Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
Amelia Barquin Lopez
Mondragon unibertsitateko Huheziko irakaslea

«Ziurgabetasuna nolabait onartu behar dugu, baina covid-19ak eragindakoa, ez aurreikuspen faltak edo baldintza eskasiak sortutakoa»

Hezkuntzaren, euskararen, feminismoaren, kulturartekotasunaren, gorputzaren... gainean ibiltzen da, patxada zorrotzarekin. Ikasturtea hasi berritan, hezkuntzak bizi duen egoerari begiratzeko toki onak dira horiek denak.

Patxadatik eta kritiko begiratzen dio ikasturte hasiera honi Amelia Barquinek. Ikasturte berezia izango da eta «ahal dena» egitea izango da derrigorrezko araua. “Ahal den” horrek behar duen hausnarketa eta baliabide dosian dago gakoa. Birusak zer egingo duen ezin da ez jakin ez bideratu, baina beste gauza asko bai.

Aurrekoan, bi urteko iloba, telefonoz ari zen zapatila belarrian jarrita. «Zeinekin ari zara?», galdetu nion. «Koronabirusarekin», esan zidan. Inoizko egoerarik aldrebesena bizitzea egokitzen ari zaie. Behar adina konturatzen al gara horrekin?

Gertatzen ari dena sekulako eragina izaten ari da ez bakarrik nagusiengan, baita txikiengan ere. Kontua da haiek ez dutela hitzez adierazten segur aski guk egingo genukeen bezala. Ez dakigu noraino eragiten dien, zer dakiten, dakiten hori nondik datorren, zer sentitzen duten horrekin... baina garbi dago haiengan eragiten ari dela. Gainera, inguru batzuetan eta familia batzuetan segur aski umeekin hitz egiten da gertatzen ari denaren inguruan, baina beste batzuetan agian ez horren argi eta umeek dakitena da helduen arteko elkarrizketetatik datorrena, irratian edo telebistan entzuten dutena...

Horregatik pentsatzen dut eskolan horretarako esku hartze propioak egin behar direla, umeekin gertatzen ari zaiguna lantzeko. Horretaz hitz egitea garrantzitsua da, dituzten kezkak lantzea, eta akaso ez hitzekin soilik, eskulanen bidez, dinamika desberdinen bidez...

Askotan haurrak eskolara iristean agindu eta argibide sorta bat bakarrik jasotzen dute: iristean ilaran jarriko zarete, distantzia gorde zuen artean, denok maskararekin, eskuak garbituko ditugu... Argibideez eta aginduez gain, zer ari gara partekatzen haurrekin? Adinaren arabera, hori landu beharko litzateke.

Haurren behar emozionalak erdigunean jarriko direla esan da han eta hemen. Horretarako curriculumetik mugitu behar da, ezta? Erronka galanta dute irakasleek.

Lehen ere bazen erronka bat curriculumetik apur bat askatzea. Izan ere, ikerlari eta pentsalari batzuk azaldu dute curriculuma batzuetan hezkuntzaren arerioa dela. Curriculumari jarraitzeagatik eta hura bukatzeagatik zenbat gauza uzten ote dituzten bazterrean irakasleek; sortzen diren gaiak, kezkak, beste interes batzuk... Horiei ezin zaie erreparatu curriculumarekin jarraitu behar delako eta hori izan da nolabait irakasleok izan dugun katea.

Nik uste dut momentu honetan gero eta kontzientzia handiagoa dagoela. Curriculuma garrantzitsua izan daiteke eta hor dago jarraitu litekeen proposamen bat, baina malgutasuna behar da. Testuinguruak eta gertatzen zaigunak baldintzatzen du gure prozesua eta curriculumari ezin diogu jarraitu lehen jarraitzen genion bezala. Lehen ere ez genuen egiten, baina orain garbi geratu da zein lehentasun pasatu diren lehen lerrora. Irakasle batzuk malgutzen ari dira zentzu horretan, besteak beste, momentu honetan ezin delako besterik egin. Halabeharrez.

