Joseba Alzueta zangozarra, 758 kilometro korrika aspaldiko injustizia ikusarazteko
Saharar herriaren alde egindako 758 kilometroek ez dute Joseba Alzuetaren laguntzeko gogoa ahuldu, indartu baizik. Elkartasuna elikatzeko apustua egiten jarraitzen du zangozarrak «isilarazia» ikusten duen auzi politiko baten aurrean, eta osasun krisialdiak hobera egiten duenean hara joateko asmoa du, aspaldiko injustiziaren erdian sahararrei behar den guztian laguntzeko.
Frantziar Done Jakue bidearen 758 kilometro egin ditu korrika Joseba Alzueta zangozarrak, saharar herriaren alde, hainbat hamarkadatako bidegabekeria jendartearen begien aurrera berriro ekarri eta Saharako herriak behar duen elkartasuna bultzatzeko. Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkartea (ATTsF) gobernuz kanpoko erakundearen “Sahrawi Lives Matter” kanpainaren barruan egin du erronka.
Gatazka politikoak etengabe sortzen eta okertzen ari diren mundu honetan, Saharakoa bezalako aspalditik datozen auzi politikoak bigarren, hirugarren eta laugarren planoan geratzen dira, sortzen doazen beste gatazken azpian ezkutatuta.
Badira 45 urte Marokok eta Mauritaniak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa okupatu zutenetik, eta saharar herriak bi zatitan banatuta jarraitzen du. Batetik, Sahara okupatuan, Marokoko Erresumaren mendean, Magreb mendebaldean, eta han etengabeak dira giza eskubideen urraketak. Bestetik, Aljeriako basamortu gogorraren erdian, Tindufeko kanpamentuetan. Nazio Batuen Erakundearen ekimenek ezer gutxi lortu duten bitartean, Europar Batasunak –batez ere Estatu frantsesak eta metropolia izan zen Estatu espainolak– beste alde batera begiratu izan du urte hauetan guztietan eta ez du aldatu jokabidea. Bien bitartean, “ECSaharaui” albiste atariak argitaratu duenez, saharar herriak «45 urte daramatza konfinatuta, eta ez koronabirusaren ondorioz».
Joseba Alzuetak txikitatik ezagutu du saharar herriaren sufrikarioa. GAUR8ri kontatu dionez, gurasoak oso inplikatuta egon dira auzi horrekin betidanik, elkartasun kanpainetan laguntzen edota udan hango gaztetxoei egonaldiak eskaintzen, saharar herriaren zama arindu nahian.
Elkartasun horrek utzitako aztarnatik edan du Alzuetak eta babesle izan ditu Goikoa eta Corriendo por el Mundo enpresak erronka honetan. 758 kilometro korrika eta motxila bat sorbaldan, sahararrak duela 45 urtetik hona jasaten ari diren pisua irudikatzeko.
«Helburu nagusi bi nituen: saharar auzia ikusaraztea, azken urteetan isildua egon baita, eta bigarren ideia zen crowdfunding kanpaina batean laguntzea, ATTsF elkarteak errefuxiatuen kanpamentuetan proiektuak garatu ditzan», azaldu du Alzuetak.
Nerabezarotik lotura
Nerabezarotik auzi horrekin nolabaiteko lotura izan du zangozarrak. Gurasoak Zangozako Sahararen aldeko Puente Solidario elkartearen sorreran hartu zuten parte eta elkarteko kide izaten jarraitzen dute. «Gogoratzen dut saharar neska-mutilak ekartzen zituztela herrira eta etxean ere egon zirela, hortik datorkit sahararrei laguntzeko nahi hori», eta nabarmendu du batez ere gurasoak izan direla urte luzez auzi horretan inplikazioa izan dutenak.
«Ekimen batean edo bestean lagundu dut ahal izan dudanean, baina oraingoan era bereziago batean egin nahi nuen. Aspalditik ari nintzen horretan pentsatzen». Liburu bat irakurtzeak behar zuen bultzada eman ziola diosku.
Tony Robbinsen “Controle su destino” da liburua. Azaldutakoaren arabera, liburu introspektibo horren azken atalak pentsarazi zion egoera zaurgarriago batean daudenei laguntza ematearen beharraren inguruan. Besteen alde nahikoa egiten ari zaren da egiten duen galderetako bat, eta horrek piztu zion erronkari ekiteko erabaki irmoa. Lehen kontaktua errefuxiatuen laguntzan aritzen den CEAR erakundeko lagun batekin izan zuen, eta, gero, ATTsF elkartera jo zuen, lantzen dituen egitasmoak aztertu ondoren. Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkarteari ez ezik, Save The Children erakundeari ere laguntzea erabaki zuen. Zangozako ikastolan ikasi zuen, eta, gero, Enpresen Zuzendaritzan lizentziatu zen NUPen eta Poloniako Unibertsitatean ere jardun zen. Zangozarrak urrats bakoitzean sentitu du lagun asko zeudela bere ekimenari begira.
Herri askotara heltzean Saharako ikurrak, txaloak eta esker onak aurkitu zituen, eta badaki kanpamentuetatik ere telebistaz jarraitu ziotela erronkari. Hainbat erakundek ere deitu zioten animoak emateko. Nafarroan jende askoren sostengua izan zuen, nabarmendu duenez, baita Sahararen aldeko taldeen animoak ere. Hainbat herritan harrera egin zioten. Hurbiltasun keinu horiek lagundu zioten segur aski behin baino gehiagotan aurrera egiten, ez baitzen bide samurra izan.
Irailaren 26an abiatu zen Orreagatik eta hiru asterako planifikatu zuen ibilbidea, egunean 33 kilometro egiteko, baina Villafranca del Bierzon (Gaztela eta Leon) lesioa izan zuen eta astebete hartu behar izan zuen osatu eta erronka amaitu ahal izateko.
Igaro den tokietan hedabideetan albisteak izan duen inpaktua nabarmendu du. «Ikusi dut oihartzuna izan duela eta Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkartea oso pozik dago».
Behin helburua lortuta, onartu du prest egongo litzatekeela kanpamentuetara bidaiatu eta boluntario jarduteko. Bitartean, gauza bakarra eskatu du, saharar herriarentzat dirua biltzeko bideen berri ematea: banketxeko transferentzia bidez (ES25 2100 8988 8102 0001 6949); Bizumen bidez (00952 kodean); eta IHelp plataformaren bidez.