Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

«ERRATZAREKIN BURUAN JOKO ZAITUZTET»

«Erratzarekin buruan joko zaituztet», esaten zuten amonek haurren aldrebeskeriekin haserretzen zirenean. Erratzaren boterea zuten, zikina garbi eta mordoiloa txukun bihurtzeko gaitasun ikaragarria. Ez sukaldean edo logelan, batez ere beren bizitzan eta ingurukoenean. Zenbat erabaki, zenbat aholku, zenbat korapilo askatuak amantaldun magal horietan. Erratzarekin edo gabe hegan egiteko gaitasuna ere bazeukaten, baina kontrakoa sinetsarazi zieten. Oraindik erratzarekin segitzen dugu, belaunaldi batzuk pasatu diren arren. Ez dakigu hegan egiteko gai garen, baina saiatzeko ausardia handiagoa dugu, batzuetan sikiera. Eta kartelak pegatzeko ere erabiltzen ditugu orain erratzak, gure minak ahots goran esaten ikasten ari baikara. Erratzek ez dute ondo ematen feminismoz mozorrotutako mezu aratz eta politikoki zuzenetan. Erratza zatarra bezain praktikoa eta beharrezkoa da, hau guztia iraultzekotan hankak lokatzetan sartu beharko direlako. Eta, bai, guk ere izaten dugu baten batzuei erratzarekin buruan jotzeko gogoa. Amagoia Mujika Telleria