Halabeharrez, era berean, irakasle batzuk ari dira teknologiara gerturatzen. Lehen irakasle batzuk erresistenteak ziren teknologiarekiko, erresistentzia pasiboa eta batzuetan aktiboa bazegoen, eta orain halabeharrez ikasten eta erabiltzen ari dira eta ikusten ari dira zein tresna interesgarriak dauden. Hori bai, ñabardurekin.

Ikasturte berezia izango da zalantzarik gabe.

Ikasturte honetan “ahal duguna” egingo dugu eta ez gaitezen urduri jarri. Lehentasunak une honetan profilaktikoak dira. Lehentasun nagusia ez gaixotzea da. Osasun fisikoa eta emozionala zaintzea da lehentasuna. Hortik aurrera, ahal duguna egingo dugu.

Ñabardurak aipatu dituzu.

Bai. Teknologiaren erabilera lehen ere bazen eztabaidatua. Orain eztabaida apur bat alboratu egin da, baina berreskuratu egin beharko da. Adibidez, Chromebooka edo ikastetxeko ordenagailua, ikasleek etxera eramaten dutena. Hori hedatzen ari da eta gertatzen ari zaigunaren ondorioz, Chromebookaren zabalkundeak indarra hartuko du. Baina lehendik zegoen eztabaidak hor jarraitzen du eta ez genuke ahaztu behar. Umeari, gazteari, Internet daukan tresna bat ematen diogu eta badakigu horrek esan nahi duela mendekotasuna sortzeko prestatuak dauden edukietan sartuko dela, bere adinerako egokiak ez diren edukietan, desegokiak iruditzen zaizkigunetan... Lehen, adibidez telefono mugikorrarekin irizpide batzuk baldin bazeuden etxean, orain etorri zaigu beste gailu pantailadun bat, Internet daukana, eta eskolako tresna dena. Beraz, irizpideak ezartzea oso zaila da. Eta ikastetxeetatik ez dago irizpiderik familientzat. Familiei, bat-batean, eskolako tresna bat sartzen zaie etxean eta ez dakite horren erabilera nola mugatu, nola arautu. Eta ikusten dute haur batzuek egun osoa tresna horren gainean ematen dutela. «Zertan ari zara» galdetu eta «etxerako lanak egiten» erantzuten dute. Eta badakigu beste zerbaitean ari direla.

Chromebooka zabaltzeko prozesua martxan da, baina horren aurreko erakundeen ebaluazioa falta da. Nola ari da erabiltzen tresna hori? Zeintzuk dira albo ondorioak? Eztabaida hori lehen ere bazegoen eta orain moteldu egin da, teknologia behar dugulako bai ala bai. Eztabaidak mailakatzen ari dira eta hori orain ez da lehentasunekoa, badirudi ez dela tokatzen. Baina eztabaida hori egiteko dago.

Eta Chromebooka Googleren tresna bat da.

Eztabaida hori ere hor dago. Zergatik utzi behar ditugu gure umeak Googleren eskuetan? Googlek gehiago daki gure haur eta gaztetxoez haiek bere buruaz baino. Informazio hori nola erabiliko du epe motzean eta epe ertainean? Hori ez dakigu. Hori gerta daiteke hezkuntza komunitatean aurretik eztabaidatu gabe?

Guraso batzuk intsumisoak dira, ez dute Chromebook hori erosi nahi eta ikastetxeetan teknologia arduradunek gaizki hartzen dute guraso horien kezka, proposamena, intsumisioa. Baina horri buruz hitz egin beharra dago. Zergatik gaude behartuak familiak Googleren tresna bat erostera, gure haurren inguruko informazio guztia enpresa baten eskuetan uztera?

