GAUR8 - mila leiho zabalik
Lan baldintzak
Entrevista
GOTZON KORTAZAR
Gasteiz-Errioxa-Lautadako LABeko idazkaria

«Gutun Sozialaren rola oso inportantea da, denen artean dinamika aglutinatzaile bat sortzeko»

Pandemiak langile askoren egoera makurtu du. LABek dioenez, haren ondorioei aurre egitetik haragoko aldaketa lortzeko, aliantza sozialari heldu behar zaio.

Endika PORTILLO I FOKU

Covid-19ak eragindako krisiak, guztiek bezala, langileen egoera kolokan jarri du. Ez da ohiko krisia izan, ordea, eta Gotzon Kortazar LAB sindikatuko Arabako arduradunaren ustez, urte gogorra datorren arren, aldi berean benetako aldaketa baterako aukera ere badago.

Pandemiak sortutako krisiak nola eragin du langileen lan baldintzetan?

Urte hasieran gure aurreikuspena konfrontazioa zen, hitzarmenen eta gatazkaren inguruan. Horren erakusgarri izan zen urtarrilaren 30eko greba orokorra. Bat-batean pandemia sartu zen erdian eta horrek beste ondorio batzuk ekarri zituen, haien artean enpresa txiki eta handi pila baten egoera kaskarra. Alde batetik, enplegu galerak, enplegu erregulazio espedienteen bidez (EEE) edo kaleratzeen bidez, eta egoera benetan larria sortu zen. Guk jendea babesteko ekimenak abiatu genituen, arlo judizialean ez ezik, plano diskurtsiboan ere, egoera azalduz eta ardura Gasteizko Gobernuaren gainean kokatzeko, pandemiaren hemengo kudeatzailea baita.

Udan egoera aldatu zen, udaberrian osasunari begiratu gabe ekonomiari begira egindako kudeaketaren ondorioak agerian geratu ziren. Badaude langileen egoera kaskartu den enpresa enblematikoak, hedabideetan agertzen direnak, baina horiez gain, badago beste enpresa pila bat, txikiak, handiak, batzuk beste enpresa batzuentzat lan egiten dutenak eta baita tailer txikiak ere EEE aplikatuta daudenak, eta ez aldi baterakoa (ABEEE); beraz, langile horiek langabezia prestazioa ahitzen ari dira. Urte hasieran pixka bat kolokan zeuden enpresa batzuek hori aprobetxatu dute langileak eta gastuak gainetik kentzeko.

Esan nahi duzu enpresa batzuek egoeraz baliatu direla beste egoera batean ezin egingo luketena egiteko?

Bai, bai, eta gainera amarruak egiten ari dira kontratazioan eta EEEen aplikazioan. Esate baterako, badago jendea astean zehar EEE pean dagoena, gero hori kendu eta eta kontratua egiten diote… Denetik dago, eta administrazioek ez dute jartzen hori kontrolatzeko mekanismorik. Orain dela gutxi agertu ziren hedabideetan ikuskatzen ari zirela esanez, hori kontrolatzeko ikerketa egiten, baina ez dago benetako mekanismorik.

Iragarritako laguntzak nolakoak izan dira eta nola eman dituzte?

Estatuak langileak babesteko iragarri zituen neurriek, laguntza bereziek, oso ondo eman dute izenburuetan, baina egiaz jendeari ez zaizkio heltzen. Edozein administraziok, berdin dio udal, foru aldundi, Lakuako Gobernu edo Madrilgoak kopuru bat jarri zuten laguntzak emateko, eta epe bat. Eskatu zuten lehenen artean halako banaketa egin behar zuten, baina beranduago eskatzen duenak ez omen dauka eskubiderik. Eta badago laguntza benetan behar duen jendea, ez bere negozioari, baizik eta bere bizi baldintzei eusteko, egunero bizitzeko, argia eta kalefakzioa, haurren liburuak ordaintzeko.

