GAUR8 - mila leiho zabalik

Ekaineko azterketan ez-nahiko eta irailean okerrago


Nire auzoan Daniel izeneko ume bat bizi da. Izena izan ezik, gainerako guztia egia da, egia gordina. Hamar urte ditu. Erdialdeko Amerikan jaioa da, baina laster etorri zen gurasoekin Euskal Herrira. Hemen sortu da bere arreba, Saioa. Plazan lagun asko ditu Danielek, bizikleta gainean ematen ditu orduak, euskaraz txukun egiten du, zoriontsua da.

Orainaldian ari naiz, baina lehenaldian kontatu beharko nuke hau guztia, segur aski. Hasteko, Daniel ez dugu aspaldi luzean ikusi. Amari galdetuta, arreba zaintzeko ardura hartu behar izan duela aipatu digu. Pandemia dela-eta Saioaren haurtzaindegia itxi egin zuten. Amak sei lanpostu ezberdin kateatzen ditu astean zehar, seiak prekarioak. Aita igeltseroa da, goizean goiz ateratzen da etxetik. Hala, haur txikia zaintzeko ardura anaia “handiak” hartu behar izan du, gosaritik hasita.

Hilabeteak igaro ahala, etxean egotera egokitu da azkenik Daniel. Ikastolara itzuli nahi ote duen galdetu diotenean, bideo deiekin moldatuko dela erantzun du: azken finean pantaila aurrean ematen ditu eguneko ordu gehienak, bideo-jokoekin denbora pasa edota arreba horrekin alaitzen. Ikasteko ohitura nabarmen galdu du, euskara zer esanik ez...

Bestalde, amak ez daki ikasturteari nola aurre egin: hasi bezain pronto umeak berriz etxeratu behar badituzte, agian ez duela kurtsoa abiatzeak merezi aipatu du. Bistan da berak ez duela Daniel ikasgelara joan dadin animatuko. Ezin du. Arratsalde partean errazago ikusten du semeak kirol jardunen bat egitea behintzat, baina talde batean izan beharko dela uste du, ikastetxean eskaintzarik ez baitu sumatzen.

Danielena baino egoera samurragoak izango dira, seguru. Larriagoak ere bai: ordenagailua behintzat badu mutilak, gurasoak ez dira gaixotu, zaintzeko aitona-amonarik ez du munduko parte honetan... Hezkuntza formalik gabe ere bizitzen segituko du mutilak, nork esango zigun otsailean lehentasunak hainbeste irauliko zirela...

Irakasle baten tokian jarrita, bestalde, ez da arazorik faltako, halaber: haurrak kutsatzeko edota haurrek zu kutsatzeko arriskua hortxe egongo da, umeak etxera bidaltzeko edota gela edo ikastetxe oso bat ixteko erabakiak ez dira ahobatezkoak izango, gurasoen artean denetariko jarrerak egongo dira (negazionismo itsuenetik eskola haurtzaindegi soil gisa hartzeko joeraraino), zuzendari guztiek ez dituzte gauzak berdin ikusiko, ikuskatzeak ere kontuan hartu beharko dira, Administrazioak batetik egingo du presioa eta sindikatuek bestetik. Barruko tirabirak ere erantsi beharko zaizkio, zalantzak ez dira makalak: norberaren bokazio mailak ikastolarako itzulera erraz dezake, eta norberaren beldurrak, ordea, galga jarri.

Egungo gizartearen gako gehientsuenak anabasa horretan nahastuko direla antzematen dut: gizarte arrakala, kontziliazioa eta zaintza, hezkuntzaren balioa, osasunari eman beharreko lehentasuna, jakina, eredu publiko eta eredu pribatuaren arteko osagarritasuna, teknologia berrien aukerak eta mugak...

Kontu potolo asko, talka ugari, eztabaida sanoa, gutxieneko kontsentsuak eta konponbide irudimentsuak eskatzen dituztenak. Maiatzetik jakin bazekiten, maiatzetik jakin bagenekien, baina iraila etorri zaigu gainera ezertaz sakon solastatu gabe, ezer adostu gabe, aukera ezberdinak irudikatu gabe, alternatibarik sortu gabe, kanpoko ereduetatik ikasi gabe... Agian merezi duguna baino ez dugu izango. •