Itxialdia da eragotzi nahi den egoera. Egoera horretan are gehiago nabarmentzen dira desberdintasun sozioekonomikoak, ezta? Batzuk eskulanekin eta bizkotxoekin estresatuta eta beste batzuk konexiorik gabe.

Tira, edo ordenagailu bakarra eta lau seme-alaba. Edo konektibitatea, baina ez oso eraginkorra. Etxe batzuetan ikasteko leku bat falta zaie haurrei. Badakigu familia batzuk txiro energetikoak direla. Ez da bakarrik ez daukatela Internet, ez daukate argindarrik. Gainera, eskolak haur batzuei hezkuntzarako aukerak emateaz gain, otordu sendo bat ematen die. Eta baita etxetik ateratzeko aukera eta baliabide batzuk.

Muturreko egoera honetan irakasle batzuk ikasle batzuekin harremanetan jarri direnean konturatu dira etxe batzuetan ez dagoela paperik. Arazoa ez da ez dagoela libururik, baizik eta ez dagoela paperik idazteko, ez dagoela margorik, ez dagoela jostailurik. Asko arduratu gara familia batzuetara ordenagailua eramaten eta konektibitatea ziurtatzen, baina premiak askoz oinarrizkoagoak ziren. Jostailuak, paperak, marrazkiak, margoak eta abar falta ziren. Ez ote zen prestatu behar pakete bat etxe horietara eramateko? Premiak askotan oso larriak dira.

Eta, noski, haur horiek eskolara iristen dira eta baliabide asko dauden toki bat aurkitzen dute: margoak, ipuinak, musika tresnak... Etxeetan zer dago? Telebista. Ados, baina horrez gain etxe batzuetan baliabide asko daude eta beste batzuetan oso gutxi. Lehen ere hori horrela zen, baina orain denok etxean geratu behar badugu eta dauzkagun tresnekin bakarrik moldatu behar badugu, batzuentzat desabantaila izugarria da.

Irakasleak ikusi behar ditu desabantaila horiek, ezta?

Irakasle batzuk sentsibilitate handia daukate gaiarekiko. Injustizia sozialak eragindako desabantaila sozioekonomikoak hor daude, irakasle batzuek sentiberatasun berezia daukate eta saiatzen dira horri erantzuna ematen hainbat modutara. Adibidez, materiala erosi behar denean, etxerako lanak proposatzen dituztenean... oso kontziente dira zer-nolako ikasleak dauzkaten eta zein egoera dagoen etxeetan. Eta horren arabera diseinatzen dituzte beren esku hartzeak.

Baina beste batzuek oraindik ikasi egin behar dute hori. Trebakuntza telematikoaren antzera, oraindik irakasle batzuek ikasi egin behar dute hobeto ikusten zein den gure ikasleen egoera ekonomiko eta soziala. Eta une honetan bereziki.

Desabantailan dauden ikasle horiek ahalegin handiagoa eskatzen dute. Zure ikasgelan ikasle guztiak klase ertainekoak baldin badira, Whatsapp taldera bidaltzen duzu non konektatu behar duten eta kito. Baina hori gertatzen ez denean, irakaslearen ahalegina askoz handiagoa da; ikasle horiengana nola iritsi pentsatu behar du, nola lagundu behar dien baliabideak lortzen.

Irakasleen egoera oso desberdina da zentzu horretan, batzuek ez dituztelako desabantailan dauden ikasleak eta beste batzuk asko dituztelako. Eta, gero, irakasleen artean sentiberatasuna eta kontzientzia maila desberdinak daude. Hori landu egin behar da eta ikusten dut irakasle ikasketetan gure eginkizunetako bat kontzientzia hori piztea dela.

Ikastetxetik ikastetxera alde handia baitago.

Ikastetxeen arteko desberdintasunak hor daude. Guk badakigu EAEko eskoletan dagoen arazoetako bat jatorriaren eta egoera ekonomikoaren araberako segregazioa dela. Pobreak eta atzerritarrak ikastetxe batzuetan metatzen dira eta beste batzuetan ez daude; horietan ikasle autoktonoak, zuriak eta klase ertainekoak bakarrik daude.

