Nerea GOTI
GORRIXEN OKETA IKERGAI

Batailoi anarkistek gailurrean utzitako etxolak eta lubakiak zundatzen jardun da ikertzaile talde bat

EHUko ikertzaile talde bat Oketan eta Burbonan izan da 1936ko gerrako arrastoak aztertzen. Gudu-zelai garaienetako hartan batailoi anarkistak egon ziren nagusiki 1936ko abendutik 1937ko apirilera artean. Haiek eraikitako etxolak, lubakiak eta tiro postuak aztertuz, gertakari haiek, protagonistak eta zuten bizimodua gogora ekarri dituzte.

Oketari “Gorbeia Txiki” ere esaten diote inguruan. Zigoitian kokatuta dago Gorbeiako mendilerroko gailur hau eta 1.031 metro ditu. «Arabatik ikusita, Gorbeia bera baino aurrerago dago, lehenago, eta antzeko gailurrak dira, nahiko borobilak, ez dago zuhaitzik... beraz, bista izugarri ona du Arabako Lautada osoa bertatik kontrolatzeko, eta hori zen kontua», adierazi du Josu Santamarina EHUko ikerlariak, 1936ko gerran Oketak zeukan garrantziaren inguruan.

Uztailaren 18ko militarren kolpearen ostean, militar altxatuak eta erreketeak izan ziren Oketan. «1936ko azaroko azken egunean, Euzkadiko Gudarosteak erasoari ekin zion ‘Legutioko Gudua’ esaten dioten gertaeran», oroitu dute EHUko kideek. Gasteiz helburu zuen erasoaldi hartan «errepublikazaleek ez zuten arrakasta handirik lortu eta milaka zauritu eta hildako izan ziren», baina «gutxienez Oketa bereganatzea lortu zuten». 1936ko abendutik 1937ko apirilera bitartean Oketa gorrien gailurra izan zen, batailoi anarkistena, nagusiki.

Gertakari horien aztarnen zundaketa egin dute azken asteetan eta ez da aurkikuntza nabarmenik egin baina, frontearen beste puntu batzuetan eginiko ikerketetan bezala, «zundaketa diagnostikoak dira, leku hauek nolakoak ziren baloratzeko, elkarren artean konparaketak egin ahal izateko...» eta Oketa, gainera, gerrako gudu-zelai altuenetako bat izan zen, Santamarinak zehaztu duenez. «Gerra Zibileko ohiko objektuak» aurkitu dituztela kontatu du: sardina lata bat, bota batzuen zola, bala-zorro aleman bat, arantzadun alanbrea...

«Sorpresa izan da, uste baikenuen askoz objektu gehiago aurkituko genuela okupazio mota ezberdinak izan zirelako Oketan: hasieran frankistak, gero denbora luzez miliziano anarkistak eta 37ko apirilean frankistek okupatu zuten berriro eta tartean borrokaldiak izan ziren; beraz, horrek aztarna gehiago utziko zuela espero genuen».

Etxolak eta lubakiak

84 urte pasatu dira eta gertaera haiek Oketa mendira eta Zigoitiko udalerrian dagoen Burbonara eraman ditu ikertzaileak. Ekimenak Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren finantzaketa izan du, baita Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldearen baliabide teknikoak ere. Guztira, lauzpabost ikertzaile jardun dira lanean, arkeologo profesionalak, irakasleak... eta Zigoitiko Abadelaueta elkarte etnografikoaren laguntza izan dute.

Aurkikuntzen atalean gauza handirik topatu ez badute ere, lanen helburu nagusia «Gerra Zibilaren aztarnak ikertzea» zen eta proiektuaren «alde garrantzitsuena arkitektura zen, estrukturak, paisaia bera».

