Xabier Izaga Gonzalez
analisia

Euskalkien sailkapenak

«Euskalkien sailkapen berria» liburua aurkeztu zuten duela zenbait hilabete, eta berarekin batera euskal dialektoen sailkapenean lehen aldiz erabili den metodoa. Koldo Zuazok, aurreko sailkapenaren egileak, sailkapen berriaren metodologia ez ezik, haren euskarria ere jarri du zalantzan.

Euskarak hizkera ugari ditu, gehienak Euskal Herriko eremu txikian. Antzekoenek euskalkiak eta azpieuskalkiak osatzen dituzte. Nola erabaki, ordea, leku bakoitzeko hizkera zein euskalki edo azpieuskalkiri dagokion? Haien arteko “distantziak” ez baitira berdinak, ezta maiz argiak ere. Ez da lan erraza hizkera horiek guztiak sailkatzea, ezaugarri eta elementu asko izan behar baitira kontuan, hizkera bi hizkuntza arlo batean bat etorrita ere, beste arlo batean oso desberdinak izan daitezke eta.

Arnaut Oihenartek egin zuen euskalkien lehen sailkapena XVII. mendean; Manuel Larramendik, XVIII. mendean, beste bat; hurrengo mendean, Louis Lucien Bonapartek ekarpen aparta egin zuen bere sailkapenarekin, eta beste horrenbeste Koldo Zuazok XX. mende amaieran eta ondoren, bertatik bertara jasotako lekukotasunak bilduta, bere sailkapena eguneratuz.

Iaz, azkenik, Gotzon Aurrekoetxea, Iñaki Gaminde, Jose Luis Ormaetxea Txipi eta Xarles Videgainen zuzendaritzapean egindako azken sailkapenaren berri eman zen “Euskalkien sailkapen berria” liburuan. Oraintsu arte erabili den metodologiatik aldenduta, zientzia askotan erabiltzen den metodo bat baliatu dute: dialektologia kuantitatiboa edo dialektometria. «Metodo horrek oro har hizkeren arteko desberdintasunak neurtu eta zenbakietara ekartzen ditu. Horretarako badira distantzia unitate batzuk, hizkuntzalaritzan erabiltzen direnak, eta hizkuntza distantzia horiek aplikatuz datu base batean dauden desberdintasunak zenbakietara pasatzen dira», azaldu zion Gotzon Aurrekoetxeak GAUR8ri.

Azken sailkapen horren gainean dihardu Koldo Zuazok “Fontes Linguae Vasconum” aldizkariaren azken alean, “Euskalkien sailkapen berriaz zenbait ohar” izenburupeko artikuluan. Sailkapen berriaren egileek aurreko sailkapenak egiteko baliatutako metodologia zalantzan jartzen dute beren lanean, eta gauza bera egin du orain Zuazok sailkapen berria egiteko metodologiari ez ezik, ikerketaren oinarriari ere dagokionez.

Lanaren oinarria

Zuazori ez zaio egokia iruditzen euskalkien sailkapenerako helduleku bakar bat baliatu izana, Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) galdetegia, alegia.

EHHA osatzen hasi zirenean, 1980ko hamarkadan, euskal dialektologia oso maila apalean zegoela dio. Orduan abiatu ziren euskal filologia ikasketak Deustun eta Euskal Herriko Unibertsitatean eta hurrengo urteetan hasi ziren filologia fakultateetako lanak agertzen. Euskaltzaindiaren galdetegia osatu ondoren Dialektologia alorreko hainbat doktore tesi argitaratu ziren, eta horiekin batera beste ikerlan dialektal esanguratsu batzuk eta hainbat hiztegi dialektal ere aipatzen ditu Zuazok, hala nola sailkapen berriaren egileetako batek, Iñaki Gamindek, egindako lan ugariak. Dioenez, euskalki sailkatzaile berriek ez dituzte lan horiek guztiak aintzat hartu.

Azken sailkapenaren egileek beren lanerako ezaugarri asko hartu dituzte kontuan, Euskaltzaindiaren atlasean galdera asko egin baitziren; hala ere, «ezaugarrien zenbatekoa ez da axola duen bakarra, haien nolakotasuna da esanguratsuagoa», dio Zuazok. Haren ustez, EHHAko galdera asko «itsu-itsuan» egin ziren, asko interes dialektal gabeko galdera orokorrak direlako, eta, aldiz, «euskalkien arabera aldatzen diren beste gauza asko ez ziren galdetu, 1980 aldean ezezagunak zirelako, edo galdetegia egituratu zutenek ezagutzen ez zituztelako». Edonola ere, EHHA egin beharra zegoen tresna dela dio: «EHHAri esker, gauza gehiago dakigu orain; besteak beste, hurrengoan zer ez den galdetu behar».

Bestetik, EHHA bezalako galdetegiak ez direla erabat ziurrak dio: «Nahitaezkoa da galdetegiari erantzuteko aurkitzen ditugun lagunak zeregin horretarako egokiak izatea, eta horretan beti asmatzea ez da batere erraza. Galdegileak eta galdetuak hizkera desberdina egiten dutenean, bigarren honek bestearen hizkerara hurbiltzeko ahalegina egiten du, eta bere hizkera den bezala erabili ordez, elizan, hedabideetan… entzun duenera jotzen du, horrela errazago eta erosoago elkar ulertuko dutelakoan». Horregatik, gogorarazten duenez, 2005ean nonbaiteko hizkera aztertu nahi zuenean, bertara joan eta aldi luze batez hango herritarren bizimodua egitea erabaki zuen.

Euskalkien sailkapen berria, beraz, «erabat osoa eta erabat zuzena ez den helduleku batean eraiki dute», Zuazoren iritzian.

