Mikel Zubimendi Berastegi

Pentsamendu mistikoaren aroan, politika defendatu

Irrazionaltasuna ez da sekula politikatik urruti ibili. Sarritan gertatzen da: muturreko tentsio politikoen garaian pentsamendu mistikoaren loraldia dator. Trumpen txorakeriak psikotiko batenak dirudite ez balute egungo momentuaren kontzientziarekin bat egingo, ez balira sintonizatuko politika zeharkatu eta baldintzatu duten pentsamendu paranoiko eta konspiratiboekin.

Ez da bakarrik eskuin muturraren kontu bat. Ez da droga bezala mendekotasuna sortzen duela eta munduko trumpzale denak harrapatuta dauzkala. Ezkerrak ere pentsamendu konspiratibo eta mistiko horri ez dio iskin egiten. Hura ere haren besoetan erortzen da. Jatorrian, txertoen kontrako mugimenduak ezkerraren kreatura batzuk dira, batez besteko euskaldunaren goitik dabiltza ezkerreko lagun asko astrologian sinesten, horoskopoak irakurtzen, dieta eta medikuntza sasitar askoren aldarria egiten.

Mistikoa dena, mirakulutsu eta konspiratiboa, indartu egin da. Nagusitasun eraberritu horrek, baina, itxura oker bat eman dezake: politika eta demokrazia modernoaren ustezko arrazionaltasunarekin talka egiten duela. Baina ez dut uste. Esango nuke gaur egungo pertsonak gure arbasoek egin zuten berbera egiten dugula: seinaleen bila, iragarpenen zain, natura arakatzea, ingurua eskaneatzea.

Pentsamendu magikoa ez da ihesbide bat, baina. Batzuk besteen kontra jartzeko forma bat da, sistema sozialen oinarriak ahultzea, pipiak jaten uztea. Trump bezalako estrategen eskuetan, ordena hankaz gora jartzeko tresna da, eta jende askorentzat hori oso erakargarria da. AEBetan bezala, gero eta euskaldun gehiagok sinesten du teoria konspiratibo eta profezia apokaliptikoetan. Nonbait, errazagoa egiten zaie hori arazoei aurre egitea baino, errazago sinesten dute magian herri injustu batean bizi direla onartu baino.

Momentu horietan "politika" eta "politikari" hitzak madarikazio bezala esaten dira, difamatzeko, salatzeko. Ez dira esaten deskribatzeko, are gutxiago ekintza eraikitzaile edo premiazko obra bezala. Eta sarritan uste da politika senide pobrea dela, mendekoa, bigarren mailakoa. Gutxitan goresten da bizitza eta izaera propioa duen zerbait bezala. Politika ez baita erlijioa, etika, zientzia, historia edo ekonomia, ez du dena konpontzen, ez dago leku guztietan, ez da doktrina bat, baina horien guztien osagaiak izan ditzake.

Politika politika da, berariaz baloratu behar dena, ez errespetagarriagoa edo pekuliarragoa delako. Lurralde berean arau komun baten pean dauden interes eta tradizio ezberdinen existentziaren onarpenetik sortzen da. Egia ezberdinen aurrean nolabaiteko tolerantzia bat eskatzen du politikak, etsaituta dauden interesen erdian gobernu bat posible dela aitortzea. Pertsonak bildu, parte hartu, eztabaidatu eta erronka komun batean elkarrekin lan egin dezaketela. Hori da aldaketa handiak lortzeko abiapuntua, politika jende librearen ekintza publikoa delako.

Politika nahasmena da, desordenatua, aurreikusi ezinezkoa eta partziala. Tokian-tokikoa, herrietakoa, baina, ez da politika erreal gisa ikusten. Eskala horretan errazagoa da dena, eraginkorragoa. Errazagoa da asmamena, moldagarritasuna eta gizatasuna erakustea. Eta irreberentzia puntu bat ere behar da, botere eta eragin guztia ez dagoela han, kanpoan, urrutian, barneratzea. Eta herriaren politika senide pobretzat ez hartzea. •