Nola egiten ari dira orain aurrekontuak? Betiko moduan. Gastua, adibidez, ez dakit zenbat milioi AHTrentzat eta eskubide sozialak betetzeko huskeria bat. Terminoak alderantzikatu egin behar dira, Estatuan, bai Madrilen bai hemen, ekonomia lehenesten baitute, batzuei begirako ekonomia, eta ez gizarteari begirakoa, eskubide pertsonalak eta globalak kontuan hartu gabe. Horren ondorio da osasun arloan gertatzen dena, zahar etxeetan gertatzen dena...

Pandemiak eragin du zahar etxeen egoera?

Zuk dirua badaukazu, eskubidea daukazu egoitza pribatu batean egoteko hilero 3.000 euro ordainduz, eta egoitza publiko batean lekua lortzeko ilaran apuntatu eta ez dakit zenbat denbora itxaroten eman behar duzu. Argi eta garbi ikusten da zein lehentasun duten, eta ez da gizartea. Egoera honek sortutako benetako beharrek nabarmendu egin dituzte politika horiek. Batzuek harrituta ikusi dute egoitza horietan sekulako sarraskiak gertatu direla, baina hori hor zegoen, ez da pandemiak eragina bakarrik. Zaharren egoitzek erakutsi dute nola urteetako pribatizazioek betikoentzako negozio hutsak bihurtu diren, eta ondorioak oso traumatikoak izan dira. Eta hori ikusita ere, dinamika berari eutsi diote. Oreka bat lortu beharra dagoela diote, pribatuaren eta publikoaren arteko oreka bat, baina ez da hori, zeren ikuspegi horrekin berriro sartuko gara zuloan. Horregatik gure irakurketa eta proposamena ez da hori, alegia sindikatuen eta enpresen artean bakarrik bideratzea, baizik eta gizarteak, eta harekin sindikatuek, multzo bat egitea konfrontatzeko, benetako aldaketa lortzeko.

Autonomoei nola eragin die egoerak?

Autonomoen artean bi mota daude. Benetako autonomoa eta faltsua. Bigarren horiek enpresa batentzat lan egiten dute egoerak behartuta, ez daukatelako beste irtenbiderik. Guk uste dugu hori antolatu egin behar dela, autonomo faltsua desagertu egin behar dela, eta hori konpontzeko ardura patronalarena eta inolako eskubiderik errespetatu gabe kudeatzen dutenena da. Zuk garraio enpresa batentzat lan egin dezakezu eta kalera bidaltzen bazaituzte ez daukazu langabezia sorospenik ez ezer, eta gainera zure irtenbideak oso gutxi izango dira. Gero eta irtenbide zailagoa duen jendea dago. Hori konpontzeko, alde batetik administrazioak esfortzu bat egin behar du eta ez bakarrik ez duela hori kontrolatzeko mekanismorik esanez, eta beste alde batetik, patronalak hori desagerrarazi behar du.

Beste autonomoak ere bistan da egoerak gogor kolpatu dituela; adibidez, ostalaritzakoak. Horien eskubideak finkatu eta indartu behar ditugu. Gizarte Segurantzan dagoen jendea da, eta guk proposatzen dugun kode sozialaren arabera, autonomoei estaldura handiagoa eman behar zaie&sixPerEmSpace;, eta ez noizbehinka laguntzak eman, baizik eta modu estrukturalean antolatu, adabakirik gabe, haien eskubideak jasota, eta horrela ez da laguntzarik behar izango, edo beharbada bai, baina beste sektore batzuetan bezala.

Pandemiak eta eragin duen horrek guztiak nolako arrastoa utziko dute?

Nire sentsazioa da gauza batzuk aldatu direla. Elkartasun moduak, filosofiak, Estatuaren eta gizartearen arteko harremanak... horren guztiaren inguruko kontzeptuak. Galdu ditugun eskubide sozialak berreskuratzea konplikatua izango da. Sozialak, politikoak eta pertsonalak ere bai, zeren oso bitxia da nola azken boladan gobernuek pandemiatik ateratzeko edo egoera ekonomiko eta soziala aldatzeko ardura jendearen gainean jarri duten, ardura indibidual gisa. Zertarako daude haiek, orduan? Baina lortu dute sektore batzuek barneratzea, nahiz eta ez den orokorra, egoera honetan bizitzea beste posibilitaterik ez dagoela. Eta hori aldatzea konplikatua da. Uste dut egin behar dugula diskurtso pedagogiko bat eta praktika bat, aldatzeko aukera badagoela erakusteko.

