GAUR8 - mila leiho zabalik

Pasteurren bigarren heriotza, zenbat damu eta dolu


Pandemiak gure bizimodua goitik behera irauli duen garaian, eremu politikotik –zein kazetaritzaren lerroetatik– heltzen zaigun harrabotsa gero eta jasangaitzagoa bilakatu da. Lehenagotik ere oso presente zegoen neurriz gain antzezteko joera. Hala da. Hala ere, hilabeteak aurrera joan ahala, seguruenik pazientzia kolektiboaren xahutzearen ondorioz, pandemiaren harira pizturiko etengabeko karrankak sakonago mintzen ditu belarriak.

Txertoaren inguruan pizturiko lehia guztiek paroxismoaren gailurra zapaltzeko aukera paregabea irudikatu dute. Azken asteko gorabeherei erreparatu aitzin, komeniko litzateke atzerabegirako labur bat egitea.

Izan ere, mundua heriotzaz eta sufrimenduz estali duen gaitzari erremedioa emateko lehiaketa aspalditik dator. Baita txertoa «arma» gisa ezaugarritu zuten hainbat estatubururen jokabidea ere. Hizkuntza militarraren zale, nazioarteko agintari gehienek argudio zientifikoak ezarri zituzten «batailoiko» aurreko lerroan, nahiz eta bigarrenean osasunaren aldeko ahaleginetatik harago beste interes batzuk jokoan zirela jakitun izan.

Txertoaren geopolitika horren baitan, etsai ofizialek –Txina, Errusia, Kuba…– eginiko aurrerapen bakoitza zalantzan jarri eta herrialde horietako zientzialariek eginiko lana hutsaren hurrengoa balitz bezala alboratu zuten; bide batez Louis Pasteurren oharra –«zientziak aberririk ez du» errana utzi zuen– bazterrean utzi zutela. Horren segidan, harrokeriaren errezetari eutsiz, «txerto susmagarri» horiek immunizazio kolektiboaren prozedurari eginiko ekarpenaren gainean aparteko gogoetarik ez zuten egin, edo bederen, tutik ez zuten aipatu. «Minutu eta emaitza» erregelaren arabera jokatzen duen eredu informatibo horren baitan zenbat aldiz entzun dugu kontraste zientifikoa ahalbidetuko zuen informaziorik? Aditurik ez al dago denok maizter garen mundu honetan gertatzen ari den txertaketa prozesu «paralelo» horri buruz informazioa zabaltzeko? Dibulgazio hori, arrazoi ezberdinak direla medio, ezinezkoa bada, zer pentsa eman beharko liguke mundu mailako gobernantza faltak osasun krisia gainditzeko suposatzen duen galgak.

Kurba hori eta koadro hura erakustearekin batera, Gerra Hotz 5.0 horretan nolabait lerratzera bultzatu gaituzte, kasik botika industriak eraikitako inperioaren follower bilakatu arte. Gutxi batzuen esku dagoen «hori» gurea balitz bezala sentiarazteko kontakizun ederra egin ziguten, onartu dezagun. Zientzialarien arteko elkarlana, alde batetik, eta laborategi nagusiek onarturiko kode deontologikoa, bestetik, sartu zituzten lapikoan.

Bat-batean, ordea, publiko-pribatu elkarlanaren fabulak zirrist egin du. Izan ere, «gure» txertoen banaketa hasi eta berehala agerian gelditu da merkatuaren lege bihozgabea noraino erroturik dagoen.

Bruselak industria farmazeutikoaren eskutik jasan duen tratamendu iraingarriaren berri izan aitzin, bere estimuari galera handia ekarri dion zartako bikoitza jaso zuen Parisek, Sanofi enpresa lehenik eta ondotik frantziar akademiaren ikur den Pasteur Institutua txerto trikolorea garatzeko lasterketatik kanpo gelditu baitira. Akordio transnazionalak, pribatizazioak, murrizketak.. auzian eman gabe, Pasteurren bigarren heriotza aldarrikatu eta hainbat dolu eta damu azaldu dira hexagonoko tribunetan, zientzialariaren beste egia bat ahantzita: «Zorte onak ongi zaindutako buruei soilik mesede egiten die». •