GAUR8 - mila leiho zabalik

Erotika erregulatua


Goizero bezala, esnatu eta irratia piztu nuen gosaria egin bitartean. Mugikorreko aplikazio bati buruz hitz egiten ari zirela iruditu zitzaidan, ez nuen interes handirik jarri hasieran, baina «harreman sexualak» entzun eta belarriak tentetu zitzaizkidan. Harreman sexualak –hala deitzen diete batzuek– erregulatzeko tresna moduan aurkeztu zuten Danimarkako aplikazioa onespen esplizitua emateko balio duen aplikazioa omen da. Norbaitek harreman erotikoak nahi izanez gero, gonbidapena bidali eta besteak baiezkoa edo ezezkoa ematen du eta onespen horrek 24 orduko balioa izango du. Iritziz aldatzeko aukera ere badago, harreman erotikoak izan baino lehenago eta baita bitartean ere. Berria aurkeztu ondoren, irratiko tertuliano orojakileek beren iritziak partekatu zituzten. Nire belarriak tente egotetik, gorri jartzen hasi zitzaizkidan. «Sexua» hitzak zergatik ekartzen du beti zikintzen duen beste hitz edo adjektibo bat ondoan? Indarkeria ekidite aldera, ez al dugu gure esparru erotikoa gero eta gehiago mugatzen?

Ez dira galdera erantzun errazak, nola erregulatu gure desiren dantza aplikazio edo legeen bidez? Hala ere, pentsatzera ausartu naiz eta deigarria iruditzen zait indarkeriaren eta erotikaren arteko harremana. Egia da gure bi ezaugarri hauek harremana dutela, ziur asko betidanik izan dute eta seguruenik, beti izango dute (indarkeria leku guztietan dagoelako eta beraz, baita erotikaren arloan ere). Baina harreman sexual deitzen dioten esparruan, indarkeriak beste konnotazio bat hartzen duela iruditzen zait, grabeagoa, mingarriagoa, moralagoa. Eta honekin ez dut esan nahi indarkeria hauek ez dutenik minik egiten, edo ez direnik mingarriagoak, bakoitzaren bizipenetan uzten dut mailakatze hori, baina jendarte bezala gai hau nola lantzen ari garen arduratzen nau.

Harreman erotikoen erregulazioa eskatzen ari dira asko. Ez da gauza berria, kulturak, jendarteak, existitzen direnetik, erotikaren erregulazioak egon dira, gure gorputz eta desirak kontrolatzeko asmoz. Lehen bekatuaren izenean, osasun mentalenean, gaixotasunenean, arriskuenean eta orain, indarkeria ekiditearen izenean. Erotikaren erregulazioak, debekuak, ez du indarkeria desagerrarazi, desinformazioa, errua, beldurra eta kontrola indartu baizik. Gure erotiko izatea arriskutsua dela indartzen jarraitzen dute, kontuz ibili behar dugula gure plazerekin, gorputzekin, genitalekin. Indarkeria hau isolatuta dagoela pentsarazten digute, indarkeria estrukturala dela ukatuz. Sistema honek bultzatzen dituen harreman ereduak toxikoak direla ezkutatzen dute eta gainera, gure ohean sartzeko eskaria egiten digute, eta askok, onartu.

Behin eta berriro, erotikaren zikintzearekin aurkitzen gara. Ez dugu modu positiboan lantzen, beti dago alde ilunaren gailentze bat. Agian, gure buruak erotikoki ezagutzeak lagunduko liguke, zer gustatzen zaigun eta zer ez ezagutzeak, jolasean ari garenean gertatzen diren egoerak kudeatzen ikasiko bagenu, gure limiteak errespetatuko bagenitu, bestearenak ikusten erakutsi, harremanei buruz hitz egingo bagenu, baietzei lekua eman, gure burua babesten ikasi... gure izate erotikoaren ahalduntzea ekarriko luke. Agian ez da hori helburua, ezta? •