GAUR8 - mila leiho zabalik

AUZO BATEN ERRETRATUA

San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala kaleek osatzen duten ingurua erretratatu du Bego Elexpek hango profesionalen erretratuen bidez, bizitza errotik aldatzea erabaki zuenean harrera egin zion auzoa ezagutarazi eta haren benetakotasunaren balioa nabarmentzeko. Hilaren 18ra arte bertan egongo da, eta gero izango dira hura ikusteko aukera gehiago.


Bilboko San Frantzisko kaleko ExpoGelan ikusgai dago auzoko denda eta establezimenduetako langileen 40 erretratuz osatutako bilduma, eta ez edonolakoa. Irudien atzean, auzo baten bizitza dago, lanbide eta istorio ezberdinak, baita auzoa bera omentzeko nahia eta inguru horrek duen izaera indartsua, «benetakoa», adierazteko beharra ere.

Erretratu horien egilea Bego Elexpe da. Erakusketari “Auzo baten erretratuak” deitu dio. Lan horrekin bere bizitza bete duen auzo bat omendu nahi izan du, aurreiritziak eta errealitatearekin bat ez datorren irudi bat uxatzeko. Elexperen istorioak berak proiektua hobeto ulertzen laguntzen du, lanbidea eta jaioterria utzi eta aurreiritzi horien eta bestelako gomendioen kontra Bilbo Zaharrean bizitza proiektu berri bat hasi zuen emakume baten istorioa baita. Urteak pasata, balantzea egin behar badu «erabat positiboa» izan dela nabarmendu du, eta orain ikusgai duen erakusketarekin bere auzoa benetan zer den islatu nahi izan du.

Duela urte batzuk izan zuen osasun arazo batek zer pentsatu eman zion Elexperi. «Bizitza motza da eta benetan egin nahi dudana egin behar dut» pentsatu zuela kontatu dio GAUR8ri. Gauzak goizetik gauera oker daitezkeen ebidentziaren aurrean jarri izan balute bezala, argazkilariak goitik beherako aldaketa bat egitea erabaki zuela azaldu du.

Dekoratzailea zen eta zeukan lanbidea eta lanpostu finkoa atzean utzi zituen eta bere argazkilaritza estudio propioa zabaldu zuen Aretxaga kalean, San Frantziskok, Bilbo Zaharrak eta Zabalak Bizkaiko hiriburuaren bihotz historikoan osatzen duten kultura aniztasunaren kosmosaren muin-muinean. Auzoa ez zitzaion ezezaguna, bertan egiten baitzuen lan; lagunak ere bertan zeuzkan. «Heldu zen une bat, non ia dena auzoan egiten nuen, denbora osoa bertan ematen nuen, erosketak auzoan egiten nituen, hemen poteatu… Eta erandiotarra naiz, baina pentsatu nuen ‘zergatik ez dut nire pisua alokatzen eta hona etorri bizitzera?’ Eta hori egin nuen, gaur egun hemen egiten dut lan eta alboan daukat etxea, eta zoriontsu bizi naiz, balantzea erabat positiboa izan da, hamar bat», azaldu du.

Goitik beherako aldaketa bat

Une hartan ingurukoekin ideia partekatzean izan zituen erantzunei dagokienez, ez du ezkutatzen planak kezka eragin zuela etxeko eta hurbilekoen artean. «Etxekoek lagundu naute baina hasieran erokeria zela pentsatzen zuten, nire ahizpak oposizioak prestatzera animatzen ninduen» dio irribarre artean, eta onartzen du ahizparen aholkuaren atzean egonkortasuna bilatzearen nahia zegoela, segurtasunaren bermea izatea, baina «benetan nahi nuena egin behar nuen eta merezi izan du, arro sentitzen naiz nik lortu dudalako guztia; batzuentzat lortu dudana ez da asko izango agian, ez naiz bonbazia handian bizi baina niretzat nahikoa da», dio Elexpek.

Argazkilari lanbidean trebatu behar izan zuen. Elexperen esanetan, oso gustukoa zuen marraztea, bozetoak ere egin izan ditu estudioentzat, baina argazkilaritzara salto egitea erabaki zuen eta horretan jarri zen buru-belarri. Lehenik Milanera joan zen ikasketak egitera, eta ondoren Madrilen jarraitu zuen. «Neure burua prestatuta zegoela ikusi nuenean, nire marka sortu nuen eta hasi nintzen argazkigintzan era profesional batean», adierazi du erandiotarrak.

