GAUR8 - mila leiho zabalik

Ikuspegia


Gerturatu zaigu guri ere. Martxoan, urrun ikusi genuen covid-19 gaitzaren eragina Urola Erdian, baina abuztuko Azpeitiko fokuak kezka eragin digu. Eta gertu izanik, aztoratu egin gara.

Kexatu gara tabernariez, ustez, beren etekinen mesedetan, edukiera mugak zorrotz bete ez dituztelako. Kexatu gara udaltzainez, arauak bete ez dituzten tabernarien aurkako berehalako neurriak hartu ez omen zituztelako. Kexatu gara erizainez eta medikuez, pandemiagatik neurri zorrotzak hartu eta egoerak gain hartu dienean, gure ohiko kontsultaren bat, probaren baten emaitzak edo ebakuntza osteko sendaketaren bat atzeratu digutelako.

Eta uste dut nahi gintuzten lekuan gaituztela. Hain justu, hori da egoeraren kudeaketa egitea dagokien agintarien helburua: ardura pertsonalaren garrantzia nabarmentzea, geure parekoa kriminaliza dezagun. Datorrenerako otzandu nahi gaituzte. Aste honetan esan du Arantxa Tapiak euskal gizarteak ez duela «egoerak eskatzen zuen eran jokatu». Eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen deialdia egiteko larrialdi egoera bertan behera utzi zutela ahaztuta, abuztuaren 17tik aurrera ezarritako osasun larrialdian hartutako neurriak «denbora askorako» izango direla ere Tapiak berak esan du.

Ustez, zuhurrak izan ginen martxoan; ia beldurtiak ere bihurtu gara abuztuan. Ez da harritzekoa, baina, beldurraz eta haserreaz harago, ikuspegia behar dugu orain. Egoera kontrolpean izateko ahaleginak egiten ari direnak eta axolagabekeriaz ardura herritarrengan jarri nahi dutenak bereizteko ikuspegia, hain justu. •