22 AGO. 2020 Amaiurko monolitoaren inaugurazioa Juantxo EGAÑA 1522an Nafarroako independentziaren alde egin zuten azkenen omenez Amaiurren eraikitako monolitoa Iruñeko udal arkitekto Serapio Esparzak diseinatu zuen eta Martin Zabaleta Berroetako eraikitzaileak egin zuen Almandozko marmol zuriarekin. Hegoaldeko lau probintzietan egindako herri harpidetzak ordaindutako monumentua 1922ko ekainaren 17an entregatu zieten Nafarroako Diputazioko ordezkariei, Martin Elizetxe herriko alkateari eta Nafarroako Monumentuen Batzordeko presidenteorde eta monumentuaren bultzatzaile Julio Altadilli, besteak beste. Urte horretako ekainaren 30ean inauguratu zuten, eta, garai hartako prentsak zioenez, «inaugurazio ekitaldia ahalik eta kristau solemnitate eta grina aberkoirik handienekin jantzi zuten. 11:00etan, kanpai-joaldi gorgarriaren eta suzirien etengabeko eztanden artean, aurretik bandera eta Baztan haraneko udalbatzak eta txistulariak zirela, jendea Amaiurko gaztelua egon zen lekura igo zen». Monolitoa bedeinkatu eta meza emandakoan, Arturo Campionek hauxe esan zion, besteak beste, publikoari: «Nafarroak ez dezala inoiz baztertu gure arbasoek eta haien artean Amaiurko dramako protagonista ausartek hitz egin zuten milaka urteko euskara». Jaia amaitzeko, eta Amaiurko Udalak ekitaldira joandakoei eskainitako bazkariaren ondoren, Udalbatzak “Alkate soinua” dantzatu zuen udaletxearen aurrean, Foruen plazan. Argazkian Arturo Campion, Cruz Goienetxe Amaiurko parrokoa, Manuel Irujo Nafarroako foru diputatua eta Lekarozko komentuko kaputxino hauek: Eusebio de Azpilikueta errektorea, Hilario Olazaran musikaria eta Damaso Elizondo. 1931ko uztailaren 26tik 27ra bitarteko gauean, monolitoa lehertu zuten dinamitaz. Biharamunean, 1931ko uztailaren 27an, Lizarrako merindadeko 64 udalek Euskal Estatutuari baiezkoa eman zioten. Monolitoa 1982ko urriaren 10ean berreraiki eta inauguratu zen Nafarroako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren sostenguarekin.