Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro
Gaur beteko dira 27 urte Xabier Kalparsoro, Anuk, hil zela; Basurtuko ospitalean, bi egun lehenago (irailak 24) Indautxuko polizia etxeko leiho batetik behera amildu eta zauri oso larriak jasan ostean. Irailaren 24 hartan beste berri lazgarri batek astindu zuen Euskal Herria. Gurutze Iantzi urnietarra Madrilen, Guardia Zibilaren kasernan, hil zen, hil zuten. Inkomunikaturik zegoen txapelokerren eskutan. Torturaren itzalak dena estali zuen berriro ere.
Giro gogorra, tentsio handikoa. Irailaren 25eko “Egin” egunkariaren lehen edizioak «Muerte en comisaría» titulatu zuen, baina bigarren edizio bat egon zen egun berean. Izan ere, egunkariko errotatiba martxan zela, dei bat jaso zen egunkarian ordu txikitan. Basurtuko ospitaletik deitu zuen ahots batek: «Anuk hil da». Orduantxe etxera zihoan erredakzioko arduradunak errotatiba gelditu eta lehen orrialdea aldatu zuen, bigarren edizio bat zabaltzeko. Titularra: «Dos muertes en comisaría». Hurrengo egunean, ospitaletik Anuk ez zela «oraindik» hil esan zuten ofizialki. Erredakzioan eztabaida. «Gaizki egin duzu, informazioa konfirmatu behar zen», alde batetik. «Ondo egin duzu, ordu horretan zirt edo zart erabaki behar zen, eta sinesgarria zen, ez zen gezurretan ari, hala uste zuen iturriak, Anuk klinikoki hilda dagoelako dagoeneko», bestetik.
Eztabaidak gutxi iraun zuen, 26ko egunkaria egin beharra baitzegoen. Eta hori ixteko ordua ere iritsi zen. Zer berri eman Anuken egoeraren azken uneari buruz? Eutsiko al zion gau hartan? Basurtura deitu zuten erredakziotik. «Ezin dugu ezer esan». «Ados, nik galdera bat egingo dizut, eta baiezkoa bada ezer ez erantzun». Anuken heriotza ez zen ordu horietan berretsi. Bien bitartean, Anuk zenbait astez infernutik barrena eraman zutela agerian uzten zuten informazioak azaltzen hasiak ziren. Indar polizialek kontrolatua izan zutela eta bera nahasten eta manipulatzen aritu zirela zioten. Ertzaintza ere tartean zegoela. Estolden kiratsa jasangaitza bihurtu zen.
Hurrengo egunean hil zen Anuk. Gurutze Iantziren omenaldian eman zen heriotzaren berri. Samina, eta bertan zeudenek kazetariei begiratu zieten amorruz. Alde egin behar izan zuten. Egunkariak hasiak ziren esaten Anukek bere buruaz beste egin zuela –erreza baita polizia etxeetan libro geratu eta leihoetara iristea– eta Iantziren heriotza naturala izan zela nabarmentzen, bertsio ofizialak enegarren aldiz zituen zulo ikaragarriak zalantzan jarri gabe. Bihotzak huts egin ziolako hil zela Urnietako emakumea. Bai, jakina, horixe izan ohi da heriotza, bihotza itzali egiten dela.
Gertaera haiek argiak dira, zalantza gutxi dago, denok dakigu zerk eraman zituen heriotzara Iantzi eta Kalparsoro, baina, aldi berean, epaitegietan eta erakundeetan gertaera haiek ez dira argitu nahi izan. Inork ez du erantzukizunik hartu nahi izan, ez judizialak ezta politikoak ere. «Iantzi eta Kalparsoro torturatzea gaizki egon zen». Ez dugu halakorik entzun. Polizia indar ezberdinek –Ertzaintza barne– Anuk bahitu, batera-bestera ibili, nahastu, atxilotu, torturatu eta hil izanak ez du hitzik merezi. Nola aitortuko dute ezer, bere izena ondo esateko ere gai ez ziren izan eta? Kalparsoro zen Xabi, ez Galparsoro. Golmaio bigarrena, amaren abizena. Maite Golmaio. Emakume goxoa, neurriz kanpo sufritu zuena. •