Xabier Mikel Errekondo

Beste 30 urte

Etxe handia da Sabin Etxea. Familia handi baten etxe handia. Familia boteretsua, boteretsuena. Eta boterean jarraitu nahi du. Horregatik alderdi jeltzaleak lepoa luzatu eta burua altxatu egin du, datozen hamarkadei perspektibarekin begiratu eta estrategia irabazlea diseinatzeko. Horretarako dira abiatu Sabin Etxeko gotorlekutik zaldunak Euskalduna jauregira jeltzaleen VIII. Aberri Batzarra burutzera, familia ezberdinak, bakoitza bere abizen ikurrekin, ezkutuekin eta lantzekin; alderdi-irabazlearen elite politikoa. Xede bat eta bakarra, irabazi eta boterean gotortu, kosta ahala kosta. Helburua ez baita inoiz izan herria eraikitzea, etxea zaintzea baizik. Jeltzaleen elite politikoaren eta familia ekonomikoaren etxea.

Ezin ukatu bizkorrak direnik, bizkorrenak, agian. Horregatik jarri ditu 30 bat aditu epe ertain eta luzera begira, eragiten diguten gai garrantzitsuenetan herritarrok etorkizunean izan genitzakeen ikuskerak antzematera: nazioa, kultura, euskara, instituzioak, ereserkia, autodeterminazioa, etab. (emaitza Sabino Arana fundazioko “Hermes” aldizkarian). Orain, laborategi lana dagokie, hots, xiringaz alderdiaren printzipioetan eta estrategian atal bakoitza dosi egokian txertatzea.

Alderdiak burua altxatu du, prismatikoekin urrunera begiratu eta hartu ditu notak, beste 30 urtez boterean gotortzeko behar dituen gakoak. Eta lepoa luzatuta bistan edukitzeak hotzikara sortuko balio bezala burua berehala luma artera ezkutatu du berriro, inork moztu ez diezaion, inork hegemonia lapurtu ez diezaion.

Beste 30 urte sabindarren etxea zaintzen. Beste 30 urte herririk eraiki gabe, herrigintzarik gabe… •