Oketan 20 bat etxola eraiki zituzten gudariek, gailur hartatik etsaiaren mugimenduak kontrolatzeko eta erasoaldiei aurre egiteko. Postu hark gerran zuen esanahiaz, Santamarinak dio euskal frontearen parte nagusia Bizkai eta Gipuzkoa arteko mugan zegoela, Eibarren, Elgetan, Arrasate inguruan, Legution... «Gorbeialdeko mendiak babes natural gisa erabili zituzten; mendilerroa harresi moduko zerbait zen tropa frankisten aurka», zehaztu du.

Oketako gailurrean egin zituzten etxolek «gerrako herrixka» bat osatzen zuten, mila metroko garaieran. Itxuraz «Burdin Aroko kastro» baten antza zuela diote. «Etxolak harrizkoak dira, nahiko prekarioak; duela 3.000 urteko zeozer izan zitekeela ematen du, baina ez dago kalerik, lubakiak dira, etxolak komunikatzen dituztenak, ez dago kanpoko harresirik, dena dira lubakiak», azaldu du Josu Santamarinak.

«Paisaia nahiko berezia da, zeren gerra moderno baten zantzuak ditugu, lubakiak esaterako, baina etxolak oso antzinaroko itxurakoak dira; gainera, krater pila bat dago inguruan, Oketa mendia apirileko lehen egunetan hiru aldiz bonbardatu baitzuten, eta egun batean 150 bonba jaurti zituzten bertan».

Hotza, txitxirioak eta bizarrak

Miliziano haien bizimodua irudikatzean, Santamarinak adierazi du batailoi bakoitzeko 600 bat soldadu izango zirela, baina gailurraren inguruan 150en bat ibiliko zirela postu ezberdinetan, lubakietan zehar... eta, seguru asko, txandakatuz joango zirela. «Oketa mendia nahiko potentea da, magaletan atzeguardian kanpalekuak egongo ziren eta gailurreko etxoletan ehun eta piko miliziano», zehaztu du.

San Andres egunetik 37ko apirilaren 5era arte egon ziren han; negu osoa pasatu behar izan zuten, beraz. Kokapena ere aztertu beharreko atala zuten ikertzaileek, maila altuko lekuak direlako biak, bai Oketa bai apur bat beherago dagoen Burbona.

Hotz izugarria egingo zuen bertan negu gorriko hilabeteetan. Etxolak, gainera, iparraldeko aldean eraiki zituzten. «Hegoaldean frankistak zeuden; beraz, tiroetatik babesteko egin zuten», esplikatu du Santamarinak. Garaiko kronikek etengabeko euriteak ere aipatzen dituzte.

Oketatik gertu Ubide herria zuten. «Seguru asko, Ubiden sukalderen bat izango zuten, eta prestatutako lapikoak mendira eramango zituzten. 1936ko gerran txitxirioak sarritan aipatzen direla dio Santamarinak. «Antza, gerra hasi zenean ontzi mexikar bat heldu zen Bilboko portura txitxirioz beteta» eta horiek gudarien egun askotako arrantxoa izan ziren.

Lapikoak mando gainean igoko zituzten. Oketako bidean errepide bat eraikitzen hasi zen, baina ezin izan zuten bukatu. Errepideari “Gorrixen bidea” esaten omen diote oraindik. «Batailoi diziplinarioetako soldaduek egin zuten hori eta seguruenik logistikarako bidea izango zen, orduan hain ohiko elikagaiak ziren sardina latak, esne kondentsatua, haragi latak... garraiatzeko».

Cecilia G. de Guilarte kazetari tolosarrak jaso zituen bizimodu hari buruzko hainbat datu, bere kroniketan. «Oketa nahiko gotorleku anarkista izan zen», nabarmendu du Santamarinak. Batik bat, anarkistak ziren, Durruti batailoia, Isaac Puente, Sacco y Vanccetikoak... «Garai hartan euskal anarkismoak indarra zeukan eta horrek ere interesa zuen ikerketaren ikuspuntutik».

