Maider Iantzi Goienetxe

Dena dugulako aldatzeko

Maistrak esan zuen: idatzi ikusten duzuna. / Baina ikusten dudanak ez nau emozionatzen. / Maistrak erantzun zuen: / Aldatu ikusten duzuna». Louise Glück Literatura Nobel saridunaren idatzi horrek hitz gutxitan aunitz transmititzen du. Heziketaren muina izan beharko lukeena biltzen du: norbere dohaina aurkitzen eta garatzen laguntzea. Gure barreneko pasioari ere dei egiten dio, gauzak gustuz egiten badira hobeki ateratzen direlako. Hobe da alde guztietatik begiratuta: lehenik eta behin, zuk gozatzen duzu eginez, eta emaitzan nabaritzen da gero. Sukaldean aritzen garenean bezala.

Osasuna ala dirua, dilema horretaz eztabaidatzen dugun bitartean ezin dugu ahantzi amesten, irudikatzen eta sortzen dugunak ere egiten gaituela pertsona eta arnasten dugun airea bezainbertze behar dugula kultura.

Etxeratu gintuztenetik urtebetera, inoiz baino premiazkoagoa da Martxoaren 8an kaleak hartzea, dena dugulako aldatzeko. Eta pandemiak bertze aldera ezin begiratzeko moduan bistaratu duelako behar bat, gainerako guztiak biltzen dituena: zaintzea. Osasuna, zainketak, langileak, negozio txikiak, harremanak, hizkuntza, kultura eta kulturgileak, ingurumena, herriak, hezkuntza, eguneroko plazer txikiak... pertsonak, finean. Hel diezaiegun pasioz krisiak zabaltzen dizkigun aukera berriei, sentitzen dugun beldurra ukatu gabe, beldurrarekin ere aldaketa handiak lortzen ahal direla jakinda. •