Xabier Mikel Errekondo

Eutanasia Legea bai! Eta bitartean?

Betitik izan dut gustuko bizitzaren inguruko eztabaida lagunartean. Eta argi daukat bizitza gutako bakoitzak daukagun bizitzeko aukera dela, bat eta bakarra. Argi daukat bizitzak norberaren baloreetan oinarritutako bizi kalitateaz osatua behar duela; bestela ez duela merezi.

Esango nuke gehienok barneratuta daukagula denbora baterako gaudela hemen, lehenago ala beranduago hil egingo garela eta, Jainkoak eramango ez gaituenok behinik behin, heriotzari eskatzen diogula azken uneak sufrimendurik gabeak izan daitezela; laburra eta oinazerik gabea.

Errealitatea baina gordina da eta adibide ugari daude: Ramon Sampedro, Alain Cocq… Oinaze iltzatu eta konponezinean harrapatuta, zaintza paliatiboen amaraunean preso, mendekotasun larrian, sufrimendu eraman ezinaren txarrantxan bilduta sekulako, eutanasia eske garrasi isila. Jendartearen gehiengo zabalak aspaldidanik aldarrikatzen duen Eutanasiaren Legea 2021ean onartzea espero da espainiar Parlamentuan. Baina izapidetzeak luze joko du, luzeegi batzuentzat. Bestea da bidean jasango dituen lobbyen presioen ondorioz erabiltzaileari benetako erabaki ahalmenik emango ote dion.

Bitartean, sufrikarioari eustea ala eutanasia autokudeatzea beste aukerarik ez dago, hots, “pentobarbital” farmakoa lortzea, iruzurrak gaindituta (Argigarriak dira Pello Zubiria Kaminok “Argia” aldizkariaren 2.706 zenbakian ematen dituen datuak). Bitartean, mendekotasun egoeran bagina aurkituko genukeen agertokia aurreikusi eta bermatzeko ariketa egin dezagun.

Nik dagoeneko egina daukat Aurretiazko Borondateen Dokumentua (ABD), eta beste neurrien artean, balizko legearen zain, eutanasiaren aplikazioa bertan jasoa daukat [https://labur.eus/O75u9]. •