GAUR8 - mila leiho zabalik
ZAHAR EGOITZAK

Ereduak birplanteatzea, are beharrezkoagoa covid-19ak eragindako krisiaren ondoren

Adinekoen egoitzak jomugan egon dira SARS-CoV-2 koronabirusaren pandemiaren hasieratik. Argitaratutako azken datuen arabera, Estatu espainoleko 5.500 egoitzatan 19.000 lagunetik gora hil dira covid-19aren eta gaixotasun horrekin bat datozen sintomen ondorioz. Gainera, bizirik iraun dutenak bazterturik sentitu dira, arriskuko populazio gisa seinalatu dituztelako eta adinkeria nagusi den gizarte batean bizi direlako.


Estatuko egoitzetan hildakoak Osasun Ministerioak ofizialki jakinarazitako guztien %69 dira. Gainera, bizirik dirautenak bazterturik sentitu dira, arriskuko populazio gisa seinalatu dituztelako eta adinkeria nagusi den gizarte batean bizi direlako. Roser Beneito Montagut Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) Informatika, Multimedia eta Telekomunikazio ikasketetako irakasle eta Unibertsitateko CareNet taldeko ikertzaileak dioenez, osasun krisian elementu horiek nahasi egin dira eta bazterketa sentimenduak sorrarazi dituzte, adinaren eta teknologiaren inguruko estigmak sendotzeaz gain.

Beneito irakaslearen arabera, krisian modu guztiz asistentzialista batez begiratu zaie adineko pertsonei: «ez dator bat beste larrialdi eta hondamendi batzuetan adinekoek nola erantzuten duten erakusten duen ebidentziarekin. Pandemiaren aurkako talderik ahulena izateak ez du esan nahi egoera kritikoari aurre egiteko baliabide gutxien dituen gizarte taldea denik. Bizi esperientzia handia dute, eta teknologiak ere erabiltzen dituzte –nahiz eta teknologia telefonoa izan, ezin dugu garrantzirik gabekotzat jo, ‘berria’ ez izateagatik–», dio.

Adituen kritika nagusietako bat da pandemian gertatzen ari den adineko pertsonen bazterketa, bai eta haiei dagozkien erabakiak hartzerakoan egiten dena ere. «Oso gutxi entzuten zaie adineko pertsonei, bereziki ‘ahul’ edo ‘arriskuko’ seinalatu ditugunak», zioen Daniel Lopez Kataluniako Unibertsitate Irekikoko Psikologia eta Hezkuntza Zientzietako irakasle eta halaber CareNet ikerketa taldeko kideak “Contexto y Acción” (Ctxt) aldizkari digitalean argitaratutako artikulu batean. «Argi dago ahal den guztia egiten ari garela haien bizia salbatzeko, baina ez diegu galdetzen ea beraiek hori guztia onartzeko prest dauden, nola ari diren bizitzen egoera, noraino iritsi beharko litzatekeela uste duten, nola egin beharko genukeen», erantsi du Lopezek.

Adinekoak gero eta baztertuago dauden egoera horren beste adibide bat da egoitzak medikalizatzeko proposamena, Madrilen eta beste zenbait erkidegotan argi berdea lortu duena. Lopezen iritziz, horrek ez du arazoa konpontzen. «Inork ez badu instituzio batean bizi nahi, are gutxiago ospitale baten antza duen batean, zergatik nahi dugu adineko pertsonak han bizitzea? Zergatik bihurtu nahi ditugu haien etxeak osasun zentro?», galdetu du. Iritzi berekoa da Lluvi Farre UOCko CareNet taldeko doktoratu aurreko ikertzailea. Hark dioenez, egoitzak ospitale moduko bihurtuta «beharbada bizitza batzuk salbatu ahal izango lirateke, baina hain neurri desesperatuak beste arazo asko ekarriko lituzke eta, batez ere, oso galdera serioa: nork nahi luke bizitza hori?».