Egoera horren aurrean, eskola batzuetan irakasleek egin behar duten ahalegina askoz handiagoa da. Adibidez, bekak jasotzen dituzten familiei itzuli egin zaie diru hori eta horretarako eskoletako zuzendaritzako kideak paperak egiten aritu dira. Ikastetxe batzuetan jantokiko 500 bekadun dituzte, beste batzuek hiru dituzte, beste batzuetan ez dago bat bera ere... Administrazioak zer sentiberatasun dauka desabantaila horren aurrean? Irakasle batzuek daukaten lana askoz potoloagoa da beste batzuena baino, desabantaila sozioekonomikoarekin lan egiten dutelako.

Gabeziei erreparatuta, etxe batzuetan ez dago euskararik. Hor ere hutsunea gertatu da.

Haur askok euskararekin daukaten kontaktu bakarra eskolan eta ikasgela barruan bakarrik gertatzen da. Batzuetan, ezta jolasgaraian ere. Ez da errealitate desiratua, baina toki askotan gertatzen dena hori da. Harremana murriztu zen itxialdian eta euskara umearengana hurbiltzeko modua telematikoa bihurtu zen. Denbora gutxiago, edukietan zentratua, ikasleen arteko harremana ez da hain dinamikoa.... Egoera horretan sendotu egiten da euskararen eta eduki akademikoen arteko harremana. Euskara berdin eskolako edukiak eragiketa indartu egiten da eta euskarari ez datorkio ondo eragiketa hori. Beti detektatu den ahulgune bat hori izan da, euskara bizitza akademikoarekin bakarrik lotzea. Itxialdian hori gertatu da.

Espero genuen uda garai ona izan zitekeela euskarari bizitasuna emateko, udalekuekin eta aisialdiko eskaintzarekin. Baina uda ere gorabeheratsua izan da. Udalekuak bertan behera geratu dira beldurragatik eta prebentzioagatik. Egia da haur batzuek euskararekin daukaten harreman bakarra akademikoa dela. Baina, zorionez, beste batzuek badituzte bestelako loturak, aisialdiarekin, kirolarekin... Baina hori ere kolokan dago une honetan. Itxialdiarekin garbi geratu da lehendik ahul zegoena ahuldu egin dela eta euskararekin gauza bera gertatu da, kalte egin dio egoerak.

Egia da, hala ere, ekimen politak sortu direla eta euskalgintzaren mundua sormen handikoa dela eta asmatu dituela bideak. Baina, zalantzarik gabe, euskarari kalte handia egin zaio eta hemendik ateratzen garenean ondo pentsatu beharko da nola konpentsatu galdutakoa. Hurrengo fasean sartzen garenean euskara aisialdiarekin eta harremanekin lotzen duten ekimenak bultzatzea derrigorrezkoa izango da.

Bueltatu gara eskolara. Gutxi edo gehiago, esperotakoa, ezta? Irakasleen kexak baliabide faltagatik eta egunero itxi dituzten zentroen zerrenda.

Nik uste dut espero zela konfinamendu zehatzak egongo zirela, taldeenak. Nik bai espero nuen abuztuan gehiago prestatu izana administrazioaren aldetik. Eta hori sentsazio partekatua da hezkuntzaren munduan, ez dela asko prestatu ikasturte hasiera. Kasuistika zein izan zitekeen eta nola erantzun pentsatu behar zen.

Horrez gain, ikasturte hasieran irakasle batzuk gaixotu egin dira, besteak beste covid-19arekin, eta bajak ordezkatzeko sistemak ez zuen funtzionatzen. Zentro askotan ordezkorik gabe egon dira.

