta azalak nabarmendu behar dira. 30eko hamarkadan, “Euskalerriren Alde”, “Argia” eta “El Pueblo Vasco” komunikabideetan kolaboratu zuen. Gerra amaitzean, Manchesterren erbesteratu eta 1948an hil zen.

Ezkongaiak ezkondu zituen apaiza Gelasio Aranburu izan zen, zabalotarren lehengusua, Teologian doktorea eta zuzenbidean lizentziaduna. Gerra amaitzean, Biarritzera erbesteratu behar izan zuen bere arreba Alejandrarekin , eta Gelasiok koral bat zuzendu zuen Aita Donostiarekin batera. 1947an, Donostian, Sine Nomine talde gregorianista osatu zuen. Beste ahizpa bat ere, Mercedes , gerra amaitzean Ingalaterrara erbesteratu zen jostun lanetan. Ignacia Zabaloren argazki indibidualak ez dira ezagutzen. Ignacia, “Nor-Nai” izenez ezagunagoa, Euskal Herriko lehen ilustratzaile eta marrazkilari profesionala da. Bere ilustrazioak 1925eko “Argia”-ren egutegian eta “Agere” aldizkarian agertu ziren lehen aldiz. Gerra Zibilean hil zen Bartzelonan, bonba batek harrapatu baitzuen etxetik irteten ari zela. Carmen Zabalo ere ageri da argazkian.

Argazki hau eta beste batzuk Pablo Zabalok diseinatutako albumetan jasota daude eta bere alaba Amaiak zaintzen ditu.