GAUR8 - mila leiho zabalik

Hedabide libreak


Hitz egitea, mailarik oinarrizkoenean ere, erantzukizunak hartzea da beti. Norbaitek beste norbaiti zerbait esaten dionean, emantzat jotzen da esaten duen hori egia dela uste duela. Hori da gizakion arteko komunikazioaren zutabe funtsezkoenetariko bat: ez dugu hitz egiten gure ahotsa entzutea gustatzen zaigulako, edo gure ahots-kordak berotu nahi ditugulako. Hitz egiten dugu, zerbait esan nahi dugulako –gure iritziak, usteak, desirak edo dena delakoak adierazi nahi ditugulako–. Eta zerbait esaten dugun bakoitzean, horixe ari gara adierazten, bidenabar: esan duguna egiatzat daukagula.

Hitz egitea erantzukizunak hartzea da, bai. Giza komunikazioaren deskripzio hutsa da hori, eta ez, inolaz ere, irizpide moral bat. Alegia, ez naiz esaten ari arduratsuak izan beharko genukeela, herritar zintzoak, eta esaten duguna egia izan dadin saiatu beharko genukeela. Ez. Esaten ari naizena da gizakion arteko komunikazioan emantzat jotzen den irizpidea dela hori. Adibiderik hutsalenean ikus daiteke: esaten badizut «euria ari du kanpoan», eta zuk, kanpora irten eta ikusten baduzu ateri dagoela, kargu hartuko didazu, ziurrenera. Euria ari duen edo ez duen ari, nahiko gai hutsala da, baina gauza batek inporta du hemen: nire erantzuna ezin izan daiteke «tira, esan dizut euria ari duela baina horrekin ez nizun adierazi nahi euria ari duenik, edo hala uste dudanik». Pertsonen arteko komunikazioak zentzurik badu, esaten dugunarekiko erantzukizuna hartzen dugulako da. Jai genuke bestela.

Maila askotako erantzukizunak har ditzakegu zerbait esaten dugunean. Eragina izango du, adibidez, gaiak: ez dizut berdin kargu hartuko euriari buruz zerbait faltsua esaten badidazu edo nire osasunari kalte egin diezaiokeen zerbait esaten badidazu. Inporta du, baita ere, non edo noren aurrean esaten den esaten dena: ez da gauza bera zerbait faltsua esatea lagunari, ikasleei, epaileari, edo aurrean dugun pazienteari. Eta, jakina, inporta du nor den informazioa helarazten ari zaiguna: ez du erantzukizun bera igogailuan topatu dugun lagunak, politikariak, adituak edo kazetariak. Edo ez luke hala behar, behintzat.

Badaude diskurtso genero batzuk erantzukizun horiez salbu baleude bezala jokatzen dutenak, ordea. Publizitatearena adibide garbia da. Esaten zaigu auto hau erosteak libreago egingo gaituela, krema hori erabiltzeak gaztetuko gaituela, otarrainxkak afalduta bake santuan pasatuko dugula Gabon gaua familian. Iragarkietan esaten direnetatik asko kontu faltsuak dira, esaten dizkigunak badaki faltsuak direla, eta guk ere badakigu ez direla egia. Eta, halere, ez gara asaldatzen, ez diegu kargurik hartzen. Badirudi inoiz inork onartu ziola publizitateari egiarekiko erantzukizun oroz salbu dela.

Egiarekiko axolagabetasun antzekoa ikusten ari gara, azkenaldian, zenbait hedabide berritan. Informazio faltsua zabaltzen dute, datuen gaineko interpretazio makurrak egiten dituzte, eta argudio herrenak baliatzen dituzte irakurleak konbentzitzeko. Eta ez dira eguraldiaz edo otarrainxkez ari; milaka pertsona hil dituen birus bati buruz idazten dute, lasai ederrean. Kargu hartu zaienetan, berehala erantzun dute mantra ezagunarekin: iritzi guztiak dira zilegi, gurea hedabide librea baita –besteak ez–. Zein oker ulertua dugun iritzi-askatasuna. Behagarri, frogagarri eta neurgarri diren gaietan, iritziak sobera daude. Euritan blai egiten ariko bagina, eta ateri dagoela esango banizu, erotzat joko nindukezu. Ez da ba makala oraintxe gainean dugun erauntsia, eta, halere, entzun egin behar alferrik direla aterkiak. •