05 DIC. 2020 IBAIAREN SEKRETUAK ARRAUN GOZOAN 1965ean idatzitako maitasun gutun bat topatu dute Urumeako uretan Arrauning enpresak kanoatan ibilaldiak antolatzen ditu Urumea ibaian barna, hain ezezaguna den ibaiaren historia eta istorioak kontatzea aitzakia hartuta. Ibilaldi horietako batean, 1965ean Madrilen idatzitako maitasun eskutitz bat topatu zuten uretan. Inork ez daki nola iritsi den ibaira, baina iritsi da. Amagoia Mujika Arrauning enpresak ibilaldiak eskaintzen ditu Urumea ibaian barna, paseo lasaiak orokorrean hain ezezagunak diren ibaiaren historia eta istorioak ezagutze aldera. «Mareen arabera antolatzen ditugu ibilaldiak. Jendeari ibaia erakustea da helburua, apenas ezagutzen baita. Urumea hitzaren jatorria azaldu, Loiolan dagoen Euskal Herriko baserririk zaharrenetakoa ikusi, Ubako basotik igaro... Loiolatik Astigarragaraino iristen gara. Garai batean sagardoaren ibaia zen. Bertako kontuak azaltzen ditugu ibilaldia egiten dugun bitartean. Urte osoan eskaintzen dugu uretako aisialdia», azaldu du Unai Elizasuk, Arrauning enpresako arduradunak. Kanoatan egiten dute ibilaldia eta, bukaeran, badute ohitura edo erritual bat: ibaian egon behar ez lukeen zerbait jaso behar du parte hartzaile bakoitzak. «Gu ez gara ibaia garbitzen duen enpresa bat, baina ibaia gure etxea da eta bertan pilatzen den zikinkeriaz kontzientziatzeko modua iruditzen zaigu hori, ibilbidearen amaieran bakoitzak zerbait jasotzea», zehaztu du Elizasuk. Gauza mordoa jasotzen omen dute ibaian. Irailaren bukaeran, marea bizia zen arratsalde batean –marea bizia denean zabor gehiago bistaratzen da ibaian–, ibilbidea bukatu eta paper bat jaso zuten, beste askotan bezala. «Papera zabaldu eta segituan konturatu ginen ez zela normalean jasotzen ditugun paperen antzekoa. Madrilen datatua zegoen, 1965. urteko apirilaren 19an, eta ‘Querido Fermin’ idatziz abiatzen zen». Maitasun eskutitz bat zen. Arrauning enpresako sare sozialetan eman zuten aurkikuntza bitxiaren berri eta zenbait komunikabidek ere jaso zuten gertakaria. «Albistea zenbait komunikabidetan agertu zen eta berehala telefonoz deitu zidan emakume batek, Fermin eta Reginaren alaba zela esanez. Bere gurasoak ziren maitasun eskutitzaren protagonistak. Seko harrituta daude, ez dakitelako nola iritsi den eskutitza Urumeara. Donostiako etxean txukun-txukun jasota omen dituzte denak. Nire susmoa da garbiketaren batean konturatu gabe eskutitza zaborretara iritsi zela eta handik ibaira. Auskalo. Esango nuke guk topatu genuenean eskutitzak ez zeramala astebete baino gehiago uretan. Egia da, hala ere, papera kalitate onekoa dela, nahiko gogorra, eta horrek ere lagunduko zuen». Madril eta Donostia artean Regina madrildarra da eta Fermin, donostiarra. Fermin Madrila joan zen soldaduska egitera eta bertan ezagutu zuten elkar. Behin soldaduska bukatuta, Donostiara bueltatu zen Fermin eta egunero idazten zioten elkarri eskutitz bat. Garai hartan Correoseko trenak egunero egiten zuen Madril eta Donostia arteko ibilbidea eta, beraz, bi gazteek egunero zuten elkarren berri. Garai hartako sare soziala horixe. Orain Madril eta Donostia artean bizi dira eta 50 urte inguru daramate ezkonduta. «Reginak berak ere deitu zidan, harrituta eta lotsatuta. Eskutitz hori intimoa zela eta beren arteko gauzak zirela... Gutunaren bukaeran ‘al mejor novio del mundo’ idatziz agurtzen du», kontatu du Elizasuk. Fermin eta Regina Madrilen daude orain. Covid-19ak sortutako egoera lasaitu eta horretarako modua dutenean etorriko omen dira Donostiara. «Etortzen direnerako plana egina daukagu: Urumean barna ibiliko gara kanoak hartuta familia guztiarekin».