Iñaki Altuna

Zalantza asko, baina baita ziurtasunak ere

Zalantza asko dago oraintxe. Ikasturtea hasi berri da aste honetan –Ipar Euskal Herrian asteartean, Nafarroan atzo eta EAEn astelehenean–, eta kezka nabari da ikasle, irakasle eta gurasoen artean. Aurtengoa nola garatuko ote den ez dakite oraintxe. Azken unera arte itxaron du hezkuntza komunitate osoak eta ez ditu nahi beste erantzun jaso oraingoz. Adierazgarria izan zen Ikastolen Elkarteak esandakoa Lakuarekin joan den astelehenean bilera egin ostean. Bilerak «dezepzioa» eragin ziola esan zuen Ikastolen Elkarteak, ez dakitelako hilaren 7an ikasle guztiak ikasgeletan hartzen hasiko diren unerako Administrazioak baliabide gehigarriak emango dituen ala ez. Norabide berean, sindikatuek EAEn deituriko grebak eta aste honetan Nafarroan hainbat eragilek egindako elkarretaratzeak ezinegon handia adierazten dute.

Osasun eremuan ere kezka. Konfinamenduaren ostean udako giroak harrapatu gintuen eta hilabete hauek ondo bidean pasako genituela zirudien. Hala sentitu zuen gizarteak. Maiatzean, Kataluniako Vall d’Hebron ospitaleko infekzio-gaixotasunen medikuburuak koronabirusa udan «marjinala» izango zela iragarri zuen, eta gero-gerokoak; udazkenerako akaso komeriak, baina, betiere, bakunaren zain. Eta horrelako hitzak sinetsi nahi izan genituen. Horixe ondorioztatu daiteke medikuburu horren adierazpenekin osatutako albisteak NAIZeko erabiltzaileen artean izan zuen ikustaldi andana ikusita. Arazoa «marjinala» izan zedin nahi genuen, alafede.

Eta erakundeetatik ere giro hori elikatu nahi izan zuten, zenbaitetan interes politiko eta alderdikoiak tarteko, EAEn hauteskundeak ate joka zirelarik. Kantabriako mugan Urkulluk Revilla presidentearekin egindako argazkia da horren adibide negargarria. Horregatik dira hain arbuiagarriak Murga sailburuak jendeari errieta egiten azken boladan egindako adierazpenak. Nolatan bota dezakete herritarren bizkar gainera ardura hori «normaltasun berria» zetorrela-eta portaera arduragabeak erakundeetatik bultzatu dituztenean?

Eta okerrago dena: hilabeteotan ez da nahikoa lan egin bitartekoak jartzeko. Irakaskuntzan begien bistako da baliabide gehiago jarri behar zirela, edota gutxienez irizpideak garaiz eta behar bezala eztabaidatu eta adostu behar zirela eragile ezberdinekin. Aurreko igandean GARAn ederki azaldu zuen gaia EHIGE gurasoen konfederazioko koordinatzaile Lurdes Imazek: familiei eskola seguru izateko laguntzea dagokie, baina Administrazioaren ardura da baliabideak jartzea.

Izan ere, pandemiari aurre egiteko hamaika neurri plazaratu dira eremu ezberdinetarako, polemika eta guzti, baina sektore publikoa indartzeko inbertsioak egitea eskatzen zuten neurriak falta izan dira. Maskararen eztabaida baino askoz ere garrantzitsuagoa da irakaskuntzan, osasungintzan eta ekonomian hartu beharreko egiturazko neurriak behar bezala zehaztea eta egikaritzea. Horietan dago etorkizuna jokoan.

Bai, makina bat zalantza dago ikastetxetan, osasun zentroetan, zahar-etxetan, lantegietan… baina zalantza horiek guztiek ziurtasunak ere badakartzate beraiekin; zalantza horiek, hain zuzen, zer den benetan garrantzitsua argi bezain garbi erakusten ari direlako. Osasuna, irakaskuntza, adineko pertsonen zaintza, babes gutxien dutenen zaintza… pertsonen ongizatea, hori guztia da benetan inportantea, eta horretara bideratu beharko lirateke hartu beharreko neurriak eta baita egin beharreko egiturazko aldaketa politiko zein sozialak ere. Beste zerbait eraiki beharra dago. •