KARIKATURAK ETA DEABRUAK
Teheranen presidente frantsesa deabruaren itxurarekin irudikatzen zuen argazkiak agerian uzten duen bezala, Irandik Siriako iparralde matxinoraino, Pakistandik Indiaraino, asko eta asko sutan jarri ditu Macronek Mahomaren karikaturak egiteko eskubidea aldarrikatu izanak. Haserrea erakusteko orduan aitzindari izan den Erdogan presidente turkiarraren karikatura bat argitaratu du “Charlie Hebdo” aldizkariak bere lehen orrian, erantzun moduan. «Putaseme deabruak» esanez iraindu ditu aldizkarikoak Ankarako Gobernuak. Zer edo zer pentsatzeko denborarik izan ote zuen Samuel Paty irakasleak eskolan karikaturak erakusteagatik txetxeniar gazte batek burua moztu aurretik? Deabrua ala koitadu hutsa? Eta Nizako Notre Dame elizan labankadaz erail zituzten herritarrek? Zertan ari dira Erdogan-Macron eta beste hainbat hautsak harrotzen? Zenbat dira eta non daude deabruak? Nonahi? Aingeru itxura emanez? Karikatura?