«Badakigu martxoaren 31n Mola jeneralak zuzenean gidatu zuela euskal frontearen apurketa. Apurketa hori Legution gertatu zen, Oketatik oso hurbil, beraz, eta hegazkin alemanek hiru egunez bonbardatu zuten; apirilaren 5ean milizianoak ebakuatu, eta frankisten postu aurreratua bilakatu zen.

Ehun metro beherago, Burbonan, 1936ko gerrak aztarna berezia utzi duela diote ikertzaileek. Askoz leku lasaiagoa da, pagoz inguratua. Bertan lubaki luze bat dago eta ezohiko egitura hori. Metrailadore habia bat da; fusila prest eta adi egon behar zuten zaintzaile haiek erasoaldia noiz iritsiko. Bunker moduko egitura horiek Burbonan egurrezko oholekin, xaflekin eta makilekin eginda daude. «Bunker ekologikoa deitzen diogu txantxetan, hormigoizkoa izan beharrean, egurrez eta lurrez egindakoa delako», kontatu du Santamarinak. Bere hitzetan, zulo bat ematen du, baina konplexuagoa da eta «oso interesgarria» ondarearen ikuspuntutik.

 

Miliziano anarkisten egun hotz haietaz Cecilia G. de Guilartek idatzitakoa

1937ko urtarrilaren 28a da, eta Cecilia Garcia de Guilarte kazetaria Isaac Puente batailoian dago bisitan; Oketa aldean, beraz. Presoak lanean ari dira bidean; aldapa gogorra deskribatzen du, hezetasun handia eta izozteak. Kontatzen duenez, haize gogorrak hotza areagotzen du eta lokatzez beteriko bidean ordu eta erdi luzeko igoeraren ondoren hasi dira batailoiko lehen postuak ikusten.

Kronikan dioenez, etxolak eta lonazko denda batzuk ikus daitezke; 18 egun daramatza Isaac Puente batailoiak posizio horietan, eta komuna baten modukoa osatu dutela dio. Gizon «prehistorikoen» antza dutela idazten du: asteetako bizar luzeak eta hotzari aurre egiteko ardi-larruak daramatzatela.

Han ikusitakoari buruzko kronikan idatzita utziko zuen milizianoei luze egiten zaiela itxaronaldi estu hori. Murua herrira hurbildu zen kazetaria eta bueltan, kanpamentuan, hain ezagunak izan omen ziren txitxirioen arrantxo horietako bat agertzen da Cecilia G. de Guilarteren kontakizunean.

Handik hilabete eskasera Oketako lurretara itzuliko da kazetaria, otsailaren 16an, hain zuzen ere. Eurite handietako egunak dira eta lokatzez beterik dago ingurua. Sacco y Vancceti batailoiari egin dio bisita bigarren honetan. Etengabeko euriak goiko posizioetarainoko igoera zailtzen duela dio. Kronika horretan, etsaien armadako soldadu bat errepublikaren aldeko lerroetara pasatu dela kontatzen du.

Magaletan lokatz artean labain egiten dute. Mendiko botak putzu batean zikindu eta bestean garbitzen direla dio, eta ez dela «kexarik» entzuten. Beste aldetik etorri berri den lagun bat aurkitu dute bidean, eta, dioenez, espartin bakar bat du. Kontatzen duenez, Bilbokoa da gaztea baina Logroñon zegoen, Bailen Erregimentuko laugarren konpainiako kaboa da. Goizaldeko hiruretan irten zen Logroñotik eta iluntzeko zortziak dira Oketara heldu denean, hemezortzi ordu. Pedro Martinez Garcia du izena. Kronikan beste izen propio batzuk aipatzen ditu: Eugenio Vargas komandantea, Ormazabal tenientea…

Pasarteok Julen Lezamizek eta Ana Urrutiak idatziriko “Escritos de G. de Guilarte. Segunda República y Guerra Civil” liburuan aurki daitezke. Anarkista tolosarrak gerra korrespontsal gisa lan egin zuen “CNT Norte”, “Frente Popular” eta “El Liberal” garaiko hedabideentzat.