Koldo Sagasti

Sarraski isilarazia

Sare sozial batek duela hamar urte argitaratutako argazkiaren oroitzapena ekarri dit gaur akordura. 2010eko abuztua zen eta brigada bateko kideok urtebete lehenago Israelgo Armadak burututako sarraskiaren inguruko testigantzak jasotzen ari ginen Gazako zerrendan. Armada sionistak “Berun urtua” ezizenez bataiatu zuen 2008ko abendutik 2009ko urtarrilera bitartean kokagune palestinarreko populazioaren kontra zuzendutako erasoa. 1.434 palestinar erail eta bi milioi biztanleren bizitokiko azpiegitura oinarrizkoenak birrindu zituzten. Urtebete geroago, erretratuak erakusten duen bezala, nabariak ziren triskantzaren ondorioak: eraikin suntsituen hondarrak, bonbardaketetan bizitokia galdu zutenak biltzeko eraikitako behin-behineko kanpamenduak.

Gerora ere, beste hondamendi batzuk etorriko ziren, besteak beste, 2014ko “Babes hesia” izeneko operazio militarra, zeinean ejerzito okupatzaileak Gazako 2.310 hiritar garbitu zituen. Edo azken urtean “Itzuleraren martxa” izeneko ekimen herrikoiaren aurka bideratutako erasoak. Asteroko manifestazio baketsuen aurkako oldarraldietan gudaroste sionistako frankotiratzaileek hirurehun gazatar erail eta bizi arteko zauriak eragin dizkiete 30.000ri baino gehiagori.

Hamarkada pasa da argazki hura atera nuenetik eta sarraski bakoitzeko hondakinak aurrekoaren hondakinen gainean pilatu dira etengabe. Azken asteotan ere Israelek Gazako Zerrenda bonbardatzen dihardu. Abuztuaren 6tik aurrera erasoak ez du etenik izan, eta hamarnaka lagun erail dituzte tarte horretan. Baina horren aipamenik nimiñoena ere ez da egin albistegietan. Zenbaterainokoa izan behar du hildakoen kopuruak nazioarteko prentsak fokua Gazan jar dezan? Zenbat egunetako bonbardaketa? Gazatarren okela kiloak oso merke kotizatzen du, nonbait, arreta mediatikoaren azokan. •