Mikel Zubimendi Berastegi

Berrikuntzaren engainuak

Irudipena dut jainko berriak gehiegitxo adoratzen direla azken garaiotan, xarma faltsuek liluratzen duela jende bat. Apurtzailea izatea, eskemak haustea, kutxatik kanpo pentsatzea goresten dela, ekintzaile edo “enprendedore” izatea bilatzen dela, disruptibo. Eta era berean, gure mundua martxan mantentzen duen lana eta gehien inporta duten lanak gutxiesten direla.

Bereziki deigarria egiten zait hori guztia “berrikuntza” hitzarekin. Modan dago: negozioetan, politikan, pentsamenduan, enfasi kultural handia jartzen da “berria eta distiratsua” izateko. Baina iruditzen zait ere nahastu egiten dela dena eta horren onurak esajeratu egiten direla. Berrikuntzaren aldeko hitzontziak heroi egin direla eta benetako heroiak, ahaztu.

Nobedadea aurrerabidearekin nahasten da. Eta gure ekonomien hazkundearen bilaketa desesperatu horretan, benetako berrikuntza (funtzionatzen duten gauzak sortzea) berrikuntzaren inguruko hizkuntza tranpati eta iruzurti batekin nahastu da eta distraitu egiten gaituzte, benetan inporta duenaz aldendu. Berrikuntza zer den pentsatzeko eta lantzeko daukagun modu horrek pobreago egiten gaitu, ziurgabeago eta baita berritzaile eskasago ere.

Erraza da dena irauli behar dela, azkar mugitu eta eskemak apurtu behar direla esatea, irabazle bada mozkin-marjina handiak eta kale egiten badu kostu txikiak dituenarentzat. Horrentzat funtziona lezake agian, baina aholku beldurgarri txarra da egiazko elementu ukigarriak eta guztientzako ongia sortzen edo diseinatzen dituztenentzat. Pentsamendu hori erlijio egitea oso kezkagarria da, bereziki irakaskuntzan, eta aldaketa aldatzeagatik, ideologia bezala, berdin.

Futurista asko dabil, gailentzen ari diren teknologien inplikazio eta aukera paregabeez ohartarazten gaituzte, kreatibitate harrigarri batez mintzo dira. Baina, teknologiak gure bizitzei forma ematen dien bezala, hizkuntzak gure pentsamenduei forma ematen die. Berrikuntza, dagoen ezagutza eta ezagutza berrien arteko konbinazio bezala ulertuta, ez da etsaia. Arazoa berrikuntza salmentarako argumentu tranpati bezala erabiltzea da, oraindik existitzen ez den etorkizun baten amarru. Berrikuntzaren hizkuntza horrek ez duelako etorkizuna deskribatzen eta orainaldiaren inguruan distrakziorako indarra handia da.

Ziur naiz, adibidez, Ingeniaritza ikasten ari diren euskal ikasle gehienek, berrikuntza anpuloso horretan baino, egun existitzen diren sistemen mantentze lanetan eta ikuskaritzan jardungo dutela. Egun, euskal langile gehienak azpiegitura, pertsona eta lekuen mantentze langileak direla. Erlijio egindako berrikuntza baino, mantentze lana eta konponketa funtsezkoak dira gizarte osasuntsu baterako. Eta mantentze lanetara, konponketa eta berrerabilerara inbertsioa bideratzen ez bada, bideratzen ez denez, horrek, ironikoki, asko zailtzen du benetako berrikuntza.

Lanaldi luzeak ez du pasioa eta konpromisoa adierazten. Lan onak ez du behar gau luzerik, ez du behar osasuna eta zoriontasuna sakrifikatzea. Gutxiago lan egiteak, demagun lau lanegun astean, denbora gehiago ematen digu bizitzaren mantentze lanetarako. Eta langilea pozik, produktibo eta ideia hobeekin. Holako enpresa bat zer da, berritzaile edo mantentze lan? Biak, segur aski. Pandemian gutxiago eta funtsezko lanetan jarduteko ideia eta mugimendua indartu egin da. Erakutsi digu behar-beharrezko diren langileak zeintzuk diren, mantentze lanak daukan zentralitatea. Eta berrikuntzak, askotan, dakarren huskeria. •