29 AGO. 2020 Gezurrak Mirari Martiarena Iraola Gezurrari buruz hausnartu duzu azken asteetan. Umetatik esan dizute gezurrik ez dela esan behar eta ez dakizu nola, baina ikasi zenuen. Gezurrak esaten edo egiak ez ziren gauzengatik ordezkatzen. Gertatutakoari beste perspektiba bat emanez, errealitateari ukitu artistikoak jarriz. Imajinazioaren Photoshop filtroak. Gezurrak esaten ikasi zenuen, nonbait ikusi eta entzun dituzulako. Gezur kolektiboak, familiako gezurrak, gezur magikoak… Pinotxori ez bezala, ez zitzaizun inoiz sudurrik luzatu gezurrak esandakoan, baina bazenekien bazituela albo kalteak. Horietako bat Pepito kilkerraren ahotsa etengabe buruan izatea. Komunikabideetan gezurrak esaten direla ikasi zenuen. Jende askok esaten duen esaldia da: «Egunkarian esaten diren egia bakarrak eskelak dira». Baina aitak esandakoa etortzen zaizu beti gogora: «Ongi idatzita badaude, bai». Azken hilabeteetan gezurtiak, gezurtiei gezurrak aurpegiratzen ikusi dituzu. Egia zer den ba ote dakiten galdetzen diozu zure buruari. Egiaz eta gezurraz harago dagoen lurralde bateko kide izan zinen eta bertan Oier Guillan idazlearekin hitz egin zenuen gezurrei buruz, argitaratu zuen “Mr. Señora” laneko pasarte bat aitzakia hartuta. «Amestea ere gezurrak esatea da eta horri esker egiten dugu aurrera. Ametsak azkenean existitzen ez diren gauzak dira, alegia, gezurrak nolabait esateko eta horri esker egiten dugu askotan aurrera». Orduan gezurretan bizi ote ginen galdetu zenion: «Gakoa beste behin, hedabideekin bezala, gezurra tresna bat dela jakitea da eta zuk zure gezurrak ez sinestea. Hori da egon litekeen arriskua». Eta hor ibiltzen zara ametsak egia bihurtu nahian, baina jakinda betiere ezin dituzula erabat sinetsi. Batzuetan egia bihurtu zaizkizun arren. Umetatik ikasi dituzu gezurrei buruzko esaera zaharrak: «Gezurrak hanka motza du». «Gezurra esan nuen Getarin, ni baino lehenago zen atarin». «Gezurtiak zer duen merezi? Egia esatean ez sinetsi». «Gezur bat, egia galdu bat». Teorian badakizkizu eta praktikak erakutsi dizu egiarekin hobeto egiten direla gauzak, nahiz eta egia batzuek mina eman dezaketen. Gezurra esan dizun azken pertsonak gezur handiak eta txikiak daudela esan dizu. Nolabait justifikatu behar zuen zuri min eman izana. Ados egon zintezkeen ez bazizun egiaren zati handiena ezkutatu, harremanaren oinarrian zegoena azken batean. Lehenengo momentuan haserretu egin zinen, baina bigarren arnasaldian dezepzioa sartu zitzaizun sudur zuloetatik biriketaraino. Egunak pasa zenituen burumakur. Zure burua zigortu zenuen inongo momentutan bestea zalantzan ez jartzeagatik. Baina hori ere ikasi duzu, besteengan konfiantza izaten, ez duzulako pentsatzen besteak min eman nahi dizunik. Horregatik eskatzen diozu ingurukoei gauzak diren bezala kontatzeko eta esateko, anestesiarik gabe. Gero sor daitezkeen sentimenduen kudeaketa zure gain hartuz. «Hau da dagoena» hasieratik dioenak zure eskura jartzen baitu ze bide hartu nahi duzun. Zure buruarekin duzun Whatsapp taldean bidali zenuen azken mezua irakurri duzu gaur kasualitatez. Egia-osteari buruzko hitzaldi batean entzun zenuen: «Gezurrak ez du inoiz egia estaliko». Eta momentuan zer esan nahi zuen ulertu ez zenuen arren, bazenekien egiazko esaldi bat dela. Egiarekiko interesik nagusi ez den garaiari deitzen omen zaio “egia-ostea”. Gezurrari buruz hausnartu duzu azken asteetan. Agian zuk ere, “Mr. Señora” liburuan bezala, agian egiazkoak diren gezurrak esan beharko zenituzke sendatzeko. • Egia-osteari buruzko hitzaldi batean entzun zenuen: «Gezurrak ez du inoiz egia estaliko». Eta momentuan ulertu ez zenuen arren, bazenekien egiazko esaldi bat dela