Maitane Aldanondo
Entrevista
Ane Ablanedo Larrion
Hezitzaile eta haurren terapeuta

«Askatasuna gure errealitatearen eraldatzaile eta gure bizitzaren sortzaile izatea da, ez besterik, baina hori guztia»

Egungo hezkuntza sistema zorrotz eta kritiko begiratzen du. Eskola «benetako ikaslekua» izan dadin «bizitoki» bilakatu behar dela uste du, bizitzaren luzapen bat. Eta garbi dauka «benetako askatasunari» tokia egin behar zaiola ikasleku horietan.

Euskal Filologian lizentziaduna eta euskara irakaslea da Ane Ablanedo Larrion (Iruñea, 1973) Baionako Unibertsitateko Euskal Ikasketa Sailean nahiz Kanboko Kolegioan. Haurren terapeuta izateko neurosiaren prebentzioari buruzko ikasketak ditu, eta heziketa askeari buruzko hitzaldiak eman ohi ditu. Zorrotz eta kritiko begiratzen dio hezkuntza sistemari. Esateko asko du gai sakon bezain zabal honi buruz, eta ito gabe murgiltzeko hari mutur ugari dakartza erantzunetan: ideia iradokitzaileak, gogoetarako gakoak, zenbait probokazio... Baita zeharkako ohar bat ere: gizartea aldatu nahi duenak hezkuntzan du ezinbesteko abiapuntua.

Hezitzaileen eta gurasoen formatzailea zara, eta eskola nahiz pedagogia askeaz mintzatu ohi zara. Pedagogiak norbait «bideratzeko» teknikak biltzen baditu, nola izan daiteke librea?

Hitz bikote pixka bat kontraesankorra da. Oinarri bezala hartu beharko genuke zer den pertsona batek garatzeko, hazteko, ikasteko, behar duena, horren araberako heziketa eredu bat proposatzeko haurrari, eskolan eta etxean. Eskolak ez bailuke izan behar momentu batetik aurrera umea joaten den toki bat baino, oso toki interesgarria izaten ahal dena, noski, egon baitaitezke etxean ez dauden materialak, espazioak, erlazionatzeko umeak... Baina horretarako eskola dagoen bezala beste ikastoki batzuk ere badaudela onartuta. Ikasketa naturalki gertatzen den zerbait baldin bada, hausnarketa honakoa litzateke: Nor gara gu haurrak zer ikasi behar duen, zer interesatu behar zaion edo zer komeni zaion esateko? Berak jakingo du, ezta? Etikaren ikuspuntutik ez da oso defendagarria, baina, gainera, erabat antzua den kontua da ikasketari dagokionez: benetan zerbait ikasi nahi ez baduzu, ez baituzu ikasiko, barneratuko, oso nota ona aterata ere. Zorionez! Maila horretan behintzat, libre garelako. Eskola benetan ikasleku izan dadila nahi badugu, bilakatu behar dugu bizitoki, bizitzaren luzapen bat, eta horretarako, kendu egin behar diogu ikasketa eragozten duen guztia.

Zerk oztopatzen du?

Ezinezkoa da bizirik egotea eta ez ikastea, kontua da zer ikasten den benetan eskolan. Haurrak biziki interesatuta daude bizitzarekin, dena ikasi nahi izaten dute, dena galdetzen... Baina hori itzaltzen joaten da; eskolan, kasualitatez [keinu ironikoa egin du]. Ikasteko grina hori ez galtzeko, zer egin? Eskaintzan arreta jarri, eta gauza asko ezagutu eta ikasteko aukera zabala duten espazioak antolatu haurrentzat. Beste gako bat da nolako helduak dauden espazio horietan, umeak benetan errespetatuko ote dituzten, eta afektiboki esanguratsuak bilakatzeko modukoak diren, horretarako ez-direktiboak izan behar dutelako. Erdigunean umeak egon behar luke, baina eskola, oro har, direktiboa da, haurrak bideratzeko egina dagoelako, argi eta garbi. Horixe da ikasketa gehien eragozten duena; umeak sakon-sakonean ikasten duelako bere interesak ahazten, eta beste batek berarengandik espero duena egiten. Sentitzen duelako horregatik izango dela maitatua, onartua eta arrakastatsua.

Beraz, haurrari erakutsi egin behar zaio, ez irakatsi?