Adinekoen koetxebitzitza

Agertoki hori dela eta, sektore horretako profesionalek aspalditik eskatzen dutenak jendartearen arreta bereganatu du: zahartzaroko laguntza eredua doitu egin beharko litzateke, egoera mota desberdinetarako alternatibak bilatuz, adineko pertsona guztiek ez baitituzte premia berak eta ez baitute arreta bera behar. Baina hori ez da gertatu. «Eguneroko bizitzari etxebizitzak, adiskidetasun harremanek, familia harremanek, laguntzak eta zaintzak eusten diote, eta horiek bereizi eta, osasun arretaren aldean, bigarren mailan jartzen badira, normalizatu egin dezakegu, bizitza salbatzearen truke, hori guztia sakrifikatzea», azaldu du Lopezek. Adineko jendeak etxean bizi nahi duela gehitu du, «bere bizitzari buruz erabakitzen jarraitu, eta horrek forma asko izan behar ditu». Ez du esan nahi pertsona horrek betiko etxean bizi behar duenik, baina bai bizi den tokian etxean bezala sentitu behar duela».

Hainbat izan daitezke etxebizitza ereduak, hala nola adinekoen koetxebizitza (cohousing). Zahartzaroko zainketak antolatzeko eta ulertzeko era bat da, egungo eredutik urrun. «Bakoitzak bere erara eta askotariko formatuetan, adinekoek autogestionatutako elkarlaneko etxebizitza proiektuen bidez, zahartzaroa ukorik egin gabe bizitzea lortu nahi dute, baita mendekotasuna eta narriadura kognitiboa iristen direnean ere», dio Daniel Lopez irakasleak.

Sareko Zahartzea (EnR?) lankidetzako web plataformaren azken txostenaren arabera, 65 urtetik gorakoak dira biztanleen %19,3, eta laurogeitik gorakoen proportzioak gora egiten jarraitzen du: jada biztanleria osoaren %6,1 dira. Gainera, Estatistika Institutu Nazionalaren kalkuluen arabera, biztanleen ia %30 izango dira adinekoak 2068an. Litekeena da ordurako adinekoen koetxebizitza salbuespena ez izatea. Hala adierazten du BBVAren Pentsioen Institutuak egindako VII. Inkestak. 1957tik 1977ra bitartean jaiotako pertsonei etxebizitza partekatuari buruz galdetu zitzaien, eta elkarrizketatuen %82k ideia ontzat jo zuten.

«Aldaketaren sintoma da adinekoen cohousing delakoa. Sintoma hori mintzo zaigu zahartzaroa bizitzeko modu berriei buruz, egoitzen ordezko beste egoera batzuk imajinatzeko beharrari buruz, nahi ez den bakardadearen arazoari buruz eta, batez ere, zainketak adineko pertsonen eskubideekin bateratzeko moduari buruz», dio Lluvi Farrek. Kataluniako Unibertsitate Irekiko ikertzaileak, Daniel Lopezekin batera, Movicoma proiektuan parte hartzen du, Estatuko adineko pertsonen koetxebizitzaren mugimenduari buruzko lehen azterlanean, hain zuzen, eta azaldu duenez, adinekoen koetxebizitzak aukera ematen die pertsonei beren zahartzaroa planifikatzeko, eta plangintza eta aurreikuspen ideia hori berria da.

«Tradizioz, zahartzen garenean, erretiroaren logika bat nagusitzen dela pentsatu izan da; pixkanaka gizartean parte hartzeari uztea, galtze, gainbehera eta sentontasun irudiak nabarmenduta. Horrek ondorio espezifikoak ditu adineko pertsonen bizitzan. Baina gero eta gehiago ikusten dugu hori ez dela horrela», dio Farrek.

Etxebizitza mota horren alderdi positibo batzuk gizarte harremanen sustapena eta norberaren etorkizunari buruz erabakitzeak dakartzan onurak dira. Izan ere, adituen arabera, koetxebizitzak, ongizate fisikoan ez ezik, psikologikoan ere eragin dezake, baita gure autonomian ere. «BCONNECT@HOME proiektuan ikusi dugunez, etxebizitza mota guztiek gizarte konektagarritasunari eragiten diote eta elkarrekin lotuta daude. Konfinamendu zorrotzean adineko pertsona guztiak etxebizitza mota guztietan bakartuta sentitu badira ere, ikusi dugu funtsezko elementuetako bat bizilekuan erabakiak hartzeko prozesuan parte ez hartzea izan dela», adierazi du Beneitok. «Haien iritziak kontuan hartu diren eta konfinamendu egoerako bizitzaren antolaketan parte hartu duten lekuetan, deskonexio sozialeko sentimendua ez da hain handia izan», esan du UOCko irakasleak.