GAUR8
DISLEXIA ETA USTE OKERRAK

Diagnostiko azkarra, esku hartze egokia eta mitoak haustea

Bihar, azaroak 8, Dislexiaren Nazioarteko Eguna izango da. Ikaskuntza zailtasun espezifikoa da dislexia, jatorri neurobiologikoa duena eta garaiz egindako diagnostiko batekin eta esku hartze egoki batekin asko hobetu daitekeena. Hala ere, ezjakintasunaren babesean, asko dira dislexiari buruzko mito eta uste okerrak.

Ezkerra eta eskuina nahastea ez da dislexiaren sintoma erabakigarria eta haur dislexikoek ez dute adimen-koziente baxuagoa. Herritarren %5-10ek daukaten nahasmendu horren inguruan ideia oker asko dago.

Dislexia ikaskuntza zailtasun espezifiko bat da eta jatorri neurobiologikoa du. Hitzen ezagutza zehatz eta arinean hainbat zailtasun sortzen ditu, bai eta ortografia eta deskodetze arazoak ere. Dislexiaren Nazioarteko Elkarteak nahasmendu horri buruz egiten duen definizioaren arabera, «zailtasun horiek hizkuntzaren osagai fonologikoan dagoen gabezia batetik datoz, baina gabezia horrek ez dauka loturarik normaltasunez garatzen diren beste trebetasun kognitibo batzuekin. Idaztean eta irakurtzean ulermen arazoak eta esperientzia eskasak sor daitezke eta horiek hiztegia garatzea eragozten dute».

Adituen esanetan, irakurtzeko eta idazteko zailtasun horrek ikasteko arazoak ekar ditzake. «Eta horrek, gainera, eragina izan dezake haurraren autoestimuan, gainerako ikaskideek azkarrago eta ahalegin gutxiagorekin ikasten dutela hautematen baitu». Horregatik da garrantzitsua dislexia «lehenbailehen» diagnostikatzea. Eta horretarako funtsezkoa da gurasoek eta profesionalek sintomak ezagutzen jakitea eta ez nahastea. Berdin garrantzitsua da dislexiaren inguruan dauden mitoak argitzea eta deseraikitzea.

Tratamendu egokia

Dislexia ez da gaixotasun bat: ez da sendatzen, hobetu baizik. Fonologiarekin lanean eta grafemak fonema bihurtzean oinarritutako esku hartze egoki batekin konpentsa daiteke eta haren ondorioak minimiza daitezke. Garrantzitsua da diagnostiko goiztiarra egitea, haurren garuna plastikoa delako eta irakurtzen ikastea zailtzen duten konexio neuronalak ahalik eta azkarren lantzea komeni delako. Horrela emaitzak hobeak izango dira eta eskola porrota izateko arrisku gutxiago izango da.

Sinesmen okerrak

«Haurrak ispiluan hitzak idazten baditu, letrak nahasten baditu edo ez badaki zein den eskuina eta zein ezkerra, dislexikoa da». Hiru uste horietatik, bat ere ez da egia. Adituen esanetan, «dislexia, funtsean, irakurketaren automatizazioari eragiten dion zailtasun bat da, eta, horren ondorioz, oso motel irakurtzen da. Nahasmendu hori duten haurrek zailtasun berezia dute grafien eta fonemen arteko harremana ezartzeko. Horregatik, prozesu hori ez da automatizatzen eta beti oso motela da. Hasierako faseetan, letra batzuk nahasten dira, baina, ondoren, akats horiek desagertu egiten dira».

Irakurketa eta idazketa

Maiz pentsatzen da irakurtzen eta idazten ikastea kostatzen bazaio, dislexikoa dela esan nahi duela. Baina ez da beti horrela izaten. Balorazio bat egin behar da benetan dislexia den ziurtatzeko. Neuropsikologoen arabera, gaur egun irakasle askok beharrezko prestakuntza dute haur bat dislexikoa noiz izan daitekeen antzemateko. Beraz, komeni da gurasoak adi egotea, baina ikastetxearen irizpidean konfiantza izatea.

«Ez da agertzen 7 urtera arte»

Zazpi urtera arte ezin da diagnostikatu; izan ere, normalean sei urterekin hasten da haurra irakurtzen. Baina lehen hezkuntzaren amaieran irakurketa automatizatzeko zailtasun handiak dituzten haurrek lan intentsiboagoa izaten hasi behar dute eta, bigarren mailan hobekuntza nabarmenik gertatzen ez bada, dislexiko gisa diagnostikatuak izateko aukera handia dute.

Aldagai genetikoa

Dislexiak aldagai genetiko garrantzitsua du, baina ez erabatekoa. Dislexia duten haurren %40-80k irakurtzeko arazoak dituzten aurrekariak dauzkate familian.

«Alferrak»

Dislexia duten haurrak ez dira alferrak, irakurtzeko zailtasunak dituzte eta, ahalegin handia eginda ere, kostatu egiten zaie. Adituen esanetan, «pixka bat alferra da» edo «ikusten ahaleginduz gero lortzen duzula?» bezalako esaldiak bereziki arriskutsuak dira, haurrari bere errua dela transmititzen diotelako. Gainera, ahaleginak ahalegin, kanpoko laguntza beharko dute.

Adimen-kozientea

Ez dira batez bestekoa baino azkarragoak edo motelagoak, hori ez baita dislexiko gisa diagnostikatzeko irizpide bat. Haur batek adimen-koziente txikia badu, irakurtzeko arazoak izango ditu, gaitasun kognitibo txikia duelako. Dislexikoek irakurtzeko arazoak dituzte, baina ez dute inteligentzia maila txikiagoa.

Horregatik, dislexikoa izateak ez du esan nahi beti nota txarrak aterako dituenik, nahiz eta askok arazo akademikoak dituzten. Lotura garbia da, eskolako lehen urteetan haurrek idazten eta irakurtzen ikasten dute. Eta, gero, idatziz eta irakurriz segitzen dute ikasten. Horregatik, ikaskuntza prozesuan hain garrantzitsua den tresnarekin arazoak dituen haurrak trabak topatzen ditu. Horregatik da garrantzitsua diagnostikoa.