Euskarak baditu bi aditzak, eta polita da ikustea zer alde dagoen. Heldu bezala erakuts dezakezu nor zaren, nolakoa, zer egiten duzun. Umearentzat interesgarria bada, hartuko du. Denok ikasten dugu imitazioz. Pasioz egiten badut zerbait, berak ere nahiko du hori ikasi; sekulako plazerarekin ari naizela ikusten duelako, hain zuzen ere. Baina irakasteak erantsia du inposizioa, baita horrekin inplizituki lotua dagoen biolentzia dosia ere, handiagoa edo ttipiagoa. Pertsona bat bideratzeko nahitaezkoa delako: zigorra, nota, saria. Pertsona bati bera izaten ez uztea biolentzia da, zentzu filosofiko batean ere.

Egungo hezkuntza sistema parametro horietatik urrun dago...

Antipodetan. Heziketa espezie guztietan gertatzen da, hitzaren adierarik neutroenean, belaunaldi heldu batek hurrengo belaunaldiari egiten dion jakintza beharrezkoen transmisioa baita. Horregatik, gizarte bati ispilua zaio beti sortzen duen heziketa. Nola ez da egingo, bada, urrun? Parametro hauetatik gure bizimodua dagoen bezain urrun...

Gizarteratzea ahalbidetzeaz gain, hezkuntza sistemaren jarraitutasuna bermatzera bideratuta dago, zenbait jarrera eta balio irakastera. Zertan atzeman daiteke?

Hezkuntza sistema egungo gizarte eredua sostengatuko duen profil psikologikoa sortzeko egina dago. Ikusten ez ditugun balio inplizitu asko daude. Eskolak bizitzaren luzapena izan behar badu, zergatik taldekatzen ditugu haurrak adinaren arabera? Oso antinaturala da, baina badu bere helburua: lehia sortzea. Zergatik iruditzen zaigu eskolan denbora galtzea dela zerbait ekoizten ez egotea? Zer ideologia dago hor? Eskolan kalifikatuak izaten ikasten dugu, eta hori, gainera, gauza naturala balitz bezala jasotzen. Umea azkenean ohitzen da gizarte honek ezarritako balioen arabera bizitzera, entrenamendu moduko bat da. Ikasten du garrantzitsuena ez dela nork bere bideari segitzea, beste batenari abnegazioz segitzen jakitea baizik. Obeditzea. Zergatik gara denak adeitsuak? Zergatik bizi dugu gaizki ezezkoa ematea? Denon profil psikologikoa definitzen duten kontu horiek ez dira kasualitatea, denak molde bertsutik eginak gaudelako. Heziketak ongi lortu ditu bere helburu ezkutukoak.

Esan ohi duzu haurraren etapak bizitzak berak markatzen dituela eta ez duela behar kanpotik ezer hartzea. Hazi ala hezi egin beharko genuke?

Tomate batek badaki tomate izaten, heldu bilakatzen, bere naturan dago, badaki zer behar duen, eta badu horren bila joateko aski indar. Laborariaren lana ez da bideratzea, tira egitea, gorritzeko behar duen hori ematea baizik. Bada, umeekin gauza bera litzateke. Heziketak direktibo izateari utzi eta akonpainamendu izaten hasi beharko luke, hazteko beharrezkoa dena emanez, eta kito. Umea gai denez bere errealitate esparru gero eta zabalagoa kudeatzeko, hori erabakimenez egiten utzi beharko genioke. Hori da heziketa askeago baten oinarria. Lau hilabeteko ume batek ere badaki noiz nahi/behar duen besotan. Errespetatzen dugun ala ez, hor dago bi heziketa ereduen arteko diferentzia politiko eta ideologikoa.

Haurraren garapenaren ikuspegitik zer da egokiago: etxean gelditzea amatasun/aitatasun bajak luzatuz edo haur eskolen zerbitzua unibertsalizatzea?

Prebentzioaren ikuspuntutik, ñabardura askorekin, diskurtsoak ez luke izan behar 0-3 urteko heziketa denentzat, baizik eta amatasun baja luze eta ordainduak. Ñabardura askorekin esan dut, zeren eta haur eskolak izan daitezke zentro onak, behin ulertuta giza garapenaren logika eta horietan oinarritutako klabeen arabera funtzionatuta, umearen garapena eta ratioak estuki errespetatuz, adibidez. Baina giza garapenari buruzko ezjakintasun handia dugu, gure erabakiek izan ditzaketen ondorio edo kalteei buruzkoa. Ikaragarria da osasun ikuspuntu integraletik gurasoek egin dezaketen funtzio prebentiboa, eta hori sustatu eta saritu egin behar da. Ez dut ezer aitatasun baimenen kontra, baina ez dadila izan amak beharko lukeen baimen askoz luzeagoaren kaltetan. Ama egon ahal izan dadila etxean bi urte-edo, hala nahi badu, ondo ordainduta eta lana bermatuta, eta aitak nahi badu, ere bai. Askotan amaren eskubideen edo berdintasunaren aitzakian umearen zaintza karga balitz bezala ulertzen dugu; beharbada batzuek hala bizi dute eta aintzat hartu beharko dira, baina amarengandik jaiotzen gara, naturak ez du momentuz hori aldatu.