Ikasturte hasiera gogorra izan da. Ziurgabetasuna nolabait onartu behar dugu, baina covid-19ak eragindakoa denean, ez aurreikuspen faltagatik edo baldintza eskasiagatik datorrena. Ikasturtea hasteko prestatze maila agian baxua izan da. Desiragarria zen apur bat gehiago prestatu izana.

Irakasleei gurasoen galdera pila bat iritsi zaizkie eta galdera gehienak ezin izan dituzte beraiek erantzun.

Bai, eta hori gertatzen ari da irakaskuntzan eta osasungintzan, eta gure sistemaren oinarriak dira. Hor arduradunak egon behar dira pentsatzen, eztabaidatzen, zehazten, erabakitzen.... Zehaztapenak falta dira eta baita baliabideak ere.

Huhezin etorkizuneko irakasleak hezten dituzue. Honetatik ere ikasiko zen zerbait, egoerak sortuko zuen gogoetarik irakaskuntzaren egoeraren eta erronken inguruan.

Bai, zalantzarik gabe. Gure ikasgaietan gai horiei buruz hitz egin da eta gai horiek landu dira. Besteak beste gure ikasleei ere egokitu zaielako egun batetik bestera etxean sartzea eta ordura arte aurrez aurrekoak ziren ikasgaiak online jasotzea. Fakultatean sekulako ahalegina egin dugu, baina egia da ez garela zerotik abiatu. Hemen hainbat ikasketa online eskaintzen dira, prestakuntza hori badaukagu eta jarrera ere bai. Teknologiari irekiak gaude eta ez dugu erresistentziarik sortzen; kritikoak gara, presentzialaren aldekoak, baina tresna telematikoak erabiltzearen aldekoak era berean.

Ikasturtea prestatu dugu edozein unetan berriz konfinatzen bagaituzte etxetik lanean jarraitu ahal izateko.

Aurrez aurrekorako prestatzen denak ezin du bere horretan telematikorako balio, ezta?

Kualitatiboki desberdina da, komunikazioaren izaera aldatu egiten da. Gure klaseak ez dira klase magistralak, non irakasleak luze hitz egiten duen eta ikasleak entzun egiten duen. Horregatik ez dauka zentzurik gure klaseetan kamera bat jartzea ikasle batzuek hori etxetik jarraitzeko. Ikasleek taldeka egiten dituzte proiektuak eta hori antolatu behar da etxetik ere egin ahal izateko.

Bestetik, nik garbi daukat ikaskuntza telematikoan ordenagailua ezin dela testuen biltegi bat izan. Batzuetan ikasleek liburua izan beharrean liburua ordenagailuan daukate, baina metodologia bera da. Ikaslea heltzen da etxera eta testua inprimatzen du, buruz ikasi behar duelako eta horretarako egokiago delako paperean edukitzea azpimarratu eta markatu ahal izateko. Orduan, zein funtzio dauka ordenagailuak? Zer da, testuen biltegi bat? Ba horretarako ez da ordenagailua behar, askoz hobea da liburua. Oraindik urrats batzuk egin behar ditugu. Baina Huhezin ez da hori gertatzen, aspaldidanik ari baikara tresna telematikoak erabiltzen.

Distantziak, maskarak, burbuilak, gelak. Aurrez aurreko hezkuntza bai, baina baldintzatua.

Bai, eta galera handia da. Kontaktu fisikoa ezin da ordezkatu. Horregatik pentsatzen dut etxean asko besarkatu behar ditugula umeak. Ondo ulertarazi behar diegu eskolan gertatzen dena behin-behineko egoera dela, berez ez dela gertatu behar dena eta orain egoera berezi batean gaudela. Azaldu behar diegu hilabete batzuk pasatzen direnean berriz lagunak besarkatu ahal izango dituztela eta elkarri eskutik emanda joan. Niri benetan galera iruditzen zait, baina zoritxarrez egoerak horretara behartzen gaitu. Berriz diot, etxean asko besarkatu haurrak.