Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Arrotza

Tarteka arrotz sentitzen naiz nire gorputzean. Ez dakit sekula gertatu ote zaizuen. Mila bizitza bizitzea, eta zurearekin ahaztea. Haurtzaroko komiki hartako protagonista bilakatzea, Gabai. Brontze Aroan mamutak ehizatzea; Orreagan harriak botatzea; erromatarrekin tratuan aritzea. Eta, bat-batean, hemen eta orain lur hartzea, «hau al naiz ni?» galdezka. Ba bai, Gabai.

Nire inguruan pantailak baino ez ditut ikusten. Pantaila bat patrikan, pantaila bat lan-mahaian, pantaila bat besaulki parean. Presaka nabil batetik bestera. Isiltasunak izutu egiten nau. Eta patrikako gailuan hartzen dut babes. Twitterra eta Facebooka, ia minutuero berritzen diren Interneteko orriak, epaileak Madrilen eta tiroak Etiopian, hauteskundeak Venezuelan eta ertzainak Donostiako Alde Zaharrean. Denak nahasian, pure eginda. Batetik bestera jauzika nabil, zentzumenak beren onetik aterata, emozioak pil-pilean beti, munduarekin haserre batean eta hunkituta hurrena, azala puri-purian.

Pantaila batean kabitzen da mundua eta antsiaz irensten ditut bere irudi eta hotsak; denak nire gorputzean xurgatu nahiko banitu bezala nabil. Handik hona nabil nirea ez den alokairuko etxe honetatik atera ere egin gabe, eta gauez, begiak bildu eta lurralde harrigarrietan murgiltzen naiz. Trumpekin egiten dut amets, eta, bat-batean, Amazoniako oihanetan domino fitxen gisa jausten ari diren zuhaitz-azpietatik ihesi abiatzen naiz. Izerdi patsetan harrapatzen nau iratzargailuak, gaueko munduaren zeharkalditik arnasa bere onera ekarri ezinik. Loaren eta kontzientziaren arteko ibilbide mantsoan estropezuka komunera iritsi eta, batzuetan, ez dut ispiluan ageri den aurpegi zurbil hori ezagutzen. Noiz atera ziren bizar latz horiek, azaleko orbain hori, garatxo hau. Zergatik hanka pisu hauek, sorbalda erori hauek, bizkar makurtu hau. Mundu oso bat poltsikoan, eta hain arrotza den gorputz hau soinean. Nirea ote da egiaz? Ba bai, Gabai.

Eta, hala, pantailatik pantailarako erromesaldian futbol zelai huts bati begira geratu naiz, denbora nolabait irudiz bete nahian. Eta hantxe ikusi dut. Olatu bat zela uste izan dut hasieran, mugimendu bat harmailetan. Begirada zolitu eta koloreen artean pertsonak bereizi nahian ari nintzela ohartu naiz ezetz, hor ez dagoela inor, ordenagailuz sortutako efektu bat baino ez dela jendea zirudiena. Animatu bai baina trabarik egiten ez duten zale birtualak, 0-ak eta 1-ak. Matrix. «Zalerik gabeko futbola, musika gabeko dantza», irakurri dut pankarta batean.

Azkenean gertatu egin baita. Munduak ez dauka gure beharrik. Etxeko leihoek ere pantaila itxura hartu dute, eta zalantzan nago bestaldean ageri dena benetakoa edo ordenagailu batek sortua den. Eta konturatzerako nire gorputz-haragiak arakatzen ari nintzen, USB konexio bat aurkitzeko itxaropenetan. •