Hori horrela, zein da haurrak eskolaratzeko adin egokia?

Eskolara joatea hiru urte baino lehen ez da haurrak duen behar bat, etxean hurbilekoekin egotea besterik ez baitu behar. Hiru urterekin heldutasun mugarri oso inportante bat gertatzen da: pertsona maitatuen irudia barnean eramateko gaitasuna eskuratzen dugu. Hau da, ama nirekin ez badago ere, barnean daramat bere irudia, eman didan segurtasuna, eta horrek laguntzen dit mundura ateratzen indartsu eta lasai. Noski, hori prozesu luzea da, eta horregatik ez da berdina bi urterekin edo lau hilabeterekin joatea eskolara. Lehen urtea oso garai delikatua da, ulertu beharko genuke kasik haurdunaldiaren luzapen moduko bat bezala, oso heldugabe jaiotzen garen espeziea garelako, oinez ez jakiteak erakusten digun bezala. Lehen urteko mendekotasun erabatekoari erantzuten jakitea ezinbestekoa da.

Pedagogia askeari buruzko hitzaldietako asko ikastetxeetan eman dituzu. Nola hartzen dute hezitzaileek?

Ongi. Askatasuna iradokitzailea da beti. Eta modu askeago baten arabera erlaziona gaitezkeela ikastea, zeresanik ez. Haurren heziketan aldagai inportanteena da beti hezitzailea. Eta toki guztietan daudenez hezitzaile onak, hau da, haurrak pertsona oso eta duin bezala begiratzen dituztenak, eta premisa horren araberako kokaleku ideologiko eta politikoa hartzen dutenak, hori izan behar da abiapuntua. Heziketa sistema horrela diseinatu duenak baditu ezkutuko helburuak, ez dut zalantzarik, baina hori ez da, ordea, heziketa eredu hori exekutatzea tokatzen zaigunon kasua. Oro har, denok nahi dugu haurren ongizatea, aske garatu ahal izan daitezela. Kontua da beldurra dugula, eta konfiantza falta. Iruditzen zaigulako askatasuna edukiz gero eztanda bat izango genukeela barnean, ez genukeela ezer errespetatuko. Guri gertatzen zaigunaren proiekzioa egiten dugu eta horregatik jotzen dugu direktibo izatera; ohartu gabe eztanda gehiegizko mugaren ondorio dela, bideratuegi egotearen ondorio, benetan behar genuena jaso ez izanarena.

Beldurra diogu askatasunari?

Bai, handia. Anbibalentzia dugu. Nahiko genuke, baina ez gara ausartzen. Izpiritu libre diren horiekin gertatzen zaiguna ilustratiboa da, ez direla beti ongi ikusiak, erakarmena sortzen digutela, baina baita gorrotoa ere... Gero, gaizki-ulertu asko dago askatasunaren inguruan. Adibidez, aske bizi denak ez dituela besteak aintzat hartzen edo ume bat aske bada, ez duela jakingo gizartean bizitzen. Ez, ez. Eskola libre deitutakoetan haurrek adosten dute beren elkarbizitza, arauen beharrezkotasunaz ohartu egiten baitira. Askatasunari kalte handia egin diote horrelako usteek.

Ez gara libre, ez dakigu aske izaten, ezta askatasuna zer den ere...

Saldu digute libreak garela, baina oso eredu neoliberala da: indibidualismoa, nahi duzuna egitea edo erosi ahal izatea... Eta ez da hori. Askatasuna da gure bizitzaren gidaritza hartzea, horretarako tresna. Helduoi tresna hori erabiltzeko gaitasuna atrofiatu egin zaigu heziketa prozesu luzearen ondorioz, baina haurrek oraindik badakite oso erraz erabiltzen. Tresna xumea da, poltsikoan eraman dezakezuna, zurekiko konexioa ahalbidetzen dizuna, alde batetik, jakiteko zer behar duzun, zer nahi duzun... Eta errealitatearen nolakotasunaren berri ere ematen dizuna, bestetik, desio hori nola gauzatu dezakezun jakiteko. Askatasuna gure errealitatearen eraldatzaile eta gure bizitzaren sortzaile izatea da, ez besterik, baina hori guztia!

Nola eraman dezakegu gaitasun hori haurrarekin dugun harremanera?