Gure aurreikuspenen arabera, datorren urtean egoera ekonomikoa okerragoa izango da, ondorioak pilatzen baitoaz eta krisia zenbait sektoretan estrukturala baita. Guk geure mugimenduak egin behar ditugu, eta dagoeneko bi lan aurkeztu ditugu. Bat, enpleguaren defentsarako proposamen bat, gizartearekin, eragileekin eta beste sindikatuekin lantzeko, eta prest gaude, halaber, bai patronalarekin, bai Gasteizko Gobernuarekin hitz egiteko. Beste proposamen bat ere egin dugu. Gaur egun hemengo lan arauak Madrildik zehaztuta datoz, eta guk proposatu dugu, alde batetik, gizarte segurantza propioa eta langile estatutuaren antzeko figura bat indarrean jartzea, beste irakurketa baten eta, beraz, beste lan baldintza batzuen araberakoa. Horrek eskatzen du hemengo administrazioen kudeaketa subiranotasun klabean egitea.

Batzuetan eman lezake gure irakurketa ezkorra dela, baina zentzu horretan kontrakoa da, positiboa, badaudelako aldaketa soziopolitiko garrantzitsua lortzeko kondizioak. Urte gogorra izango da, baina aukerak ere badaude.

Eta nola gauzatu daitezke aukera horiek?

Enplegu plan berriak sortzeko edo egoera ekonomikoa aldatzeko, kontziente gara kapitalak egin duela bere diseinu ekonomikoa, eta hori aldatu behar da, agortuta dago, eta erakusgarri asko daude. Gure proposamena da hori dena aldatzea, zerbitzu publikoak salbatzea, eta horretarako aliantza sozial bat behar dugu.

Horretarako, gure ustez, Gutun Sozialaren rola oso inportantea da. Eragileak bildu behar dituen tresna da, tartean sindikatuak, bakoitza bere ikuspuntutik, bere irakurketatik, bere esperientziatik eta bere proposamenarekin, denen artean dinamika aglutinatzaile bat sortu eta lortzen diren aliantza sozialen bidez poliki-poliki pausoak eman, azkenean benetako aldaketa sozial eta ekonomikoa lortzeko. Horrek luze joko du, kontziente gara, baina, nolanahi ere, oso garbi daukagu horretarako agentea zeinek izan behar duen: Gutun Sozialak. Hor badaude beste sindikatu eta beste eragile batzuk beren diskurtsoarekin, beren alternatibekin, baina marko bat lortu dugu denok bertan topatzeko, denok indar egiteko eta mobilizazioak bideratzeko, lehengo egunean, (hilaren 13an) Hego Euskal Herriko hiriburuetan aurrekontuak direla-eta egin genuen antzera. Nork bere irakurketa egingo du, baina minimo batzuetan ados gaude, Gutun Sozialean, alegia.

Sostengu zabalarekin, gainera.

Bai, bai. Kanpo daude, logikoa denez, enpresaburuak eta kudeatzaileak; azken batean, hemen konfrontazio bat dago proiektu antagonikoen artean. Enpresaburuek eta kudeatzaileek beren proiektua dute, beren antolaketa piramidalean goian egotea, eta gurea, ez dela piramiderik egon behar dioena, baizik eta denon eskubide sozial, ekonomiko, politiko, pertsonalak… Konbentzituta gaude urduri daudela, krisi ekonomikoa mundu mailako krisia eta abar dela esango dute, baina beste kontu bat da pandemiaren kudeaketa nola egiten ari diren eta kudeaketa horren ondorioak. Azalpenak eman behar dituzte gizartearen aurrean.