Metodologia

Dialektrometria berez ez dela metodo txarra dio sailkapen berriaren gaineko oharren egileak, baina ez dagoela aho batez onartuta gogorarazten du, eta «onartzen ez dutenen artean ez daude, inolaz ere, dialektologo kaskarrenak eta ezjakinenak».

Sailkapen berriaren egileek datuen objektibotasuna bermatzeko ezaugarri guztiak hartu behar direla kontuan eta haien aukeraketa egitea baztertu beharra dagoela diote. Bestetik, orain arteko euskalki sailkapenek ez daukatela oinarri garbirik, ez dituztela sailkatze teknikarik erabili eta «metodo intuitiboak» baliatu dituztela.

Zuazo ez dator bat horrekin guztiarekin. Batetik, beharrezkoa dela uste du aukera batzuk egitea, eta bere ikerketa hasi zuenetik muga bi ezarri izan ditu. Dialektoen ikerketan baztertzea komeni dela dio, alde batetik, ezaugarri komunak, Euskal Herri osoan erabiltzen diren gertakariak, eta, bestetik, eremu txikietan erabiltzen diren ezaugarriak. «Horrelako ezaugarriek euskalki barruko hizkerak bereizteko balio dute, baina ez euskalkiak bere osotasunean aztergai ditugunean», azaldu du.

Muga bi horiez gainera, hierarkia bat ere ezarri zuen Zuazok bere sailkapenetan, batetik arau gramatikalei eta, bestetik, lexikoari eta aldaerei dagozkienak. Arau gramatikalak modu sistematikoan betetzen dira. Esate baterako, “i” bokalaren ondoko bustidura gertatzen den hizkeretan infinitu hitzetan aurki liteke; lexiko eta aldaeretako desberdintasunak, berriz, ez; hau da, Euskal Herri osoan erabiltzen den “sorgin” eta Zuberoako “belhagile” hitz horietan baino ez dira gauzatzen. Hortaz, ez du uste fenomeno biok maila berekoak direnik.

Nolanahi ere, dioenez, eskura izan dituen ezaugarri guztiak hartu ditu kontuan. Izan ere, zenbat eta ezaugarri gehiago baliatu, orduan eta sailkapen zuzenagoa egin ahalko dela uste du, «hizkuntza orduan eta hobeto ezagutuko dugulako».

“Euskalkien sailkapen berria” lanak dio Bonapartek eta Zuazok ez dutela argi azaltzen zein datutan oinarritu diren eta non bildu dituzten. Bien izenean erantzun du Zuazok bere artikuluan. Berak Bonaparteren lanabes guztiak eta haren ondoren dialektologia alorrean agertutako ikerlanak ezagutzen dituela dio, «baita, jakina, orain arte plazaratu diren EHHAko hamar aleak ere. Dudarik gabe, horietatik guztietatik elikatu naiz, horien guztien zordun naiz». Bere ikerbide luzean, Euskal Herria bitan banatzen duen muga administratiboa hizkuntza muga ere badela erakutsi omen du, eta horixe iruditzen zaio dialekto mugarik garbiena. Sailkapen berriaren egileak bat datoz horretan, nahiz eta Zuazok “Ipar Euskal Herria” esaten dionari “ekialdea” esaten dioten.

Sailkapena

Euskalkietako bati “Mendebaldekoa” deitzean ere bat datoz, baina ez gainerakoan. “Ekialdeko” euskalkia ikusten dute Zuazok zuberotarra eta nafar-lapurtarra ikusten dituen lekuan. Gipuzkoa gehiena eta Nafarroa euskalki berean sartu dituzte, eta horren arrazoia ere, beharbada, EHHAn galdera egokiak egin ez izana izan daitekeela dio Zuazok: «Nire emaitzen arabera, behinik behin, Azkoitia eta Abaurregaina euskalki berean sartzeko desberdinegiak dira».

Azkenik beste kontu batzuk ere baditu hizpide Zuazok artikuluan. Haietako bat, sailkapenen ikuspuntua da. Sailkatzaile berriek diotenez, orain arteko sailkapen guztiak ikuspuntu diakronikoan eta gramatika historikoaren irakaskuntzetan oinarritzen dira, eta berena ikuspuntu sinkronikoan. Zuazok, ordea, uste du Bonaparteren helburua XIX. mendeko erdialdean egiten zen euskara erakustea izan zela eta, beraz, haren sailkapena ez dagoela ikuspuntu diakroniko batetik eginda, eta beste horrenbeste dio bere lanari dagokionez. Hasi zenetik, adin guztietako hiztunekin elkartzen dela dio, baina gramatika eta hiztegi lanak egiteko, gehienbat 40 eta 70 urte bitartekoak hartzen dituela. «Azken batean, XXI. mende hasiera honetako euskara aztertzen eta erakusten ari naiz». Tarteko hizkerak ere aipatzen ditu Zuazok artikuluan, sailkapen berrian ez baita halakorik agertzen: «Iraganean bezala, lerro bakarrez bereizi dituzte euskalkiak, eten garbiak eginez. Ez zait iruditzen zuzen dabiltzanik: dialektoen arteko mugak hori baino nabarragoak dira».

“Izan zirelako gara” du izenburu artikulu amaierako ataltxo batek. Hauxe dio, besteak beste: «Beti, edo ia beti, izan ohi dugu aitzindariren bat; sekula, edo ia sekula, ez gara hutsetik abiatzen. Bonapartek euskara ikasteari ekin zionean, lehenagoko gramatikagile eta idazleen lanak aztertu zituen. Gu guztiok, era berean, Bonaparteren lanetatik elikatu gara».

Euskalkien gaineko eztabaida. Arlo horren eta besteren aberasgarri izan dadila.