Haurrak ez dezala galdu berekiko konexioa, izan dezala tresna hori erabiltzeko aukera eta bermatua bere erabakiak hartzeko eskubidea, horretarako gaitasuna duelako eta horrek ekarriko baitio bere bizitzaren jabe eta egile izatearen sentsazioa. Helduok konfiantza galdu dugu gure gaitasunean gidatuak izan garelako, sentitzen dugu beste batek gidatu ezean, ez genukeela jakingo gure bizitza gidatzen. Heldu bezala zaindu egin behar dugu umearen gaitasun hori, eta berarengandik guk ikasi.

Heziketa libreari lotuta, zapalduen pedagogiaz ere mintzatu izan zara, Paulo Freire filosofo eta pedagogoaren kontzeptua zeureganatuz. Euskal Herriaren testuingurura ekarrita, zer har dezakegu hortik?

Zapalduaren pedagogiaz aritzen naiz, heziketa benetan librea izan dadin gure zapaldu egoera kontuan hartu behar dugula azpimarratzeko. Haurrei dagokie beren errealitatea topatzea, ados, egia. Baina zer gertatzen da egiturazkoak diren baina kamuflatuta dauden zapalkuntzekin? Adibidez, demokrazian bizi gara? Bateraezina da herri zapalduan eta demokrazian bizitzea, haurrei esan egin beharko zaie orduan, ezta? Helduon eginkizuna da gure komunitatean bizitzeko klabeak ematea, beharrezkoak direlako askatasunean bizi ahal izatea lortzeko. Baina horretarako guk beharko genituzke argi izan, eta iruditzen zait azken hamarkadetan sekulako inboluzio ideologikoa izaten ari garela. Ikastolak sortu ziren garaiko diktadura oso agerikoa zen, orain ez bezala, eta errazagoa zen garbi edukitzea hezkuntza sistema hori ez zela gurea eta sortu egin behar genuela, adibidez. Uste dut horren kontzientzia lausoagoa dela orain. Etengabe ari gara gure hezkuntza sistemak nolakoa beharko lukeen gora eta behera, edukiko bagenu bezala! Ikastolak sortu ziren gure hezkuntza sistema publikoa izateko, baina, gaur egun, ez dira.

Orain menderakuntzari «aniztasuna» esaten zaiola ere esan izan duzu...

Bai, hala da. Begira, gauza probokatzaile bat botako dut: [ironiaz] gu saiatzen gara gure haurrek euskaraz egin dezaten, baina, noski, euskara politizatu gabe, hori ez baita egin behar, denona da, eta abar. Orduan, ez diegu esaten espainola ez dugula maite, itsusia dela, eta abar, hori gaizki ikusia baitago. Orain elkarrekin bizi behar baitute hizkuntzek, badakizu. Elkarbizitzaren kontu hori, eta abar... [serio] Bada, zer gertatzen da? 15 urterekin, edo lehenago, ez dutela umeek euskaraz eginen, Iruñea batean adibidez, hegemonikoa den hizkuntzari helduko diotela, errazago zaielako. Beraien “hautua”, espainolez egitea izanen da. Baina, aniztasunaren diskurtso horren arabera, hor ez dago arazorik ezta? Anitzak baldin bagara... Hizkuntzarekin bezala gure beste kontu nazionaletan oso galdua ikusten dut nik herria, eta horren isla baino ez da heziketan ikusten dudana.

Alegia, batzuetan, haurra egiaz aske izateko nolabait eragin behar dugu?

Hori da. Adibidearekin jarraituz, haurrari uzten bazaio eskolan nahi duen hizkuntza aukeratzen, toki askotako haurrek espainola edo frantsesa hautatuko dute. Askea al da hautu hori? Badirudi askatasuna dela haurraren hautuetan behin ere ez eragitea, errealitateak neutroak eta ez-kondizionatuak balira bezala. Zapalkuntza agerikoa denean funtziona genezake horrela, berez ikusiko bailuke euskaldun bezala ez duela batere eskubiderik, espainolak eta frantsesak ditugula agintean... Baina kamuflaje perfektuaren garaiotan, non demokrazia dagoen, herri aniztasuna... Gure herriaren errealitatea beste batzuek definitu eta bereganatu dute, biolentziaz, noski, eta guk esku hartu ezean, hori da umeak ikusi eta ikasiko duena. Hori ez da libre haztea, hori da errealitate soziopolitiko zapaltzailearen esku uztea haurren heziketa politikoa. Heziketa feminista eskaintzen dugunean ez dugu pentsatzen askatasuna mugatzen ari garenik, ahalbidetzen baizik, estrukturala den menderakuntza baten aurrean kokatzeko klabeak ematen ditugulako. Bada, galdera utziko dut: Zergatik ez dugu berdin jokatzen herri zapalkuntzarekin?

Nik argi dut. Herri zapaldua garen kontzientzia galdu dugulako. Eta larria da hori.