Marrazkigintzaren aztarnak badaude Elexperen erretratuetan, batez ere koloreen trataerari begiratuta. «Ez ditut argazkiak egiten eta kito, Photoshop-arekin marrazten ditut gero, ez dut guztietan egiten, azkenean bezero bakoitzak eskatzen duena errespetatu behar dudalako, baina proiektu pertsonal bat bada, argazkiak marrazten ditut», dio bere lanaz.

Estudioan apur bat denetarik egiten du eguneroko lanean, orain Gabonen atarian familia askoren erretratuak izaten dituela dio, baina lana denboraldiaren araberakoa izaten da eta sasoi batzuetan emakume asko izaten dituela zehaztu du. Onartu digunez, emakumeen erretratuak oso gustukoak ditu, «era berezi batean transmititzen» dutelako, baina ezkontzak eta era askotako eskaerak jasotzen ditu.

Emakumeen xarma

Kameraren aurrean emakumeak dituenean sortzen den energia horri buruz, Elexpek aipatu digu oro har ikusi duela gizonekin konparatuta autoestimu txikiago bat erakusten dutela emakumezkoek. Kamera batek ez ditu mirariak egiten, baina barruan dagoen hori azalera ateratzen lagundu ahal du. «Ederrak direla demostratzen ahalegintzen naiz, eta, ildo horretan, ez da ariketa medizinal bat, baina laguntzen du, ez dakigu zein politak garen demostratzen diguten arte eta badirudi beste batek erakutsi behar dizula hori», azaldu digu.

Bere esperientzian oinarrituta, nabaritu du gizonezkoen artean ohikoagoa dela euren buruarenganako segurtasun handiago bat adieraztea, baina emakumeen artean kezka eta zalantza asko ikusten ditu, «oso lodi nago, itsusia naiz…» eta horrelako komentarioak maizago entzuten omen ditu azken horien kasuan. «Ez dut emakume itsusirik ikusten, benetan, eta are gehiago, batzuetan agian neska ederra daukazu aurrean, eta berak jada 40 urte dituela, bere irudiaren gaineko zalantzak eta kezkak azaltzen dizkizu… eta gero kristoren argazkiak irteten dira eta ezin dute sinistu baina haien pentsaera aldatzen da, ederrak sentitzen dira ederrak direlako, nik ez dut miraririk egiten», kontatu digu.

«Gizonekin, aldiz, kontrako jarrera maizago ematen da, eta batzuetan keinu eta guzti egiten dute kameraren aurrean, nahiz eta agian keinua batere egokia ez izan, baina konkistatutako lurraldean mugitzen direla ematen du eta hori ez da emakumeen artean ikusten den portaera bat», gaineratu du Elexpek.

Objektiboaren bestaldeko lan horretan egoera gogorrak ezagutu dituela aitortu digu argazkilariak. Tratu txarrak jasan dituzten bezeroak izan ditu estudioan, «kasu itzelak», eta argazki erreportajearekin euren buruari omenaldi moduko bat eskaintzeko aukera ikusi dutenak, «autoestimu edo energia txute» baten beharra balute bezala edota ahalduntzeko modu baten antzera.

Edertasuna azalaraztea

«Batzuetan guztiz hutseratuta etortzen dira eta komentatzen dutena da bizitzaren etapa bat itxi nahi dutela eta berria hasteko autoestimu txute modukoa dela argazki saio hori, inflexio puntu bat. ‘Hemendik aurrera neure burua zaintzera dedikatuko naiz, ondo sentitzera, niretzako denbora izatera...’», azaldu digu estudio barruan bezeroaren eta argazkilariaren artean sortzen den konplizitateaz.

Elexperen ustetan, arin konturatzen zara, begirada tristeak, keinuek... esaten duten horri erreparatzen badiozu eta aldi berean bezeroarekin sortzen den harreman horretan azaltzen da edertasun naturala. «Gero, nire lana da edertasun natural hori handitzea», azpimarratu du.

