GAUR8 - mila leiho zabalik

Gu ere bisitarik gabe


Gutako askorentzat sarri uda izaten da munduaren beste puntan, urruti ditugun senide eta lagunak bisitatzeko urtaroa. Ez beti; batzuetan Aste Santuko oporraldian, Gabonetako egun horietan edo gure lantokiek oporrak ematen dizkiguten egunetan joaten gara haiengana. Gehienetan, baina, opor egun gehien dugun garaia pasa berri dugun uda da eta egun horiek baliatzen ditugu harainoko bidaia oparoa edo emankorra izan dadin.

Baina aurtengo uda ez da orain arte ezagututakoak bezalakoa izan eta covid-19ak bidaiatu ezinik utzi gaitu. Ondorioz, ezin izan dugu hegazkina hartu eta ozeano oso bat gurutzatu hainbeste egun besarkatu gabeko maitearengana iristeko.

Ez da nire kasua izan, aurten ez bainuen Kubara aita bisitatzera joateko asmorik. Baina uda honetan aita Mexikon iheslari duen lagun batekin egon nintzen eta hark bazuen bisitan joateko asmoa. Otsailean erosi zituen hegazkin txartelak, bikotekidearentzat, urtebeteko haurrarentzat eta beretzat, baina egun batzuk lehenago airelineak hegaldia bertan behera utzi zuela jakinarazi zien; gaitz erdi, dirua itzuliko zieten. Baina bere aita biloba lehen aldiz aurrez aurre ikusi gabe eta duela hiru urtetik ikusi ez duen alaba besarkatu gabe geratu da, edo alderantziz ere konta genezake istorioa, haurrak ez duela bere aitona ezagutzerik izan, ez eta alabak aita besarkatzerik ere. Okerrena da ez dakigula turismoa egitera ez goazenentzako mugak noiz irekiko dituzten herrialde haiekin.

Horrelako bidaia bat antolatzen hilabete asko igarotzen ditugu, duela urte bat, bi edo gehiago ikusi ez dugun senidea bisitatzera joateko; datak erabaki (beti ez dugu oporrik edo dirurik), hegazkin txartelak lortu, buru-gorputzak prestatu, paketeak osatu (ez dakit zeinengana joan senidearentzako sagardo botila baten bila, medikamentu bila…). Aurten ez da iritsi paketea eramaten duen bisitaririk. •