Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Nortasun krisia

Gorputzean ezin kabitua. Sentitu al duzu inoiz? Zeure burua ezin ezaguturik ibiltzea, beste edonorengandik gertuago zugandik baino. Zure oroitzapenen harri txintxarretan azterka hasiko zara beharbada, haurtzaroaren eta nerabezaroaren arteko talka bortitzak hautsitako ispiluaren zatien bila.

Ederra zinela esaten zizuten, baina ez nahi bezain ederra. Azkarra zinela esaten zizuten; ez nahi bezain azkarra ordea. Ingurura begira jarri eta denak iruditzen zitzaizkizun zu baino lirainagoak, zu baino airosoagoak, zu baino indartsuagoak. Eta, halaxe, bizkarreko angelua graduka-graduka makurtzen hasi zitzaizun, haize-lekuan zuhaitzak nola, bere baitara bildu nahi zintuen oskola ikusezin batean preso bazeunde bezala. Konplexuz beteta zeunden, baina, esan egia: nork kontatzen dizkio bere egiazko konplexuak beste inori? Bai, hitz egiten dugu lotsez, hitz egiten dugu ikarez, hitz egiten dugu hitz egiteaz... Hitza erraz egiten dugu, kea balitz bezala zabaltzen dugu geure buruaren inguruko kontakizun zintzo-usteko bat. Eta ke-laino trinkoaren geruza geroz eta sakonago batean gordeko ditugu geure buruari kontatzeko ere konplexuegiak diren konplexu horiek.

Gorde nahian dabilenak bi gauza egin ditzake inork aurkitzerik nahiko ez duen hori ezkutatzeko. Desagertzen ahalegindu daiteke, mututzen, begiradei iskin egin, harik eta norbera ere gorde nahiko lukeen horretaz ahazten den arte. Edo, kontrakoa: nabarmendu, ozen hitz egin, edonork ikusteko moduko lekuan jarri. Betiere gorde nahi den hori ez beste guztia erakutsiz. Beste norbait bilakatzeko bideari ekin. Bigarren hori aukeratu zenuen zuk.

Eta hala bururatu zitzaizun hainbesteko ukuilu-kiratsa sumatzen zenien baserritarrez janzteko egun bat jarri behar zenuela egutegian. Zu ere baserriz inguratuta egon arren.

Estropadak harrabotsez antolatzeari ekin zenion, arrantzaleak eta beren arrain-usain sarkorra inguruko portuetara bideratuta.

Zauritu, txikitu, bortxatu, hil eta erre zintuzten soldaduei inauterietan desafio egiten hasi zinen, harik eta urtarrilaren 20an zu ere armak hartu eta haien indar eta harrokeria imitatu nahian hasi zinen arte, lerro-lerro eta konpasari tinko atxikitako urratsekin.

Izan ere, hiri izateko txikiegi eta herri izateko handiegi zaren horrek, kosmopolitagoa izan nahiko baitzenuke; modernoagoa, distiratuagoa. «Bilboagoa», «Parisagoa», «Madrilagoa». Ukitzeko beharrean ikusteko egina; bizitzeko baino bisitatzeko egokiagoa. Ustez pauso sendoz abiatu zinen munduan barrena, zure ingurukoei lepotik gora begira.

Norbait harrotuta ikusten zutenean, azkar botatzen zuten sententzia gure aitona-amonek: «Lasai, honek ere aurki joko du itsasoa». Jo duzu zuk ere. Eta zure ziurtasunaren azpiko hareatan koloka egin dizute oinek. •