Joana Garmendia

Nik ez dut zientzian sinesten

Horixe entzun nion lagun bati aurrekoan, txertoaz eta pandemiaz eta birusaz ari ginela: berak ez duela zientzian sinesten. Postura horren beste aldaera batzuk ere irakurri izan ditut: ez dagoela zientzia bakarra, nork bere logika propioa duela, zientzia dela erlijio berria, eta zer ez. Esango nuke azkenaldian, pandemiaren aitzakian, maizago entzun eta irakurri ditugula gisakoak. Ez zait, ordea, erraza egiten zer esan nahi duten ulertzea: zertan ez du sinesten jende horrek, zehazki? Matematikan? Biologian? Fisikan?

Zientziaren ateo horiei, 1.30 euro balio duen kafea ordaintzeko hamar eurokoa eman dutenean, itzuliko nizkieke bost euro soilik. Edo, ardo bat eskatu dutenean, aterako nizkieke zazpi. Matematika bat eta bakarra ez badago, ezin esango didazu euro eta hogei balio duen kafea ordainduta bost euro baino gehiago jaso behar dituzula bueltan. Logikaren disidenteei, esango nieke azterketa gainditu dutela eta ez dutela gainditu. Aginduko nieke ariketak zuzen egiten badituzte 10 lortuko dutela, baina ariketak zuzen eginez gero jarriko nieke 7. Nork bere logika baldin badugu, inork ezingo lidake esan zerbait ezin denik izan gauza bat eta horren aurkakoa aldi berean, edo baldintza baten aurrekaria betetzen denean ondorioak ere bete behar duenik. Edo botako nieke baldekada ur, eta gero desenkusatu, nik ezin jakin bainezakeen busti egingo nituenik.

Esango nuke, zientzian ez dutela sinesten dioten horietatik askok, egiaz, beste zerbait esan nahi dutela. Gaur egun zientzia-ikerketa eta horren adar askotarikoak antolaturik dauden moduaz mesfidati direla, hori ote den benetan esan nahi dutena. Eta, hori bai, ederki ulertzen dut zientzia-ikerketarekin loturiko zenbait auzirekin eszeptiko edo kritiko izatea. Botikagintzak merkatu-arauen mendean diharduelako, adibidez. Edo zientzia-ikerketa, gehiegitan, zenbait gobernu/enpresaren interesen esanetara dagoelako –dirua behar da ikerketa egiteko, eta dirua banatzen duenak erabaki dezake, askotan, nork zer ikertu–. Baina gauza bat da hori, eta bestea, oso bestelakoa, zientzian ez sinestea.

Zientzia, zerbait bada, gauzak egiteko modu bat da, errealitatea aztertzeko eta azaltzeko metodo bat. Zientzia, edukiak baino, joko-arauek definitzen dute gehiago: metodo zientifikoaren zorroztasun, zehaztasun eta objektibotasunak. Ateo konbentzituek metodoa bera jartzen dute zalantzan, eta ondorioak ez dira makalak. Lurlauzaleena adibide egokia da. Bada dokumental ezagun bat (“Behind the curve”, 2018, Daniel J. Clark) haien mundu-ikuskeraren berri oso ondo ematen duena. Lurra laua dela diote, eta mundu mailako konspirazioen bidez azaltzen dute zergatik den lurra laua eta zergatik sinetsarazi diguten bestelakorik. Konspirazioaren teoria horien barruan, korapiloari korapiloz erantzuten diote, eta, bueltan-bueltan, baieztatzen dute hedabideak “transgenero-presioa” egiten ari direla, mutilak neska eta neskak mutil bihurtzen saiatzen; halako eta halako narrasti-gizakiak direla; edo agintean daudenek giza sakrifizioak eta odol-errituak egiten dituztela. Eman dezake erokeria edo eman dezake adarjotzea, baina ez gintuzke horrenbeste harritu behar: ebidentzia ororen aurka doan zerbait egiatzat onartzeko prest bagaude, zer ez da ba izango egiatzat defendagarria sistema horretan. Jokoaren arauak ukatzen baditugu, edozerk balioko du gure jokoan. Eta, hara, denak balio duenean ez du ezerk balio.

Eta, edonola ere, zentzu hertsian, bat nator zientziaren ateoekin: nik ere ez dut zientzian sinesten. Izan ere, sinetsi, erlijioan egin behar da. Hil osteko bizitzan. Homeopatian. Horoskopoan. Nik ez dut sinesten fedea eskatzen didaten gauzetan. Nik ez dut sinesten sinetsi egin behar diren gauzetan. •