Horregatik, fotografia saioa hasi aurretik bezeroekin elkarrizketa bat izaten duela argitu du. Dioenez, argazkiak ezin dira asmatu, aurretik pertsona horrekin hitz eginda aztertzen da zer-nolako izaera duen, zein zaletasun dituen, zer-nolako musika entzuten duen, zein janzteko era duen... eta «argazki erreportajea zergatik egin nahi duten» izaten da lehenengo galdera. «Gehienetan elkarrizketa horretan azaltzen da dena, baina sakonago lan egiteko enpatikoa izan behar duzu», nabarmendu du Elexpek, eta gaineratu du erraztasunez murgiltzen dela eremu horretan, «pertsona ezberdinak ezagutzea» oso gustuko duelako.

Elkarrizketa horiek berebiziko garrantzia dute, erretratu klasikoak eskatzen dituzten bezeroak badituelako baina normalean zerbait berezia bilatzen duen jendea izaten du, eta saiorako beharrezko makillajea, arropa eta atrezzoa prestatzeaz arduratzen da. Horregatik, azaldu digu askotan argazki erreportaje hutsa baino «esperientzia» bat izaten dela estudioko saioa.

Esperientzia hori auzoan gauzatzea egokitu zaio orain eta emaitza erretratuen erakusketa da. Argazkiak konfinamenduan egin zituela azaldu dio GAUR8ri. Zortzi bat hilabete eman ditu proiektu horretan merkatarien elkartean egitasmoa proposatu zuenetik. Hara jo zuen merkatarien zerrenda baten bila eta elkarteak proiektua entzun zuenean laguntza eskaini zion.

Hortik aurrera lan guztia doan egin du Elexpek, baina argazkien inprimaketaz merkatarien elkartea arduratu da, azaldutakoaren arabera.

Egitasmoaren sorreraz kontatu digu estudiorako hitzorduak emateko orduan sarriegi entzuten zuela «horraino taxiz joango naiz?» edo «ez zara beldur?» bezalako galderak, «eta askotan pentsatzen nuen kanpoan ez dutela hemen dagoen aberastasuna ezagutzen; gauzak egon badaude, baina ez da duela urte batzuetako San Frantzisko, eta pentsaera horren aurrean auzoaren aldeko kanpaina egiten ibiltzen naiz beti, inguru honetan oso proiektu interesgarriak daudelako».

Auzotik kanpo hain zabalduta dagoen irudi injustu horren aurrean bertako dendetako pertsonak erretratatzea pentsatu zuen, «auzoaren aurkezpen moduko bat egin nahi nuen; zera esan nahi nuen: ‘Begira, pertsona normalak gara, lanbide ugari ditugu hemen eta dagoen eskaintza berezia da’». Izan ere, Bego Elexpek nabarmendu duenez, auzoak aparteko izaera bat du, kultura aniztasunarekin batera eskaintza estandarraz bestelako proposamen bitxiak daude, berritzaileak... «Etor zaitezke goizean eta gaua iritsi eta ez duzu dagoen guztia ikusi, eta hemen gehienak dira euren produktuen egileak eta hori baloratu beharreko gauza bat da», azpimarratu du Elexpek.

Azaldu digunez, jatetxeen eskaintzari dagokionez, proposamenak ere anitzak dira, baina beste hainbat proiektu dago ikuspegi kolektibo eta gizarte izaera markatu batekin, atzean sormen handia eta sinergia bereziak dituztenak. Aipatu ditu kaletik aurkitu daitezkeen horma irudiek ere «oso interesgarri» egiten dutela inguru bohemio hori, baina harremanen esparruan lehengo auzo zaharraren izaera hori gorde duela. «Bilbo erdian gaude baina aparteko giro bat dago hemen», adierazi digu.

Abenduaren 17ra arte izango da erakusketa Bilbao Historiko elkartearen Expogelan, eta ondorengo asteetan auzoko ostalaritza establezimenduetan banatuko dira erretratuak, sektoreak bizi duen une zail honetan. Urte berriarekin, Bilboko beste areto batzuetan izango da ikusgai, eta, besteak beste, Errekalde eta Unibertsitateko Paraninfoa izango dira helmugetako batzuk.