Nekane Zinkunegi Barandiaran

Konspiratzearen plazera

Lanbroak ezkutatutako bazterrak arakatzen arituko dira, gaurko egunez, hainbat eta hainbat lagun, Emakume* Abertzaleen VIII. Topaketa Feministetan. Egoerak hala behartuta, ez da topagune jendetsurik izango: Hego Euskal Herriko zazpi txokotan bilduko dira hainbat fisikoki, eta gainerakoek telematikoki jarraitzeko aukera izango dute.

Gainera, gaurko zitak urtemuga esanguratsu batekin egiten du bat. Aste honetan bete baitira 43 urte Euskadiko Emakumeen Lehen Topaketak egin zituztenetik. 1977ko abenduaren 8tik 11ra izan ziren, EHUren Leioako campusean. Sexualitateaz, etxeko zein kanpoko lanaz edota patriarkatuaz hausnartu zuten 3.000 emakumek. Feminismoaren bigarren olatuak eraginda, garaiko euskal gizartea astindu zuten orduko haiek.

Gaur, berriz, harreman kolonialez eztabaidatuko dute. Mugimendu feministak hausnarketa egin duelako, eta bazter pertsonalak eta kolektiboak arakatzeaz gain, berrantolatzera jo nahi duelako. Ditxosozko pandemiak are ikusezinago bilakatu baititu lehen ere itzalean zeuden kolektiboak eta gatazkak: zaintzaileak, prekaritatea eta arrakala soziala, xenofobia, indarkeria matxista... Hargatik, egunerokoan zeharkatzen gaituzten harreman kolonialei erreparatuko diete gaurko topaketetan.

Feminismoa zerbait bada, horixe delako, deseroso sentitzea. Deserosoa da, interpelatua denarentzat, baina baita praktikatzen duenarentzat ere. Etengabeko hausnarketa eta eztabaida eskatzen ditu, baina hori elkarlanean egiten denean, konspiratzeak ematen duen plazerak hartzen dio gain deserosotasunari. •