Amaia Nausia Pimoulier

Paternalismoa eta errua

Aurrekoan entzun nion komentarioa Iruñeko kazetari bati; Iruñeko Mugimendu Feministak Martxoaren 8aren harira deituriko prentsaurrekoan kazetariek luzatutako galderen antzekorik ez duela entzun urtebetean zehar beste sindikatu, alderdi eta eragileek egin dituzten mobilizazio deialdietan. Hau da, koronabirusaren aurrean zer neurri hartuko dituen mugimenduak kutsatzeak ekiditeko. Horrelako galdera paternalistak egiteko bi arrazoi aurkitzen ditut nik –ziur gehiago daudela–; emakumeak adin txikikoak bagina bezala tratatzeko dagoen joera eta gure gain kokatzen den zaintzaren ardura eta ardura hori ez lehenesteagatik inposatzen zaigun errudun sentimendua.

Lehenengoari kasu eginez, gure gaineko jarrera paternalistei dagokienez, ez da ezer berria. Gure gaitasun intelektuala txikiagoa dela esan da mendeetan zehar. Arrazoi biologizistak erabili izan ohi dira. Oso diskurtso anitzak egon dira medikuntzaren historiaren alorrean: gizon eta emakumeen burmuinaren osaera eta tamaina ezberdinek gure arteko gaitasun ezberdinak azaltzen dituztela defendatzen zutenak –orain dela gutxi Gina Rippon Astoneko katedradunak desberdintasunik ez dagoela azaldu duen arren– edo sortzen garen momentutik gu ahulagoak garela defendatu dutenak kasu.

Ondorengoa da nire gustukoena, Juan Luis Vivesen teoria, XVI. mendekoa. Pentsalari horren arabera emakumearen sabelak bero nahiko zuenean gizonaren hazia jasotzerakoan, gizontxo bat sortzen zen, baina sabela hotz bazegoen, neskatila bat jaioko zen. Horregatik, zioen Vivesek, bero faltagatik gure burmuina ez dago nahiko “egosia” eta horregatik gara ahulagoak, tontoagoak eta arriskutsuagoak sistemarentzako. Ondorioa, noski, emakumeen mendekotasunaren justifikazioa: gure ondoan gizon bat behar dugu erabaki zentzudunak hartzeko (aita edo senarra), gure emozionalitateak gure arrazoiaren gainean agintzen duelako. Hobeki ulertzen dira orain M8aren inguruko kezkak, ezta? Feministak emozionalegiak izaten ari gara eta ez gara erabakiak ongi pentsatzen ari.

Bestetik, erruaren zama. Hori bai zama astuna eta historikoa! Gizartearentzat dugun eginkizun funtsezkoena amatasuna dela esan zitzaigunetik, zaintzaren pisua gure gain jarri da beti. Batez ere leku itxietan, familiartean edo zaintza guneetan kutsatzeak gertatzen direla esan zitzaigunetik (zein gutxi entzun den, ordea, lantokietan zer portzentajetan izan diren kutsatzeak), hau da, leku feminizatuetan, zenbat emakumek sentitu ote dute beraiek zaintzen zuten pertsonen gaixotasunaren errua propio bezala? Hau ere, aurrekoa bezala, ez da berria eta aspalditik barneratu dugun diskurtso berdinean du jatorria; besteak zaintzeko gaitasuna gure baitan dagoela, guregan naturala dela, eta horregatik gara eta izan behar gara enpatikoagoak, emozionalagoak, gure beharrak alde batera utziz.

Horregatik, etxean ez garela geldituko esaten dugunean, gure beharrak eta aldarrikapenak ez ditugula bigarren mailan kokatuko esaten dugunean, gure jarrerak ez dira onartzen. Orduan, gure ustezko enpatia eta emozionalitateak ez digute erabaki zentzudunak hartzen uzten. Ez dut sinisten berez horrela garenik, horrela eta horretarako hezi gaituztela uste dut. Baina, hain justu oso enpatikoa izatea eta besteen zaintzari garrantzia ematea iruditzen zait Martxoaren 8an kaleetara ateratzea gizarte hobe baten alde borroka egiteko. •