GAUR8 - mila leiho zabalik

Bizialdiak


Denborak fikzio ukitu bat ematen die gertakariei, gertatu ote ziren ere zalantzan jartzeraino. Atzera begira jarri eta haurtzaroko zenbait oroitzapen geuk asmatuak direla iruditzen zaigu eta larri ibili asko hala izaten.

Auzoko eskolan, esaterako, goizero maistrak makila bana ematen zigun eskura eta harekin arbelean bakoitzak bere letrari sekulako kolpeak joz, ikasi genuen alfabetoa, letra ahots goraz errepikatuz. Baina kontatzen dudan bakoitzean sinesgaitz begiratzen didate ingurukoek eta neuri ere asmatua, gezurrezkoa ote den iruditzen zait.

Beste adibide bat: astero ogia egiteko erabiltzen zen ore-mahaira (orea egiteko aska) igotzen gintuen amak bi ume txiki, hankak garbitu ondoren, eta Errioxako miss-ek mahatsa zapaltzen duten modu berean zapaltzen genuen guk orea, ganora pixka bat gehiagorekin, hori bai, dantza tribal bat egiten ari bagina bezala. Gaur ama biziko balitz eta galdetuko banio, lotsatu egingo zen eta ukatu egingo zidan seguru asko oroitzapen hori, eta ea zergatik asmatzen ditudan txorakeria horiek esango zidan, bera hain emakume moderna eta dotorea izaki.

Hartu, bi idazle aipatzearren, Saramagoren edo Thomas Bernarderen haurtzaroak eta gisako istorioak kontatzen dituzte.

Ez horrenbeste baina fikziotik asko dutela iruditzen zait “Egin” egunkariko langile asanblada amaigabeek edo lanean hasi eta egin nituen lehen elkarrizketek edo 80ko hamarkada hasierako giro politiko nahasiari buruzko kontuek, mende urrun batekoak edo, neureak izatekotan ere, beste bizialdi batekoak direla.

Horregatik, arraroa egiten zait norbaitek, orain berrogei urteko istorioez ari dela, «orain aurrean balego bezala ikusten dut» edo «atzo gertatu balitz bezala gogora dezaket» edo gisako esaldi borobilen bat esaten duenean. Niri kontrakoa gertatzen zait, orain hogei urteko kontu asko sinestezinak iruditzen zaizkidalako.

Adinarekin denbora azkartu egiten da, bizitzari bukatzeko presari sartu balitzaio bezala. Baina, hala ere, badakit hemendik hamar urtera covida eta AstraZeneka, Euskaltel eta MasMovil edo Urkullu eta konpainia gauza urrunak, irrealak egingo zaizkidala. AHTk bakarrik jarraituko du aktualitate izaten. Gure tren hori izango da askoren biografian bizialdiak josiko dituen lotura bakarra. •