Euskara eta adimen artifiziala
Abenduaren 3an, urtero legez, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu genuen Informatika fakultatean, eta bertako Euskara Batzordeak horretarako ekitaldia prestatu zuen. Ikasleen parte hartzea bultzatzeko asmoz, eskolak zein atsedenak pixka bat mozten dira egun horretan, eta horrela goizaren erdian 70-75 minutuko tartea lortzen da ekitaldia egiteko. Aurten zerbait berria egin nahi genuen (guretzat berria) eta mahai inguru bat antolatu genuen “Euskara eta Adimen Artifiziala” titulupean. Horrez gain, bukatzear zegoen 2020ko Euskaraldian osatutako Arigunearen laguntzaz, bideo lehiaketa bat egina zen aurreko asteetan “Euskara eta Informatika” gaiarekin, eta abenduaren 3ko ekitaldian lehiaketara aurkeztutako bideoen proiekzioa zein sari banaketa egin ziren.
Mahai inguruan hausnartutako ideia batzuk ekarri nahi nituzke lerro hauetara. Mahaiko partaideak Nora Aranberri, Mikel Artetxe eta Gorka Azkune izan ziren, hirurak doktoreak, hirurak Ixa ikerketa taldeko partaideak HiTZ teknologia zentroaren barnean, eta hirurak gazteak. Nora eta Gorka UPV/EHUko irakasleak dira. Mikel, berriz, Facebook AI Research-eko ikertzailea da egun Londonen eta bideokonferentzia bitartez hartu zuen parte mahaian. Mikel eta Gorka informatikariak dira, eta Nora, berriz, hizkuntzalaria. Haien lanari buruzko informazio gehiago wikipedian edota www.hitz.eus helbidean aurki dezakezue. Mahaia bideratzeko lanak, berriz, lerro hauek sinatzen dituenak egin zituen, eta zilegitzat jo du han aditutako zenbait ideia hona ekartzea beste partaideei “baimena” eskatu gabe (ni ere Ixako kidea naiz, eta lagunen artean lan egiteak horrelako konfiantza hartzeko askatasuna ematen du).
Hizkuntzaren azterketa eta prozesaketa betidanik izan da atal garrantzitsu bat adimen artifizialaren diziplinan (AA hemendik aurrera). Izan ere, giza adimenaren ezaugarri nagusienetarikoa da hizkuntza, eta AAren helburua bada, labur esanda, makinari ematea giza adimenari dagozkion ezaugarriak, ezinbestekoa da makinak gizakion hizkuntza ulertzea, idatzizkoa zein hizketakoa.
Mahaiko partaideek euren ikerketa jardunean zertan ari diren laburtu ondoren, galdera batzuk egin nizkien, iritzia eman zezaten. Garrantzitsuenak honako hauek izan ziren: 1) Nolakoa den euskararen “osasuna” hizkuntzaren prozesaketaren arloaren barruan kontuan izanik ez dela nahiko genukeen bezain nagusi; 2) AA dela eta, iraultza baten aurrean gaudela dioten ahotsak badira, eta zenbaitek mesfidantzaz ikusten du iraultza hori, beti baitaude galtzaileak iraultzetan. Iragarpena egitea eskatu genien gure mahaikideei galdetuta zer-nolako aldaketak (onak eta txarrak) ikusten zituzten, epe motzean, euskararen eguneroko erabileran; 3) Multinazionalek duten indarra ukaezina da, baina ondo legoke aztertzea zer egin dezakegun lokalki presio horren aurrean euskal komunitate zientifikoa osatzen dugun kideok, ikasle, ikerlari zein irakasle.
Galderak ez ziren errazak, baina ez zen azterketa, hausnarketa baizik, eta azken galderaren haritik entzundako ideia batekin bukatu nahi dut laburpen hau. Komunitate zientifikoaren zereginen artean kalitatezko irakaskuntza eta ikerkuntza egitea dago, bertan ikasitako eta hezitako kideak edozein tokitara iritsi ahal izateko, baita indar handia duten multinazional horietara ere. Bide horretan, euskaraz produzitu behar dugu ahal dugun guztia: artikuluak, apunteak, liburuak, hitzaldiak... eta euskaraz kontsumitu behar dugu, noski. Ongi dakigun moduan, egungo algoritmoek eta teknikek datu asko eta asko behar dituzte horietatik ikasteko. Denok dugu, beraz, parte hartzeko aukera! •