Joxean Agirre

Txiriparen teoria

Mikel Zabalzaren auzia dela eta, prentsan irakurri ditudan lekukotasunetatik bi iruditu zaizkit lazgarrienak, Joxe Mari Olarrak egunkari honetan idatzi zuen artikulua (18 aldiz atxilotu zuten) eta Josu Mujikari “Berria”-n egin zioten elkarrizketa (Gomez Nietoren grabazioan aipatzen den presoa).

Gaiaren inguruko gogoeten artean iradokitzaileena, berriz, orain bizpahiru aste Kepa Kortak egunkari honetan idatzi zuen “Txiripaz” izeneko zutabea izan zen, azkar eta gaizki laburbiltzeko, erregistratuta dauden bost edo sei mila tortura kasuei txiripaz libratu zirenak gehitu behar zaizkiela baitzioen, beste milaka asko alegia.

Eta iradokitzailea da, txiriparen gaia edo «zer gertatuko zen, baldin eta …» esaldiari jarraipena emateak fikzioari, azken batean beldurrari, bidea ematen diolako.

Gurean, anai-arrebon artean bakarrak ezagutu zuen tortura. Besteok suertea izan genuen. Nik egun bat eta gau bat egin nituen atxilotuta Parisen Burgosko epaiketaren kontrako kartel pila bat aurkitu zituelako Poliziak bizi ginen etxean. Susto txiki bat izan zen. Gertakaria hemen izan balitz, epelak hartuta aterako nintzen.

Bakarrak ezagutu zuen tortura, baina hura atxilotu zuten edo ezkutatuta egon zen bakoitzean familia osoa ibili ohi zen dantzan. Okerrena gurasoei egokitzen zitzaien. Artean baserrian bizi ziren eta guardia zibilak joan ohi ziren erregistroak egitera.

Badut eszena gogoangarri bat. Arratsalde batez bisitan joan eta baserriko sukaldea kez beteta aurkitu nuen eta ama ekonomikaren alde batean pilaturik zituen liburuak erretzen ari zen. Marxen “Kapitala” izan zitekeen, irakurri gabea noski, eta Leninen obra osoa, hau ere irakurri gabea, eta gisako beste azal gogorreko hainbat. Ez dago zatituta ere gisa horretako liburuak erreko dituen ekonomikarik. Liburu horien artean nobela batzuk ere bazeudela oharturik, amari kargu hartu nion eta berak bizarra zuten autore guztiak hartu zituela erantzun zidan.

Goizeko ordu txikietan agertzen ziren eta auzoko nagusia esnatu eta lekuko gisa zutela ematen zioten itzulia baserriko zokoei. Ondoren amak kafesnearekin gailetak jartzen zizkien gosaltzeko sukaldeko mahaian. Gajoak pasatzen zituen apuruez gainera gure errietak entzun behar izaten zituen guardia zibilei gosaria ematen zielako. •