GAUR8 - mila leiho zabalik

Hitz hutsak: tortura


Hitzak ikur hutsak dira, edukirik ez badute. Hitzak ez dira soinu bat edo beltza zurian egindako marrazkia besterik. Hitzen edukia da horiek entzun edo esatean eztarria urratzen diguna, dardara eragiten diguna. Edukirik gabeko hitzak forma hutsak dira. Oskolak. Lewis Carrollek oskola oskolari josiz idatzi zuen “Jabberwocky” poema: hizkuntza dirudi, baina ez da; hitz hutsen segida hutsa da.

Errepikapenak hustu egiten ditu hitz batzuk. Esatearen esatez edukia higatzen diegu. Ezagutzen duzu sentsazio hori, hitz bat errepikatzearen errepikatzez arrotz bihurtzen zaizunekoa. Hutsune, hutsune, hutsune, hutsune. Esan hogei aldiz. Hitz arraioa. Behin eta berriro entzutean, halako distantzia bat sortzen da hitzaren eta zure artean: oskola dirudi, kartoizkoa, arrotza. Horren antzera, baina oso desberdin, hustu ditugun hitzen zerrenda egiten hasiko naiz. Erabiltzearen erabiltzez, esatearen esatez, edukiz hustu ditugunena. Gaur bat. Tortura.

Joan diren asteetan albiste eta titular asko bete ditu torturak. Hitzak, diot. Gure diskurtsoetan aspalditik eta oso maiz erabiltzen dugun hitza da. Non eta hemen. Nork eta guk. Esaldi erdi-eginak ere baditugu, buruz dakigunaren erritmo bereziaz ebakitzen ditugunak. Hemen torturatu egiten da, Zabalza hil arte torturatu zuten, 5.657 pertsona torturatu dituzte hemen. Eztarririk urratu gabe esaten ditugu, dardararik egin gabe idazten ditugu. Kartoizkoa dirudi torturak gure diskurtsoetan. Kartoizko munstroa.

Normala izango da. Duela ez asko arte esnatzen ginen, gaur bai eta bihar ez, torturari buruzko berriekin. Eta behin eta berriro esaten denak eragiteko gaitasuna galtzen du. Berdin gertatu zaigu aurten kutsatuekin eta hildakoekin. Pandemiaren hasieran, hildakoak tantaka iristen hasi zirenean, tanta bakoitzak olatua eragiten zuen. Orain, urtebete geroago, 365 “Teleberri” monotematikoren ondoren, hildakoen zifrek ez digute eztarririk urratzen. Bai, normala izango da. Harri-koskor bat eskuan hartuta ikusiko duzu ondoen, eta ukitu, pisua sentitu, hotzetik eta latzetik zer duen sentitu. Baina harri pilari begiratzeko pauso bat egin beharko duzu atzera; pila handitu eta beste pauso bat atzera. Berdin egin dugu torturarekin, pandemiak hildakoekin: gehiegi dira gertutik begiratzeko.

Hitza errepikatzeak edukiz husten du hitza, eta horrek halako distantzia bat sortzen du hitzaren eta gure artean. Eta torturari, hitzari, distantzia horren atzetik begiratu diogu. Nola bestela. Nola segi ikasten, lanean, bizitzen, oskol horren barruan zegoena eskuan hartuta. Horrela jokatu dugu luzaz, ahal genuenean, ahal genuenok. Baina distantziak birrintzen zirenean, eta aldamenekoa, etxekoa, ohekoa zenean 5 egunez mundutik erauzi zigutena, hitzari derrepentean bueltatzen zitzaion zentzu osoa. Eta, orduan ez, orduan ez zuen kartoizkotik ezer munstroak. Eta ezin genuen ulertu nola jarrai zezaketen besteek ikasten, lanean, bizitzen. Eta orduan besteak egiten zitzaizkigun arrotz, distantzian, kartoizko bizitzetan. Baina bagenekien, denok esaten genuen, hemen torturatu egiten da.

Hitzak, torturak, ez digu urraturik egiten, gehiegitan entzun dugu, esan dugu. Horregatik dira horren garrantzitsuak hitzari zentzua itzultzen dioten ahotsak, azken asteetan prentsan eta komunikabideetan entzun eta irakurri ditugunak. Hitz hustua betetzen dutelako, distantziak birrintzen dituztelako. Kartoizko zifra eta titularrez harago, hezur-haragizko minak eta izen-abizendun munstroak seinalatzen dituztelako. •